Guardia Zibilak hiru lagun atxilotu ditu, lehergaiak edukitzea leporatuta

Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz preso ohiak eta Imanol Jaio iheslari ohia dira atxiloturikoak. Ertzaintzak iaz atzemandako «zulo» batekin lotu dituzte hirurak

Atxiloketak salatzeko egindako protesta, atzo, Zarautzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
«Helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea» leporatuta, hiru lagun atxilotu zituen atzo Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko bigarren aretoko Ismael Moreno epaileak aginduta. Ekhiñe Eizagirre zarauztarra (Gipuzkoa), Kepa Arkauz arrasatearra (Gipuzkoa) eta Imanol Jaio abadiñarra (Bizkaia) dira atxilotuak: Frantziako Estatuan lau urtez preso egonak dira lehen biak, eta Jaio iheslari ohia da —Lapurdin bizi da gaur egun, baina Irunen atzeman zuten (Gipuzkoa)—.

Atzo goizean atxilotu zituzten hirurak, eta Eizagirre eta Arkauzen etxeak ere miatu zituen Guardia Zibilak, Zarautzen eta Arrasaten. Herritarren protesten artean eraman zuten Eizagirre. Hainbat iturriren arabera, inkomunikaziorik ez diete ezarri atxilotuei, eta Madrilgo Tres Cantosko polizia etxera eramanen dituzte, gero Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinetik igarotzeko.

Ertzaintzak 2019an atzemandako lehergai batzuekin lotu dituzte atxilotuak. Arraia-Maeztun (Araba) atzeman zuen Ertzaintzak iaz «zuloa», eta Poliziak ondorioztatu zuen aurkitu zuten mementoan hamar urte baino gehiago izanen zituela. Lehergaiz beteriko bi bidoi atzeman zituzten: bertzeak bertze, amonio nitratoa, amonala, detonagailuak, tenporizadoreak eta baskula bat zituzten bidoiek barnean, eta ETAren anagrama bat. Lehergaiak edukitzeaz gain, ETAko kide izatea ere egotzi diote Jaiori—ez da aurrez preso egona—.

Eizagirre eta Arkauz 2013an atxilotu zituzten, eta Frantziako Estatuko espetxeetan bete zituzten kondenak: 2017an utzi zituzten libre. Eizagirre Espainiaratu egin zuten askatu aurretik, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak berak baldintzapean aske uztea deliberatu zuen gero. Jaio iheslaria izandakoa da, baina 2017an itzuli zen Hego Euskal Herrira.

Sarek eta EH Baik deituta, protestak egin zituzten atzo atxilotuen herrietan: Ziburun (Lapurdi) 19:00etan egin zuten elkarretaratzea, eta Zarautzen, Arrasaten eta Abadiñon 19:30ean egin zituzten mobilizazioak.

«Garaiz eta lekuz kanpo»

EH Bilduk eta EH Baik atxiloketak salatu zituzten atzo, eta ohartarazi zuten «garaiz eta lekuz kanpo» daudela halako gertaerak. Koalizio independentisten ustez, atxiloketek ez dute Euskal Herrian «bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen». Gogoratu zuten hamar urte igaro direla «ETA erakundeak indarkeria erabiltzeari uko egin zionetik» eta bertze ia bi urte «ETA desagertu zenetik». EH Bilduren eta EH Bairen ustez, eta «testuinguru politikoari» erreparatuta, «estatu sakonak» eta «Espainiako Estatuko aparatuek» eztabaida politikoa «baldintzatu» eta «bizikidetzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea eragotzi» nahi dute atxiloketekin.

Sare mugimenduak ere atxiloketak salatu zituen atzo, eta adierazi zuen «iraganari loturiko gertakari bat» izan dela, «sufrimendua sortu eta mendekatzea baino helburu ez duena». Atxiloketak «onartezinak» direla adierazi zuen Sarek, eta «atzerapausoa» dakartela: «Erabaki honek iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du, eta azken urteetan euskal jendarteak, hala nola euskal instituzio, eragile, sindikatu eta alderdi politikoek adierazitako konponbide nahia zapuztera dator; auzi honi aterabidea emateko ordua da, ez korapilo berriak sortu eta sufrimendua areagotzekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.