Koronabirusa

Bide orriak, txertoak adina

COVID-19aren aurkako txertaketak erritmo eta ezaugarri ezberdinak ditu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan. Txertoen hornidurak baldintzatuko du sektore gehiagoren immunizazioa

Lehen arretako osasun langile bat Pfizer txertoa hartzen, Zarauzko osasun zentroan (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU.
Edurne Begiristain - Ion Orzaiz - Oihana Teyseyre Koskarat
2021eko otsailaren 12a
00:00
Entzun

COVID-19aren aurkako txertaketa erritmo eta prozedura desberdinekin ari dira egiten Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan. Guztietan ari dira Pfizer eta Moderna botika etxeen txertoekin herritarrak immunizatzen, eta aurki hasiko dira gauza bera egiten AstraZenecaren txertoarekin. Haatik, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Osasun Sailek eta Ipar Euskal Herriko Eskualdeko Osasun Agentziak nork bere lehentasunezko arrisku taldeak eta txertaketa egutegia zehaztu ditu.

Ikusi gehiago: Hiru aldiz azkarrago txertatu behar da aurten immunizatzeko

ARABA, BIZKAIA ETA GIPUZKOA
Bi txertaketa prozesuak, aldi berean

Pfizer eta Moderna: Osakidetzak Pfizer eta Modernaren txertoaren bi dosiak jarri dizkie jada adinekoen egoitzetako egoiliar eta langile ia guztiei, eta, zahar etxeetako txertaketa prozesua aste honetan edo hurrengoan amaitzea aurreikusten du Osasun Sailak. Haiekin batera, lehen lerroan dauden Osakidetzako osasun langileak ere txertatzen ari dira: orain arte 13.432 osasun profesionalek hartu dituzte Pfizer edo Modernaren bi dosiak, eta horietatik 2.958k bigarren dosia ere badute. Haien txertaketa amaituta hasiko dira txertatzen klinika pribatuetako lehen lerroko osasun profesionalak, eta baita hamabost minutu baino gehiago maskara kenduta dauden pazienteak artatu behar dituzten osasun langileak ere: besteak beste, dentistak, logopedak eta foniatrak. Gainera, Pfizerren eta Modernaren txertoak aurki hartuko dituztenen artean daude mendekotasun handia dutenak eta 80 urtetik gorakoak. Osasun Sailak otsailaren amaierarako aurreikusi du talde horiek immunizatzen hastea.

AstraZeneca: Abiatutako txertaketa prozesuan bide paralelo bat zabalduko du orain Osakidetzak, eta Pfizer eta Modernarekin txertatuko diren kolektiboekin batera, 55 urtetik beherako beste talde batzuk hasiko da immunizatzen AstraZenecaren txertoarekin. Botika etxe horren dosiak hartuko dituzten profesionalen zerrenda zehaztuta dauka Osasun Sailak, baina ez zer ordenatan txertatuko dituen. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak herenegun jakinarazi zuenez, lehentasuna izango dute 55 urtetik beherako osasun alorreko profesionalek eta «funtsezko langileek».

Lehen taldean, hauek daude: eguneko zentroetako eta udaletako etxez etxeko zainketarako beharginak, fisioterapeutak, podologoak, farmazialariak, adinekoen etxebizitza komunitarioetako langileak, bai eta hamabost kide baino gutxiagoko erlijio kongregazioetako, adingabeen zentroetako eta espetxeetako langileak ere. Talde horretakoekin amaitzerakoan hasiko dira «funtsezko langileak» txertatzen, eta, besteak beste, hauek daude talde horretan: udaltzainak eta ertzainak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak, supermerkatuetako kutxazainak, garraio publikoetako langileak, ofiziozko abokatuak eta hileta zerbitzuetako profesionalak. Edozein modutan, Segurtasun Sailak jakinarazi du Osasun Sailarekin batera hasiak direla txertaketa protokoloa lantzen, eta datorren astean ekingo diotela ertzainak txertatzeari. Prestakuntza jaso duten Segurtasun Saileko langileek ipiniko dizkiete txertoak ertzainei, polizia etxeetan bertan.

NAFARROA
Osasun langileek eta soziosanitarioek lehentasuna

Zahar etxeetan, kito: Nafarroako Gobernuak aste honetan aurkeztu du COVID-19aren aurkako txertaketarako estrategia izeneko txostena. Horri segika, immunizazio prozesua hiru fasetan garatuko dute herrialdean, une bakoitzean eskuragai egonen den txerto kopuruaren arabera. Hala, lehen fasearen [egungoaren] ezaugarri nagusiak dira «txertoen hornidura mugatua» eta «dosi kopuruen handitze mailakatua». Lehen fase horren barruan, gaur-bihar bukatzekoak dira zahar etxeetako egoiliar eta langileen txertaketa. Lehen lerroko osasun langileei eta mendekotasun handiko gaixoei ere jartzen ari zaizkie txertoa, eta, gobernuaren arabera, bi multzo horietako kideen erdiei jarri diete dosiren bat jadanik —1.000 bat gaixori eta 8.000 langileri—.

Langileak, polizien aurretik: AstraZenecaren txertoak aukera emanen dio Nafarroako Gobernuari txertaketa lerro hori beste sektore batzuen immunizazioarekin uztartzeko. Datozen asteetan, lehen lerrokoak ez diren osasun langileei eta langile soziosanitarioei jarriko diete txerto hori: ospitaleetan eta lehen arretan birusarekin kontaktu txikiagoa duten langileak, odontologoak, psikologoak, fisioterapeutak, praktiketako ikasleak, espetxeetako medikuak... Horien ostean helduko da «lehentasunezko beste sektore batzuen» txanda: larrialdietako zerbitzuak, suhiltzaileak, poliziak, militarrak eta irakasleak aipatzen dituzte bide orrian.

80 urtetik gorakoak: Gobernuak martxoan ekin nahi dio bigarren faseari, 80 urtetik gorako herritarrekin. Ordurako, espero izatekoa da eskuragai izanen direla «txerto mota eta dosi gehiago», eta horri esker bermatu ahal izanen dela «lehentasunezko talde gehiago» immunizatzea eta txertaketa eremu gehiagotara zabaltzea. Hori guztia, baina, unean uneko txerto kopuruak eta bidalketen erritmoak baldintzatuko dute.

Azken fasea «orokortzearena» izanen litzateke: dosiak «nahieran» banatuko lituzkete, eta gizartearen gehiengoa immunizatuko lukete, ustez, udako azken asteetarako edo udazkenerako.

LAPURDI, ZUBEROA ETA NAFARROA BEHEREA
65 eta 75 urte artekoak, txertorik gabe oraingoz

Lehen fasean, adinekoak: Ipar Euskal Herrian txertoa jartzeko irizpideak zehaztu ditu Eskualdeko Osasun Agentziak. Urtarrilean zahar etxeetako egoiliarrei jarri zieten txertoa, lehentasunez: gehienek Pfizer txertoa hartu zuten. Geroztik, txertaketa kanpainaren lehen fasea aktibatu du Frantziako Gobernuak. 75 urtez gorako herritarrek jartzen ahal dute txertoa, urtarrilaren 18tik. Horiez gain, osasun langile guztiei ireki zaie txertaketa. Horien artean, 65 urtez gorakoek Pfizer edo Moderna txertoa har dezakete; 65 urtez beherakoek, berriz, AstraZenecarena. Bestalde, COVID-19aren forma larri bat garatu dezaketen pertsonak biltzen ditu lehen faseak —edozein adinetakoak—: horien artean dira elbarritasunen bat edo eritasun sendaezinen bat dutenak. Suhiltzaileek ere hartu dezakete, osasun langileek bezala. Txertoa hartu dezaketenen artean, 65 urtez beherakoei AstraZenecarena jarriko diete.

Bazterrean direnak: Otsail bukaeratik aitzina, berriz, zaurgarri diren 50 eta 65 urte artekoei AstraZenecaren txertoa jarriko diete. Hala, talde bat «baztertuta» dago, oraingoz: 65 urte eta 75 urte artekoak, ezin baitute AstraZenecaren dosia hartu. Halere, Pfizer eta Modernaren dosi gehiago eskuratzean, horiek izango dute lehentasuna, Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.