Koronabirusa. Eragina ekonomian

Euskal ekonomiak martxoan islatuko du birusaren arrastoa

Otsaileko datuek ez dute «kalte berezirik» erakutsi. Txinako zerbitzuak atzeraldian sartu dira hamalau urteren ostean. Munduko Bankuak 10.750 milioi euroko funtsa prestatuko du

Behargin bat ekoizpen makina bat gainbegiratzen Vicrila enpresan, Leioan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
xabier martin
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Koronabirusaren ekaitza ez da iritsi oraindik euskal erakusle makroekonomikoetara. Otsaileko datu orokorrak ez dira islatzen ari «kalte berezirik», Eusko Jaurlaritzaren arabera. Baina ekaitza badator. Martxorako espero du gobernuak, eta orduan ikusiko da zenbatekoa den COVID-19ak euskal ekonomiari kalte egiteko duen gaitasuna. Birusa jarduera ekonomikoa erabat baldintzatzen ari da Txinan ez ezik, munduko beste eremu batzuetan ere, eta Jaurlaritzak uste du «emariaren ahultzeak» iritsiko direla laster, Txinako jardueraren etenek eraginda; «aldagai ekonomikoek» islatuko dituzte martxorako, euskal enpresek Txinarekin eta Alemaniarekin duten lotura zuzena dela eta. Ezin da bestela izan, «Asiako erraldoiak produktu askoren balio kateetan duen parte hartzea kontuan hartuta».

Gasteizko gobernuaren mezua nazioarteko erakunde ekonomikoek helarazitakoarekin lerrokatu da. NDF Nazioarteko Diru Funtsak esan du munduko ekonomia hamarren bat edo bi gutxiago haziko dela aurreikusitakoa baino, betiere COVID-19 matxinoa mendean hartzen badute hilabete gutxian. Iraupena da, hain zuzen, ekonomiaz arduratzen direnen kezka nagusia, hots, birusaren krisiak zenbat iraungo duen; erakundeek konfiantza baitute soluzio mediko bat topatu ondorengo agertokian ekonomiak hartuko duen noranzkoarekin. Hau da, aurreikusi dute soluzio mediko batek soluzio ekonomikoa ekarriko duela.

Lakuak, berriz, garbi esan du «koronabirusaren psikosia» ez dela iritsi enpresa arduradunek erantzuten dituzten inkesta nagusietara, eta egia horrek eurogune osoarentzat balio du, PMI indizeei jarraikiz: ilbeltzetik otsailera apenas izan duten aldaketarik, ez zerbitzuetan, ez industria alorrean. Hala ere, S&P kalifikazio agentziak ez du baztertu euroguneko BPGaren uzkurtze bat urteko lehen hiruhilekoan. Italian dituzten hainbat aurreikuspen ikusita, ez litzateke harritzekoa izango: 32 milioi turista gutxiago espero dituzte martxotik maiatza bukatu artean, 7.400 milioi euroren galerak.

Nolanahi ere, Txinan hasi zen hau guztia, eta Txinan eragin du kalte ekonomikorik handiena. COVID-19a ekonomian zer-nolako triskantza egiten ari den jakiteko datuak iristen hasi dira jada, eta oso kezkagarriak dira. Hamalau urtean lehen aldiz, atzeraldian sartu da Txinako zerbitzuen sektorea. Jarduera hori neurtzen duen IPM indizea gain behera joan da otsailean. Barne eskariak behera egin du nabarmen, eta nazioartetik iritsitako eskaria ere apaldu da.

Jardueraren ahultze handi horrek isla izan du enpleguan ere, eta kontratazioaren apaltze handiena izan da 2005. urtetik. Gainera, langileen joan-etorrien debekuak atzerapen handiak eragin ditu ekoizpen prozesuan dauden eskaeretan. Eta zerbitzuen jaitsiera nabarmen hori industriak nozitu duen gainbeherari gehitu zaio. 51,1 puntutik 40,3ra igaro da manufakturen IPM indizea; inoizko markarik apalena da Pekinek datuak jasotzen dituenetik. Hala, jarduera guztiak kontuan hartzen duen indizeak, Txinako enpresen jarduera neurtzen duenak, ez du izan marka ahulagorik 2005eko azarotik.

Munduko Bankuaren dirua

Txinak eskaini du birus kutsakorrak ekonomia higatzeko duen indarraren lehen argazki bat, eta munduko gobernuak eta nazioarteko erakunde ekonomikoak hasi dira neurri bereziak hartzen datorrenari aurre egiteko. AEBetako Erreserba Federalak interes tasak puntu erdi bat jaitsi ditu, %1-%1,25era. Banku zentralen artean lehena izan da erantzuten. Koronabirusak AEBetako jarduera ekonomikoa eten dezakeela onartu du Fedek.

Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak, berriz, iragarri dute koronabirusak ekonomia globalari eragingo dion kalteari erantzuteko neurriak hartuko dituztela, eta Munduko Bankuak kopuru batekin zehaztu du laguntza hori. 10.750 milioi euroko funts bat prestatuko du egoera orekatzen saiatzeko. «Erantzun azkar eta malgu bat emateko lanean ari gara», esan zuen David Malpass presidenteak, atzo; «garabidean diren herrialdeen beharretan oinarrituko da laguntza hori». Malpassek «laguntza teknikoa» aipatu zuen, eta «urgentziazko finantzaketa neurrien aholkularitza» ere bai.

Apirilaren 17 eta 19 artean batzartuko dira MB eta NDF jokaleku berria aztertzeko, baina bilera hori ez da fisikoa izango, telematikoa baizik. COVID-19 birus kutsakorraren oldarraldia dela eta, euskarri hori seguruagoa dela esan dute.

Hazkunde aurreikuspenak aldaraziko dituen gonbidatu ezatsegina ondorioak izaten ari da petrolioaren salneurrian ere. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eskaintza berriro murriztea aztertuko du gaur. Brent upela 50 dolarren langa inguruan dabil, jaitsiera nabarmenak eduki eta gero. Birusa energiaren eskaeran izaten ari den eragina izango dute hizpide kideek. Hamar urteren ostean, eskaera jaitsi egingo da lehen hiruhilekoan, Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.