Akordioa lortuta, isuna ezarri diete AHTaren aurkako lau ekintzaileei

Auzipetuek 543na euroko isuna ordaindu beharko dute 2010eko uztailean Itsasondoko meategietan bost eguneko itxialdia egiteagatik. Donostiako Epaitegiaren aurrean elkarretaratze bat egin dute

Atzo goizean dozenaka lagunek elkarretaratzea egin zuten epaitegi aurrean, AHTaren aurkako auzipetuei elkartasuna adierazteko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
2010ean AHTaren obren kontra Itsasondoko (Gipuzkoa) meategi batean itxi ziren lau ekintzaile epaitu zituzten atzo Donostian. Orduko protestagatik urte eta erdiko espetxe zigorra eta 60.000 euroko isuna eskatuak zituzten fiskalak eta akusazio partikularrak. Epaiketa 10:45 aldera hasi zen, baina azkar bukatu zen, aldeek aurrez akordio bat lortu zutelako. Ondorioz, ekintzaile bakoitzak 543 euroko isuna ordaindu beharko du, sei hilabeteren buruan; hau da, egunean hiru euro bakoitzak. «Gustatuko litzaiguke auzitegietan egotea datozen belaunaldiei elikadura burujabetza ukatzen dietenak, eta bizitzaren oinarriak, lurra eta ura, suntsitzen ari direnak», salatu du Beatriz Arana auzipetuak.

Euskal Trenbideen Sareak (ETS) akusazio partikular gisa zegoen auzian, baina atzera egin zuen, beraz, fiskaltzarekin negoziatu zuen defentsak. Ekintzaileen abokatuetako batek, Garbiñe Gomezek, adierazi zuen zigorraren epaia akordioan kontuan izan zutela protesta egin zenetik zortzi urte igaro direla. Hortaz, hertsatze delitua egotzi diete, baina zigor txikiena ezarri diete; hau da, hiru hilabeteko espetxe eskaeraren ordez, sei hilabetetan zehar isun bat ordaindu behar izatea.

2010eko uztailean bost egunezsartu ziren lau ekintzaileak Itsasondoko bi meatzetan, AHTaren obren «arduragabekeria» salatzeko eta lanak atzeratzeko asmoz, baina ez zen aurreikusitakoa bete; izan ere, barruan zirelarik bi leherketa egin zituzten langileek. Kanpoan herritar talde batek ohartarazi zion obren arduradunari lanak geldiarazi behar zituela, aurrera jarraituz gero ekintzaileak arriskuan jarriko zituztelako. Hark, ordea, erantzukizuna barruan zeudenen gain jarri eta aurrera egitea erabaki zuen. Herritarrek Tolosako auzitegietan salaketa jarri ostean, lanak gelditu zituzten, eta orduan joan zen Ertzaintza ekintzaileak meategietatik ateratzera.

Hain justu, erabakitzeke geratu da auzipetuek erantzukizun zibilagatik zenbat ordaindu beharko duten. Eusko Jaurlaritzak frogak aurkeztu beharko ditu erreskate lanen kostua zehazteko; gehienez ere, 11.000 euro eskatu ahal izango diete ekintzaileei. Sententziaren exekuzio aldian erabakiko da zenbatekoa izango den isuna.

Egindakoa egina dago

AHT Gelditu Elkarlanak deituta, dozenaka lagunek parte hartu zuten atzo epaitegien aurrean egin zen bilkuran. Plataformako kide Mila Elorzak adierazi zuen obrak «geldiarazi behar» direla: «Ez du zentzurik lanekin jarraitzeak, Europako Kontu Auzitegiak erakutsitako txostenaren arabera». Adibide gisa, Lemoizko (Bizkaia) zentral nuklearra izan behar zenaren kasua jarri du: «Lemoizek ez du inolako tripako minik zentrala gelditu zelako, eta AHTarekin ere berdina gertatzen da». Diru hori beste gauza askotarako erabil daitekeela erantsi zuen: «Inork nahi eta behar ez dituen proiektuak egiten gastatzen ari dira dirua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.