Albistea entzun

Greba orokorraren deialdia lan erreformaren epeen mende dago

ELA eta LAB lanuzte orokor bat noiz egin negoziatzen ari dira, baina lan eta pentsioen erreformen agendak baldintzatuko dute eguna. LABek abenduan egin nahiko luke, Madrilen zain egon gabe
Bi langile 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorra iragartzen duen kartel bat jartzen.
Bi langile 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorra iragartzen duen kartel bat jartzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2021eko irailak 24

Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitzeko negoziazio betean dira sindikatu abertzaleak egunotan. ELAk eta LABek urtea amaitu aurretik egin nahiko lukete protesta hori, abendurako seguruenera, baina eguna zehaztea oso zaila gertatzen ari zaie, batik bat sindikatu bakoitzak bere analisia egiten duelako aparteko mobilizazio horri buruz, hain zuzen egungo agertokian grebak nola eta zertarako azaldu behar duenari buruz, eta aldagai hori epeak baldintzatzen ari da.

Gainera, ELAk azaroaren 24an eta 25ean egingo du bere kongresu nagusia, non Mitxel Lakuntza idazkari nagusi izendatuko duten berriro beste agintaldi baterako. Sindikatu biek greba orokorrera deitzeko borondate argia dute, pandemiaren ostean atzera begiratu, eta aurrera egiteko ezarriko diren oinarrien fase garrantzitsu bat abiatzen ari delako; besteak beste, lan eta pentsioen erreformak erabakiko dituzte. Baina egutegia arazo handi bat bilakatu zaie ELAri eta LABi; hain handia, ezen gaur-gaurkoz ezin baita baztertu azkenerako deialdi hori ez egitea 2021. urtearen barruan.

BERRIAren iturrien arabera, Espainiako Kongresuan erabakiko diren lan eta pentsio erreformetan eragin nahi du ELAk greba orokorrarekin, erreforma horiek baldintzatzeko inoizko aukera onena ikusten duelako. Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak badaki EAJren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen botoak beharko direla euskal langileei eta pentsiodunei eragingo dieten erreforma horiek onartzeko, eta araudi berriak bozkatu aurreko egunetan egin nahi du protesta handia, alderdi horiek estu hartzeko. «Grebaren eguna tentuz aukeratu behar dugu», ohartarazi du Lakuntzak uda honetan.

LABek, ordea, ez du itxaron nahi. Madrilen gerta daitekeena grebarekin bat egiteko akuilu garrantzitsua gerta daitekeela onartuta ere, uste du protestari oinarri subiranistagoa eman behar zaiola, eta «Euskal Herritik Euskal Herrirako greba bat» egitea proposatu du. Begi bat Madrili begira edukita ere, protestaren funtsa etxean dagoela sinetsita dago LAB. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak berak azaldu du «erasora» egindako protesta nahi duela, pandemiaren ostean beste agertoki bat zabaltzen ari dela oso kontuan hartuta; hau da, LABek ez du ulertzen greba orokorra Madrildik etor daitekeenaren aurrean erreakzio mugimendu gisa, alegia, greba defentsibo gisa.

Erreibindikazio zehatzak

Baina greba orokor baten deialdia egiteko gehiengo sindikalaren adostasuna behar da, eta ELA ez dago prest greba orokor bat antolatzeko, ez bada erreibindikazio zehatzekin eta argiekin, eta proiektu zehatzetan eragiteko. Badaki Espainiako Gobernuaren esku dauden erreformen epeak ez dituela ezagutzen, baina balizko lanuzte orokor baten deialdia agenda horren mende kokatu du.

Espainiako Lan ministro Yolanda Diezek sarritan esan du urtea amaitu aurretik egon behar duela lan erreformak Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratuta: «Kongresuan esan dut, eta, beteko ez balitz, jakingo nuke zer egin»; bere kargua jokoan jarri du Unidas Podemoseko ministro izarrak. Besteak beste, Europako Batzordearekin hartutako konpromiso bat da lan erreforma, pentsioena bezala, eta, hortaz, abendua gerta daiteke euskal langileak kalera deitzeko hilabete egokia, protesta handia lege berrien prozesuekin batera egin nahi bada. Kontua da lan erreformaren negoziazio mahaia abiatu besterik ez dela egin, eta, oraindik, zaila dela aurreikustea erreformaren tramitazioa noiz izango den Espainiako Gorteetan. Baina ELAk garbi dauka tramitazio epe horiei begira egin nahi duela deialdia, lanuzteak ondorio zehatzak izan ditzan.

Dena den, lege berriei dagokienez, bozkatzeko proposatzen diren edukiak aztertu beharko dituzte sindikatuek, jakiteko zer aldatuko den, eta zein neurritakoak izango diren langileei eta pentsiodunei datozkien kalteak eta onurak. Alegia, zalantzak ez dira gutxi deialdi baten eguna erabakitzen hasita, kontuan hartzen bada Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiak estu hartu nahi dituela ELAk, baina aurretik lege aldaketa horiek aztertu beharko dituela. Hasieran zubi luze bat eta bukaeran Gabonak dituela, abenduak behar bezainbeste egun izango al ditu greba orokor bat hartzeko?

Denbora agortzen hasi da

Beste galdera garrantzitsu bat da denbora nahikoa geratuko ote zaien sindikatuei greba orokor batek behar duen azalpen ziklo bat gauzatzeko, hau da, behar bezalako girotzea egiteko, eta protestarekin bat egingo luketen beste sindikatu eta eragile sozialekin batera deialdia egituratzeko. Esaterako, pentsioen erreforma tartean egonda, pentsiodunen mugimenduek zein jarrera hartuko duten erabakitzeko denbora beharko dute. Azken greba orokorrean, 2020ko urtarrilaren 30ean, rol garrantzitsua jokatu zuten. Pandemia lehertu baino aste batzuk lehenago egindako greba hartara Eskubide Sozialen Gutunak deitu zuen, eta, orain ere, hark egingo luke deialdi ofiziala, seguruenera.

Baina urria ate joka dago, eta greba abendurako deitzeko, betiere Espainiako erreforma handien agendarekin batera, denbora agortzen ari da deialdia garaiz egiteko; horregatik, ELAren eta LABen arteko negoziazioak asko azkartu beharko luke egun gutxian, lehen-lehenik erreibindikazio taulari dagokionez. Taula horrek zerrenda bat jaso beharko luke gai litzatekeena sindikatu bakoitzari tarte nahikoa eskaintzeko protestaren bere analisia gizarteratzeko. Hori lortuz gero, grebaren eguna erabakitzea errazagoa litzateke, eta, egutegi malkartsua kontuan hartuz, ELAren Kongresuaren ondoren beharko luke, hau da, azaroaren amaieratik abenduko zubi luzera doan tarte horretan. Urrian sartu arren, sindikatuek deialdia egin gabe jarraitzen badute, greba orokorra 2021. urtean egiteko aukera gutxi leudeke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bi erosle supermerkatu batean, Buenos Airesen. ©JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE

Schroedingerren prezioak

Julen Otaegi Leonet

Inflazioa %10 ingurura iritsiko da ekainean. Bueltan da inflazio kamuflatua supermerkatuetako apaletan. Prezioak igotzeko beste modu bat da, etiketek bere hartan irauten badute ere.
Indra enpresaren egoitza, Alcobendas hirian. ©LUIS MILLAN / EFE
Auto elektriko bat kargatzen, Madrilgo kontzesionario batean, artxiboko irudi batean. ©JAVIER LIZON/ EFE

Auto berrien matrikulazioa %14,1 murriztu da urtearen lehen erdian Hegoaldean

Iker Aranburu

Inflazio handiak eta autoen eskasiak eragin dute murrizketa, sektorearen arabera. Diesel autoen salmenta txikitu da gehien, eta haien kuota %13,9ra jaitsi da
Auto elektrikoen merkatu kuota %10era iritsi da Europako Batasunean

Auto elektrikoen merkatu kuota %10era iritsi da Europako Batasunean

I. Aranburu

Iaz baino %53,4 gehiago saldu dira urteko lehen hiruhilekoan. EBk 2035ean debekatuko du errekuntza auto berrien salmenta

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...