Zubietako erraustegiak ingurumen legea betetzen duela esan du Tapiak

Datuak «gaizki» interpretatu direla adierazi du sailburuak, eta «alarma soziala piztea» egotzi dio Ekopoli. EP-IUk eta EH Bilduk auzitan jarri dute erraustegiaren funtzionamendua egokia ote den

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailburua, atzo, legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Zubietako erraustegiak «modu egokian» funtzionatzen du, eta ingurumen baimen guztiak betetzen ditu. Instalazioetan irregulartasunak egon direla ukatu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean. Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta egin du agerraldia Ingurumen batzordean; taldeak argibideak eskatu dizkio Zubietako erraustegiaren inguruan GuraSOS plataformak egindako salaketen harira, eta, gai zerrendan ez bazen ere, agerraldia baliatu du Ekopol taldeko kide eta EHUko irakasle Gorka Buenok ondutako azken ikerketan jasotako informazioaz ere galdetzeko.

Tapiak «alarma soziala» zabaltzea egotzi dio Ekopol taldeko kideari, eta txostenak jasotako datuak ezeztatu ditu. Esan duJaurlaritzak beharrezkoak diren ikuskaritza guztiak egiten dituela erraustegian, legedia betetzen dela eta gas isurketa denak onartutako mugen barruan egiten direla ziurtatzeko. Erantsi du datuak eskatzen dituen pertsona, talde eta erakunde orori eman dizkiotela. «Gardentasunez» ari direla esan du, eta herritarrei «lasaitasun mezua» bidali die: «Instalazio honek legea betetzen du».

Ekopolek egindako azken txostenaren harira, Tapiak iradoki du egileak ez dituela ongi ezagutzen erraustegiaren funtzionamendua eta nazioarteko araudia, eta horregatik datuak «gaizki interpretatu» dituela. Ekopolek landu duen txostenak dio, besteak beste, 2020an isurketen gehieneko balioa (IGB) 1.988 aldiz gainditu zuela erraustegiak. Datuok testuinguruan ipini nahi izan ditu Tapiak: azaldu du Europako araudiak «argi» zehazten duela kutsadura datuak erraustegia martxan dagoenean neurtu behar direla, eta ez probetan dagoenean edota martxan jartzeko prozesuaren barruan. Hori kontuan hartuta, «legez kanpoko» funtzionamendurik ez dela egon erantsi du Tapiak, eta ezeztatu egin du Ekopolen txostenak jasotako informazioa: «Erraustegiak ingurumen baimen bateratua betetzen du».

Arkaitzerreka

Ikerketak azaleratutako beste irregulartasun batzuk ere gezurtatu ditu Ingurumen sailburuak. Ahotan izan du joan den udan Zubietako erraustegiaren aldamenean den Arkaitzerreka errekastoan izandako kutsadura. Azaldu du analitikak egin zituztela Arkaitzerrekan eta 500 bat metro beherago, eta han kutsadura antzeman zutela, baina «eragin gutxi» zuela bertako landare eta animalientzat.

Estoldarekin lotutako ur-drainatze sistemari buruz, berriz, Tapiak esan du ez dela legez kanpoko jarduerarik egon, eta ez dela tutu «klandestinorik» existitu; kontrara, drainatze sistemak Europako araudiaren arabera behar-beharrezkoak dituen hainbaten artean «beste hodi bat» dela zehaztu du. Sailburuak azaldutakoaren arabera, kondentsatuak biltzeko drainatze hodi bat dago, eta barneko zirkuitu itxi batean deskargatzen du, kanpoko irteerarik gabe, instalazioan bertan berrerabiltzeko. Gezurtatu du tutua estolderian dagoela eta kutsadura errekara isurtzen dela: «Eusko Jaurlaritzak duen dokumentazio guztiak agerian uzten du drainatze sistema behar bezala baimenduta eta dokumentatuta dagoela Europako araudiaren arabera. Ez da isurketarik egin errekara».

Ekopolen ikerketak ondorioztatu duenez, Zubietako instalazioek ez daukate legeak eskatzen duen kutsaduraren kontrol automatikorik: besteak beste, erregistroen datuen ikerketari erreparatuta dio gehiegizko kutsadura gainditu den kasuetan labeak hondakinez hornitzen jarraitu izan dutela, nahiz eta araudiak ezarri geratu egin behar dela prozesu hori. Labea hiru kasutan geratu daitekeela azaldu du: tenperatura 850 gradutik gora igotzen denean, tenperatura horretara edozein arrazoirengatik iristen ez denean eta kontrol jarraituek isurketa muga gainditzen dutela erakusten dutenean. Hala ere, zehaztu du Ekopolek egindako ikerketak aipatzen dituen gehiegizko isurketak proba garaian izan zirela, eta Europako araudiak dioela kutsadura muga ez dela proba garaian neurtu behar, «baldintza normaletan» baizik.

Oposizioa, zorrotz

Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk kritika zorrotzak egin dizkiote Jaurlaritzari. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak eraman du gaia legebiltzarrera. Nabarmendu du Zubietako erraustegiaren arazoek «ondoeza» piztu dutela. Gogoratu duenez, «fiskaltzak zantzuak ikusi ditu Jaurlaritzak erraustegian izandako kontrol faltaz». Gorrotxategik Ekopolen txostena aipatu du, esateko frogatutzat jotzen duela Zubietako funtzionamendua ilegala dela.

EH Bilduko Mikel Oterok, berriz, erraustegiaren gaineko kontrolik ezaz ohartarazi du. Nabarmendu du erraustegia eraikitzeko «presa handia» izan zutela instituzioek, eta arazoak atzemanziren arren, ez zirela konpondu; ondorioz gauza askok gaizki funtzionatu dutela esan du. Salatu du erraustegiak kutsadura muga gainditzen duela oraindik ere, baina inork ez diola isunik jarri.

Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak «bazterrak nahastea» egotzi die, besteak beste, GuraSOS plataformakoei. «Antzezlan toxiko baten enegarren kapitulua da hau, eta, liburu bat balitz, porrota izenburua izango luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.