Etxebizitza hutsak zigortzea ontzat jo du Konstituzionalak

EAEko Etxebizitza Legearen puntu gehienak onetsi ditu. Babesgabe dauden pertsonen etxegabetzeetan, administrazioak ezin izango du etxea desjabetu

Hiriburuetan dago alokairu eskaririk handiena. Irudian, Bilboko San Frantzisko auzoa. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioek hainbat tresna baliatu ahal izango dituzte, hutsik dauden etxebizitzek funtzio soziala berreskura dezaten, udalerri bakoitzean dagoen premiaren arabera: kanon bat jarri, alokatzera behartu, desjabetu... Aukera horiek guztiak jaso zituen EAEko Etxebizitza Legeak, 2015. urtean, baina Eusko Jaurlaritzak eta udalek ezin izan dituzte gauzatu, Espainiako Gobernuak legea salatu zuelako Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren aurrean. Bada, Konstituzionalak balekotzat jo berri ditu horiek guztiak.

Iñaki Arriola Etxebizitza, Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburuak «positibotzat» jo zuen albistea, atzo, gobernu bileraren ostean egindako agerraldian. «Legea aplikatu ahal izango dugu oinarrizko alderdi guztietan». Neurri horiek hutsik dauden etxebizitzen egoerari hobeto heltzeko aukera emango dutela gaineratu du sailburuak, eta, horrekin batera, alokairuen prezioetan eragin. Hain zuzen ere, legearen tresna guztiek alokairuaren eskaintza handitzen lagun dezaketela azaldu du. Etxebizitzaren funtzio soziala kontuan hartuta, jabeak «behartzeko bideak» behar direla gaineratu du. «Jendea libre da etxea hutsik izateko, baina horrek ondorioak izan ditzake legearen ikuspuntutik: kanona...».

Konstituzionalak ontzat jo dituen tresnen baliagarritasuna azpimarratu arren, Arriolak zenbaitetan errepikatu du EAEko Etxebizitza Legeak jabeei «berme handia» ematen diela. Batetik, hutsik dagoen etxebizitza definitzean hainbat salbuespen xehatu dituzte. Bestetik, udalerriek edota administrazioek argudiatu beharko dute «etxebizitza premia» dagoela, legeak ahalbidetzen dituen tresnak baliatzeko.

Arriolak argitu du egun ez dagoela etxebizitza hutsen erroldarik: legea Konstituzionalean egoteak horren garapena baldintzatu du. «Espero dugu denbora gutxi barru legea garatzeko araudiaren lehen zirriborroa izatea, hori tramitatzen hasteko». Bitartean, udalek edota Eusko Jaurlaritzak hutsik dauden etxebizitzen errolda egiteko prozesuan aurrera egin beharko dute: zehaztu zein etxek betetzen dituzten baldintzak, jabeen iritzia jaso... «EAEko Etxebizitzaren Behatokiak etxe hutsen datuak ditu, baina aztertu beharko dugu horietatik zenbatetan betetzen diren legean zehaztutako baldintzak».

Gaur egun, etxebizitza behar nagusia «hiri handietan» dago. Hala hausnartu du sailburuak. Edonola ere, kasu batetik bestera aldeak daudela zehaztu du. Hori dela eta, tokian tokiko egoerak aztertu beharko direla gaineratu du Arriolak.

Baliogabetutako artikuluak

Etxebizitza hutsen definizioa eta horien aurka ekiteko neurriak ontzat jo arren, Konstituzionalak baliogabetu egin ditu EAEko Etxebizitza Legearen hainbat artikulu. Horien artean adierazgarriena hipoteka edo errenta ez ordaintzeagatik eginiko etxegabetzeei dagokie. Lege testuaren arabera, kaleratutako pertsonak «gizarte larrialdiko egoera berezian» zeuden kasuetan, administrazioak etxebizitza desjabetzeko neurria har zezakeen: kutxa edo bankuei, zein gizabanakoei. Ordea, Konstituzionalak baliogabe utzi du aukera hori, Nafarroako eta Andaluziako (Espainia) araudietan egin zuen bezala.

Horrez gain, Konstituzionalak etxebizitzarako eskubide subjektiboa eskatzeko modua zehazten duen artikuluetako bat ere aldatu du. Sailburuak garrantzia kendu dio horri: nabarmendu duenez, legeak xehatutakoaren arabera eskubidea duten pertsona guztiei bermatu egingo zaie, eta gaineratu du eskubide hori galdegiteko modua izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.