Kontseiluak lema hartuko du hizkuntza politika sendo baterako itun soziala lortzeko

Auzitegien «oldarraldiari» erantzuteko «biderik eraginkorrena» dela esan dute, eta aurreratu dute eragile sozial eta politikoekin elkarrizketak hasiko dituztela

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia eta Alizia Iribarren Kontseiluko lehendakari eta AEK-ko koordinatzailea, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren Kontseilua «kezka handiz» mintzatu da euskararen biziberritzeak azkenaldian auzitegien aldetik «behin eta berriz» jasan dituen erasoez. Epaitik epaira kezka hori «larrituz» joan dela eta «erantzuteko eskaria» jaso dutela nabarmendu zuen Idurre Eskisabel idazkari nagusiak atzo, Gasteizen, urteko batzarraren ostean eginiko agerraldian. Hala, lema hartuko du Kontseiluak, eta «adostasunak sakontzera» joko du: «hizkuntza politika sendoak jasoko dituen itun politiko eta sozial bat» landuko du eragileekin.

Uliazpi Fundazioaren lan deialdiko hizkuntza eskakizunak baliogabetzeak bereziki areagotu du ezinegona: «Jurista askoren ustetan, erabaki hori guztiz irregularra da». Oro har, hizkuntza «zaila dela» izan da euskararen biziberritzearen eta hizkuntza eskakizunen aurkako ebazpen gehienetan erabilitako «aitzakia» nagusia, eta, Kontseiluak ohartarazi duenez, ebazpen horiek ez dira «epai bakanak», baizik eta botere judizialaren «joera oso bat». Hala eta guztiz ere, egoerak ez ditu asko harritu. «Ez da berria. Euskal Herrian luzaroan izan da arazo hori, baina orain areagotu egin da, baita beste hizkuntza gutxituen eremuetan ere», azaldu du Eskisabelek.

Era berean, salatu du epaileak bere gain hartzen ari direla botere legegileari dagokion hizkuntza politika, euskara eskakizunek «lan eta hizkuntza eskubideak kontrajartzen» dituztelakoan. Euskara biziberritzearen aurkako sententziek «milaka herritarren eskubideak urratzen» dituztela adierazi du Eskisabelek, eta, gainera, administrazioan euskaraz artatuak izateko aukera ukatzen dietela: «Urratze horrek eragin handia du milaka herritarren eguneroko bizimoduaren arlo askotan, bizipena bera nabarmenki okertuz».

Ildo horretan, gogora ekarri dituzte asteon VII. Inkesta Soiziolinguistikoak emandako datua: lau biztanletik hiruk uste dute euskaraz jakin behar dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan administrazioan lan egin ahal izateko. Inkestaren ondorioa argia da, Eskisabelen iritziz: «Epai horiek baliorik gabe uzten ari diren neurriak adostasun zabal baten gainean eraikitakoak dira».

Egoerari aurre egiteko eta «oldarraldiari» erantzuteko, beraz, aurrera jauzi egin nahi du Kontseiluak. Batetik, urte hasieran iragarri bezala, protokolo bat prestatzen ari da, «tokian-tokian erantzuteko behar diren tresnak herritarren esku jartzeko». Bestetik, «olatu erreakzionarioari» aurre egingo dion «itun politiko eta sozial bat» lantzea jarri du helburu, eta bertan, «euskararen biziberritzeak egun dituen erronkei erantzuteko moduko hizkuntza politika sendoak» jasotzea.

Elkarlanerako bidean

Itun politiko eta soziala, ordea, ez dute bakarrik garatuko. Eskisabelek jakinarazi duenez, «askotariko eragile sozial eta politikoekin elkarrizketa erronda bat» abiatuko dute. Hala, zenbait sindikatu eta alderdi politikorekin aritzeko lehenengo urratsak egin dituzte jada, eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean hasteko bidea ere irekitzen hasi dira: «Lehen harremanak izan ditugu, haiek ere kezkatuta daudelako eta lanean hasteko ikerketak egin dituztelako».

Horrez gain, bestelako eragile sozialen garrantzia ere aipatu du Eskisabelek: «Batuz Aldatu ekimenean sakondu nahi dugu, uste dugulako ez dela bakarrik euskaltzaleei eragiten dien arazoa, baizik gizarte osoari». Instituzioak, alderdiak eta sindikatuak heltzen ez diren eremuetara iritsi nahi dute, hain justu, Batuz Aldatu egitasmoko eragileen bidez.

Edonola ere, Eskisabelek berretsi du euskararen kontrako ebazpenak arlo juridikoaz harago doazela: «Milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna dago auzitan, eta harekin batera, berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.