«Mendekuan oinarritutako justizia» arbuiatu du Sarek Bilboko manifestazioan

Konpartsekin batera, mobilizazioa egin dute Bilboko Aste Nagusian. Sarek «ez erlaxatzeko» deia egin du: «Oraindik bide luzea gelditzen zaigu egiteko»

Konpartsetako kideak, atzo, Bilbon, manifestazioaren buruan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Aste Nagusi guztietan bezala, manifestazioa egin dute Sarek eta Konpartsen Koordinakundeak Bilbon, Etxera bidea gertu lelopean. Manifestazioaren amaieran, Sareko eledun Bego Atxak eta Joseba Azkarragak deitoratu egin dute Espainiako zenbait epaile eta fiskalek daukaten jarrera euskal presoen gradu progresioaren eta espetxeko baimenen inguruan, eta «mendekuan oinarritutako justizia» ezarri nahi izatea leporatu diete. «Epaileek eta fiskalek eskubidea dute ideologia propioa izateko», azaldu dute, «baina ez dute eskubiderik ideologia hori euskal presoen oinarrizko eskubideei eragiten dieten erabaki judizialetan aplikatzeko».

Azkarragak esan duenez, «ez da onargarria «500 kilometrora dauden epaileek eta fiskalek euskal gizartearen gehiengoaren borondatea mespretxatzea». Bereziki, Espainiako Auzitegi Nazionalean «gotortuta» daudenak kritikatu ditu, «inolako justifikaziorik gabe espetxe politika arrunta aplikatzea oztopatzen eta eragozten ari direlako».

«Gatazkan eta mendekuan ainguratuta» egotea eta «euskal gizarteak sentitzen duenaren kontra» jotzea egotzi die Azkarragak presoen gradu aldaketak eta baldintzapeko askatasuna oztopatzen dituzten epaile eta fiskalei.

Horri kontrakarrean, biktimen jarrera balioetsi dute Azkarragak eta Atxak. Esan dutenez, gero eta gehiago dira «ahots propioz» mintzatzen diren indarkeriaren biktimak eta «askatasunik gabe dauden pertsonen eskubideak ez urratzeko» eskatzen dutenak.

Gizartearen mobilizazioa

Egoera asko aldatu da Bilboko Aste Nagusiko azken manifestazioa egin zenetik, eta hori, Atxak esan duenez, gizartearen mobilizazioari eta arlo politiko, sindikal eta instituzionalean akordioak egiteko gaitasunari esker lortu da: «Honaino iristen jakin badugu, horretarako gai izan bagara, argi dago gauza gehiago egin ditzakegula».

Hala ere, «ez erlaxatzeko» deia egin dute: «Oraindik bide luzea gelditzen zaigu». Gogorarazi dute preso asko Euskal Herriko kartzeletara ekarri dituztela, baina oraindik 47 preso gelditzen direla Daroca, Zuera, Madril, Villabona eta Espainiako beste zenbait kartzelatan, eta horiek ere Euskal Herrian egoteko eskubidea dutela.

Sareren iritziz, ez da onargarria oraindik egoera horri eustea ETAk jarduera armatua amaitu zuenetik 11 urte pasatu diren honetan eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek urruntzea amaitzeko konpromisoa adierazi zuenetik lau urte baino gehiago igaro ostean.

Manifestazioa hasi aurretik egindako adierazpenetan, Azkarragak esan du presoen auzia «bide onetik» doala, eta hori gertatu dela «politika, elkarrizketa eta akordioak» uztartu direlako gizartearen mobilizazioarekin: «Gaurko [atzoko] manifestazioa horren adibide izan daiteke. Ideologia askotariko pertsonak bilduko gara, desberdin pentsatzen dugunok baina ados gaudenok ideia horretan».

Ontzat jo du uda honetan eta festen abaroan hiriburuetan egindako manifestazio sorta, eta gogorarazi du hurrengo «deialdi garrantzitsua» urriaren 8an izango dela, Donostian egingo den ekitaldiarekin.

Urruntze politikari dagokionez, Azkarragak itxaropena agertu du neurri hori aurten amaituko ote den, baina zehaztu du ez duela «daturik» hori hala izango dela baieztatzeko.

Konpartsak buruan

Manifestazioa Plaza Eliptikotik abiatu da, eta mobilizazioaren buruan konpartsetako kideak joan dira, pankarta handi batekin. Txalo artean hartu dituzte ibilbidea hasi dutenean.

Jaiek eragindako oztopoak direla eta, manifestazioak ez du ohiko ibilbidea egin. Manifestariak Kale Nagusian barna abiatu dira, baina, Foru Aldundiaren egoitzara iritsi direnean, Astarloa kalera jo dute. Colon de Larreategi kaletik joan dira Albia lorategietaraino, eta, Justizia jauregiaren ondotik igaro ostean, Buenos Aires kalera egin dute udaletxerako bidean.

Manifestazio osoan, Euskal presoak Euskal Herrira, Denok batera presoak kalera, Euskal presoak etxera eta antzeko oihuak egin dituzte manifestariek.

Ohi bezala, manifestazioa udaletxearen aurrean bukatu da, baina amaierako ekitaldia, udaletxeko eskaileretatik egin beharrean, horien aurrean paratutako agertokian egin dute.

Ekitaldian, Azkarragak eta Atxak hitz egin aurretik, Igor Elortza bertsolariak bertso batzuk kantatu ditu: «Jaira eta aldarrika gatoz nahasian / ez gaudelako denok Aste Nagusian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.