Koronabirusa

Birusaren Erresuma Batuko aldaera ugaritzen ari dela eta, kezka azaldu du Sagarduik

Osasun sailburuak esan du kutsatzeen igoeran «moteltze» bat atzemateko zantzuak badira ere «zuhur» jokatu behar dela. Erietxeetan «presioa» gora doa

Osasun sailburu Gotzone Sagardui atzoko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
arantxa iraola
2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Datuberria eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu GotzoneSagarduik atzo: Erresuma Batuan zabaldutako COVID-19aren birusaren aldaeraren 109 kasu atzeman ditu jada Osakidetzak. Igoera agerikoa da—atzo jakinarazi zituzten datuetan 94 kasu ziren—, eta, hazkunde horri atxikita, kezka dute ea datozen egunotan birusaren «intzidentziaren igoera» egon ote daitekeen. Igaro asteotan kutsatzeetan egon den gorako faseak lehengoan jarraitzen duela adierazi zuen, kutsatze kopuruan «moteltze» bat dagoela esateko zantzuak besterik ez direla sumatzen oraindik ere, eta oso «zuhur» ibili beharko dela, beraz, datozen asteetan. Nafarroako osasun agintariek ere atzemanak dituzte kasuak.

«Zalantza beteko egoera batean gaude», onartu zuen Sagarduik. Birusaren aldaera horren gaineko kezka herrialde askotan dute gaur egun; hainbat adituren arabera, ezaugarri du gainerakoak baino errazago zabaltzen dela, eta uste dute izurriak zenbait tokitan azken asteotan izandako oldarraldiak birus horrekin lotuta daudela. Zientzialariek emana zuten birusaren aldaeren gainean ohartarazpena; ez dute beti izurria larriagotzen, baina doi-doi egin behar da horien jarraipena.

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian hartu zuen atzo hitza Sagarduik.Erietxeetara begira ere, kezkarako motiboak badirela onartu zuen: egunotan batez beste egunero 80 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte COVID-19aren ondorioz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan, horietako hamar, ZIUetan. «Tentsioa» agerikoa dela onartu zuen, eta zenbait erietxetan atzeratu egin behar izan dituztela, egoerari aurre egite aldera, zenbait ebakuntza eta proba: «Larriak ez diren horietako zenbait berriro ere programatzen ari dira». Oro har, premiarik oinarrizkoenak beteta daudela gogoratu zuen, hala ere: «Osakidetzak behar duten guztiei arta ematen jarraituko du». ZIUetako lekuen %44,8 oraindik erabiltzeko eran daudela esan zuen, baina aste gaitzak datozela: «Itxura batean, otsaila hilabete zaila izango da».

«Taldeko immunitatea» lortzeko urratsetan aurrera jarraitzea ezinbestekoa dela gogoratu zuen Sagarduik, eta txertaketa kanpainan horretarako oinarriak jarriko direla. Osakidetzan txertoa jartzeko protokoloen inguruan dudak eta kexak egon dira igaro asteotan, «deskoordinazioak» egon direla onartu zuen lehengo astean Sagarduik Eusko Legebiltzarrean, baina prozesua onbidean doala nabarmendu nahi izan zuen atzo, ororen gainetik, eta aurrerabide horiek erakusteko datu bat eman zuen: «Osakidetzako lau langiletik batek hartu dute dagoeneko txertoa».

Txertoei buruzko datuak

Datu zehatzak eman zituen: 11.616 langileri jarri diete ja txertoaren lehen dosia, langileen %27 dira, eta 169 ja guztiz immunizatuta egoteko bidean daude: txertoaren bi dosiak jasota. Protesta egin dute asteon Bidasoko ESI erakunde sanitario integratuko profesionalek han txertaketa oso motel doala salatzeko, baina prozesuaren lorpenak nabarmentzera egin zuen sailburuak. Kritikak hor dira, ordea; ELA sindikatuak berak atzo salatu zuen, lantaldeen eta ESIen arabera, desorekak daudela txertaketa prozesuan: «Ez dira ari txertaketarako ezarritako ordena errespetatzen». Salatu zuen, halaber, «azpikontratatutako» anbulantzietako langileak prozesuaren lehen faseotan ez txertatzea.

Txertoa lehenetsitako taldeez harago ere zabaltzen hasi, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan taldeko immunitatearen onurak noizko igartzen hasiko diren galdetu zioten Sagarduiri. Prozesuaren eboluzioa astez aste heltzen diren dosien araberakoa izango dela esan zuen, baina txertaketa ahalik eta «azkarrena» eta erarik «eraginkorrenean» egitea helburu dutela. Populazio orokorraren txertaketa erritmoari buruz ere datu zehatzak eman zituen: 45.883 pertsonari jarri diote txertoa, eta horietatik 14.657rija bigarren dosia ere jarri diete. Nafarroako osasun agintariek adierazi dute 8.276 txerto jarri zituztela lehengo astean; aurreko astean egindako txertaketa erritmoarekin alderatuta, %54 handitu da.

Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak adierazi zuen izurriaren datuen jarraipen etenik gabea egiten ari direla, eta horien arabera erabakiko dutela nola jokatu. Oraingoz indarrean daudenak «egokiak» direla esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.