Gaixotasun larri eta sendaezinen bat duten presoentzako lehen egoitza ireki du Eusko Jaurlaritzak. Osasunez txarto dagoen eta familiaren edo gertukoen babesik ez duen jendearentzat da aterpea. Egoitzan sartzeko, ezinbestekoa izango da hirugarren gradua eskuratu izana edo eskuratzeko bidean egotea. Bizkaian ireki dute zentroa, eta Bidesari erakundearekin batera abiarazi dute. Eusko Jaurlaritzak espetxeen kudeaketa bere gain hartu izanaren emaitza da proiektua. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako sailburu Nerea Melgosak azaldu duenez, «presoei arta duina ematea da helburua», eta uste du inork ez duela pasatu behar dagokiona baino denbora gehiago kartzelan. «Presoei arreta duina bermatzez gain, giza eskubideak errespetatzen lagunduko du zentroak», gehitu du Elena Reifarthek, zentroko dinamizatzaileak.
Abuztuaren 2an zabaldu zuten egoitza, eta bost pertsonentzako lekua dauka guztira. Gaur-gaurkoz, bi pertsona bizi dira han, biak ere Zaballako espetxetik (Araba) heldutakoak. Proiektua trantsiziozko baliabide bat da. Alegia, foru aldundien eta Osasun Sailaren sistema soziosanitarioan behin betiko sartu aurreko urrats moduan funtzionatuko du.
Zentroaren helburua han daudenei babesa eskaintzea da, eta eguneko 24 orduetan gizarte langile bat egoten da haiekin. Gainera, gizarte hezitzaileen laguntza eta zerbitzu juridikoen babesa izateko aukera dute. «Eusko Jaurlaritzak baldintza eta helburu horiekin ireki duen lehen zentroa da», azaldu du Arantza Saenz de Ugartek, irailaren 1etik aurrera Bidesariko arduradun nagusia izango denak. Jaurlaritzak 500.000 euro jarri ditu proiektu horretarako.
Arduradunek azaldu dutenez, zentro horretara joango direnak bizitzaren azken fasean daude: «Haien osasun egoera dela eta, badakigu ez direla luzaroan biziko. Horregatik, uste dugu azken fase hori kartzelatik kanpo bizi behar dutela».
Hirugarren gradua eskuratzeak eguna kartzelatik kanpo pasatzeko eskubidea ematen du. Hortaz, egoitza horretara doazenek, osasuntsu egongo balira eta babes soziala izango balute, etxean pasatuko lukete eguna. Hori dela eta, zentroko langileek helburu argia dute: egunerokoan ez daitezela bakarrik sentitu. «Etxean bizi den norbaitek egunero egin ohi dituen ekintzak egiten dituzte. Paseoak ematen dituzte, erosketak egitera ateratzen dira, eta etxeko lanak betetzen dituzte», azaldu du zentroko dinamizatzaileak.
Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, pertsona bakoitzak «behar duen denbora» pasatuko du egoitzan. Gaixotasunaren garapenaren araberakoa izango da hori, hain zuzen ere. Hau da, erabiltzaileen osasun egoera kontuan hartuta, sistema soziosanitarioan sartzeko behar duten denborak zehaztuko du zentroan pasatuko duten denbora tartea.
Hainbat baldintza bete behar dira ireki berri duten zentroan tokia lortzeko. Saenz de Ugartek argitu duenez, hirugarren gradua eskuratzeko, jarrera «egokia» izan behar da kartzelan, zigorraren zati «handi bat» beteta eduki behar da, eta delitua berriz egingo ez dela ziurtatu.
Testigantza
Bi bizilagunetako bat egoitza ireki zuten egunean bertan iritsi zen hara. «Oso pozik eta harro nago zentro honetan egoteaz. Biriketako arazoak dauzkat, eta, pare bat aldiz, egunak pasatu ditut ospitalean. Hemen kartzelan baino askoz hobeto zaintzen gaituzte. Irakurri egiten dut, paseoak ematen ditugu, eta kartetara jokatzen dut. Irailean, eguneko zentroak irekitzen dituztenean, ekintza gehiago egiteko aukera izango dut. Irailaren 1a heltzeko irrikaz nago», azaldu du.
Kartzelako erizaindegian ordu mordoa pasatutakoa da. Han askotariko gauzak ikusi dituela azaldu du, eta kartzelan bizi diren gaixoek egoera «gogorrak» bizi dituztela zehaztu. «Kartzelako erizaindegian denetariko kasuak ikusi ditut. Badaude gurpil aulkian bizi direnak edota tetraplegiko geratu direnak. Oso txarto bizi dira», aitortu du egoitzako bizilagunak.
Proiektua Eusko Jaurlaritzaren eta Bidesariren arteko elkarlanaren emaitza da. Hori dela eta, proiektu publiko-pribatu bat da. Bidesarik, hain zuzen ere, kartzelan daudenen beharrei erantzuten die. Presoen gizarteratzea eta hezkuntza dira erakundearen ardatz nagusiak. 20 lankidek, 36 boluntariok eta lau ikaslek osatzen dute taldea. Joan den urtean, 373 pertsona artatu zituzten. Horietatik 326ri kartzelan eskaini zieten laguntza. Haietariko 37 emakumeak ziren.
Osasunez larri dauden presoentzako egoitza bat zabaldu du Jaurlaritzak
Gaixotasun larri eta sendaezinen bat duten presoentzako lehendabiziko zentroa ireki du Bizkaian. Familiarik edo bestelako babesik ez dutenak biziko dira han. Hirugarren gradua izan behar dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu