Koronabirusa

Konfinamendua «lurraldeka» arinduko dutela dio Sanchezek

Kongresuak onartu du alarma egoera maiatzaren 10era arte luzatzea. EAJk ohartarazi du ez duela babestuko beste luzapen bat, eta EH Bilduk eskumenak urratu direla kritikatu du

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, atzo, larrialdi egoera luzatzeari buruzko azalpenak ematen, Kongresuan. J.J. GUILLEN / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Atzo, Espainiako Kongresuak oniritzia eman zion, ofizialki, alarma egoera maiatzaren 10era arte luzatzeari. Horrela, larrialdi egoera hirugarren aldiz luzatuko du Espainiako Gobernuak, alderdi gehienen sostenguarekin. Erabakiari babesa agertu zioten PPk, Ciudadanosek, PSOEk, Unidas Podemosek, EAJk, Mas Paisek, Compromisek, CCk, UPNk, Foro Asturiasek, PRCk eta Teruel Existek; abstentzioaren alde egin zuten EH Bilduk, ERCk eta BNGk; eta Voxek, Junts per Catalunyak eta CUPek, berriz, kontra bozkatu zuten.

Alarma egoeraren luzapena amaitutakoan hasiko da hurrengo «fasea», Pedro Sanchez gobernuburuak atzo jakinarazi zuenez. « Deseskalatzea» izango da aro berri hori. Sanchezen hitzetan, konfinamendua arintzeko prozesua «motela» izango da eta«mailaka» egingo dute. Espainiako gobernuburuak aurrez iragarria zuen «deseskalatzea asimetrikoa» izango dela, hau da, ez dela modu berean egingo Espainiako Estatuaren menpeko lurralde guztietan, eta atzo berretsi egin zuen ideia hori: «lurraldeka» egingo da, eta lurralde bakoitzean pandemiak duen egoeraren arabera «aurrepausoak» edo «atzerapausoak» emango dira. Tokian tokiko egoera aztertzeko eta konfinamendua arintzeko neurriak abiatze aldera, erkidego bakoitzarekin elkarrizketa mahaiak eratu nahi dituela iragarri zuen Sanchezek.

Espainiako Gobernuko presidentea fase berri batez aritu zen atzo , baina, «zuhurtzia» ere eskatu zuen, argi utzita ez duela «hutsegiterik» nahi eta ez duela inolako «arriskurik» hartuko. Hala, ziurtatu zuen une oro jarraituko diela Munduko Osasun Erakundeak etapa berrirako ezarritako irizpideei. Nolanahi ere, baikor antzean mintzatu zen, «lehen aldiz» pandemiaren bilakaeran «aurreikuspen onak» daudela aitortuta. Ildo horretan, «normaltasun berrira itzultzeko» egutegia jartzera ausartu zen, eta maiatzaren bigarren hamabostaldirako jarri zuen data. Itxialdia arintzeko neurri berriak martxan jarriko lirateke orduan, baina Sanchezek argi utzi zuen urrats horiek ez direla berberak izango toki guztietan. Konfinamenduaren baldintzak nola arinduko diren ez zuen zehaztu, baina, atzo esandakoaren arabera, agindu eta jarraibideak ezberdinak izango dira erkidegoen arabera.

EAJ eta EH Bildu, kritiko

Atzoko saioa haurren konfinamendua arintzeko neurrien inguruan bezperan izandako zalapartak baldintzatuta egin zen. Hain justu, alarma egoera luzatzeko dekretuan umeen itxialdia arintzeko neurriak jasotzen dituen klausula bat ere jaso zuen gobernuak, eta, horren arabera, igande honetatik aurrera umeek aukera izango dute ibilaldi laburrak egiteko. «Gobernu honek entzun egiten du». Sanchezek hitz horiekin justifikatu zuen haurrak etxetik ateratzearen inguruan azken orduan izandako irizpide aldaketa. Haren hitzetan, gobernuak «zuhurregi» jokatu zuen haurren neurriak ezarrita, baina, «gogoeta» egin ondotik, umeek «kontrolpeko paseoak» eman ahal izango dituzte laster.

Haurren itxialdiarekin izandako irizpide aldaketa dela-eta, «inprobisatzea» aurpegiratu zion Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak, etapandemiaren kudeaketari kritika gogorrak egin zizkion. Birusaren bilakaerari buruzko informazio nahikorik ez ematea, eta erabakiak «presaka» hartzea eta«zuzendu» behar izatea egotzi zion gobernuari. Hala, atzo EAJk larrialdi egoeraren luzapenaren aldeko botoa eman bazuen ere, hurrengo luzapen bat ez duela babestuko ohartarazi zion Sanchezi. «Gobernuak ez badio Jaurlaritzari ematen konfinamendutik ateratzeko neurrien eskume- na, ez du izango geure aldeko botorik 15 egun barru larrialdi egoera luzatu nahi badu».

EH Bilduk, berriz, abstentzioaren alde egin zuen, jarrera kritikoari eutsita. «Gehiago egin daiteke eta egin behar da», ohartarazi zion Mertxe Aizpurua eledunak Sanchezi. Haren ustez, erkidegoen eskumenak urratzen ditu larrialdi egoeraren dekretuak, eta «gabeziak» ditu gizarte eta lan esparruetan. Iragarri zuenparte hartuko dutela Kongresuak abiatuko duen mahaian, betiere harremanak «berdinetik berdinera» baldin badira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.