Atxilotu egin dute Tuteran hilda aurkitutako emakumearen senarra

Emakumezkoaren hilketarekin zerikusia ote duen argitzeko, gizona atxilotzeko euroagindua eman du epaileak. Bordeletik gertu atzeman du Poliziak. Mobilizazioak egin dituzte Tuteran eta Cortesen

Tuterako herritarrak kalera atera ziren, protesta egiteko. IÑIGO URIZ / FOKU.
jone arruabarrena
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Astelehen goizean, Sara Pina izeneko 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuteran (Nafarroa), Iruñea pasealekuko etxe batean. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak sabelaldean. Emakumearen senarra izan da hasieratik susmagarri nagusia, eta Boisredon herrian (Frantzia) atzeman zuten atzo eguerdian, Bordeletik 65 bat kilometro iparraldera.

Astelehenean abisatu zuten Pina ez zela lantokira agertu, eta familiak ere larunbataz geroztik ez zuela haren berririk. Foruzainak eta suhiltzaileak joan ziren etxebizitzara; indarrez sartu ziren, eta hilik aurkitu zuten emakumezkoa, gela batean. Nafarroako Auzitegi Nagusiak eman du gizona atxilotzeko aginduaren berri, eta, epaileak azaldu duenez, urtarrilaren 8a eta 9a bitartean hil zuten andrea, «bortizkeria handiz».

Ikerketaren hipotesi nagusia da senarrak hil zuela emakumea; 41 urte ditu gizonak. Eskuko telefonoa etxean utzita alde egin zuen, eta hura ere ez zen agertu lanera astelehen goizean. Hortaz, hura bilatzeko agindua eman zuen epaileak, eta atzo eguerdian atzeman zuten, Bordeletik 65 bat kilometro iparraldera. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez, auzia daraman epaileak euroagindu bat eman zuen preso har dezaten, hilketa egotzita ikertzeko, eta arratsaldeko laurak baino lehentxoago atxilotu zuten atzo.

Hilketa salatzeko elkarretaratzera deitu zuen arratsalderako Erriberako M8 plataformak. «Sararengatik eta beste guztiengatik! Etor zaitez!», adierazi zuen talde feministak sare sozialetan. 20:00etan batu ziren, Tuterako Foruen plazan.

Gaurko, berriz, Bilbon deitu dute manifestaziora, Erasorik ez erantzunik gabe! lelopean. Arriaga aurrean izango da bilkura, 19:45ean.

Hiru eguneko dolua

Alejandro Toquero Tuterako alkateak jakinarazi du ezohiko batzarra egingo dutela gaur, 09:30ean. Azaldu du berdintasun planeko protokoloari jarraituz egin duela deialdi hori, eta batzarrean aztertuko dutela zer ekintza egin. Cortesko Udalak, berriz, atzo arratsaldean egin zuen ezohiko batzarra —hangoa zen Sara Pina sortzez—, eta 20:00etarako elkarretaratze batera deitu zituen herritarrak. Herriko bandera haga erdira jaitsi dute, eta hiru eguneko dolu ofiziala agindu.

Atzo goizean, bestalde, Nafarroako Parlamentuaren atarian elkarretaratzea egin zuten parlamentariek eta gobernuko kontseilariek ere. Foruzaingoak astelehenean ez zuen zehaztu nahi izan indarkeria matxistako kasu bat izan ote den, ikerketa sekretupean dagoelako, baina, atzoko elkarretaratzearen amaieran, Javier Remirez presidenteorde lehenak adierazi zuen «emakumeen aurkako indarkeria» kasu bat dela hilketa. «Ustezko homizidio bat» izan dela erantsi du. Eguerdi aldera, gizona atxilotu dutela jakin denean, Remirezek eskerrak eman dizkie «bortizkeria matxista kriminalaren aurka lan egiten duten segurtasun indar guztiei».

Atzo egin zioten autopsia, Iruñeko Auzitegi Medikuntzako Institutuan. Tuterako 1. Instrukzio Epaitegiak sekretupean jarri zuenkasua, baina auzitegi bereko bigarren aretoari pasatu zion atzo, hura baita indarkeria matxistako kasuetan espezializatutakoa. Hildako emakumeak ez zuen aurrez tratu txarrekin lotutako salaketarik jarri, beste kasu askotan gertatzen den bezala.

Atxiloketa argitara atera denean hasi dira iristen lehen erreakzioak. CCOO sindikatuak, besteak beste, urtea hasteko «modu iluna» dela adierazi du. «Elkartasuna» azaldu die emakumearen lagun eta familiartekoei, eta elkarretaratzeetara joateko deia egin du. Cortesko Udalak eta Tuterako EH Bilduk ere erasoa gogor gaitzetsi dute sare sozialen bitartez, eta babesa helarazi dieteemakumearen gertukoei.

Indarkeria matxistaren eraginez 2022an Euskal Herrian hil duten lehen emakumea da Sara Pina. Iaz bost hil zituzten, eta 2003. urtetik jada 112 dira eraildako andreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.