Onkologikoa Osakidetzaren sarera lotuko da asteartean

Osasun zerbitzu publikoko zentroen funtzionamendu berbera izango du, baina titulartasun pribatua izango du aurrerantzean ere. Arreta «integrala» nahi dute

Eusko Jaurlaritzako eta Eusko Legebiltzarreko ordezkariak, atzo Onkologikora egindako bisitan. IREKIA.
Donostia
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Donostiako Onkologikoa Osakidetzako zentroen sarean egongo da urtarrilaren 1etik aurrera. Atzo sinatu zuten hitzarmena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Kutxa fundazioak, zerbitzua «hobetzeko» asmoarekin. Hitzarmenari esker, Osakidetzaren beste edozein zentrok duen funtzionamendua izango du Onkologikoak. Izan ere, osasun zerbitzu publikoak zehaztuko ditu erietxearen ildo estrategikoak. Zentro «irekia» eta «doakoa» izango da Onkologikoa Osakidetzaren zerbitzuak jasoko dituztenentzat.

Akordioarekin ziurtatu nahi dute Gipuzkoako pazienteei arreta bera emango zaiela zentro guztietan —bai Onkologikoan, bai gainontzeko erietxeetan—. Hori dela eta, zerbitzuen zorro bakarra egongo da, eta arreta hori jasotzeko zerrenda bera izango da paziente ororentzat. Zuzendaritzako organo bateratuak ere eratuko dituzte. Horren adibide da kudeaketa klinikoko unitate konpartitua izango dutela Onkologikoak eta Osakidetzako zentroek. Ander Aizpurua Kutxa fundazioko zuzendari nagusiak azaldu duenez, elkarlana «funtsezkoa» da, eta «arreta integrala» eman nahi dute bateratzeren bitartez.

Zentroaren planifikazioaOsakidetzaren esku geldituko den arren, orain arte bezala, titulartasuna pribatua izango da; Kutxa fundazioak mantendu egingo du osasun zentroaren eta langileen lan harremanen jabetza. Hala ere, urtarriletik aurrera, Onkologikoko eta Osakidetzako langileak batera arituko dira lanean, baina Osakidetzako langileek osasun zerbitzu publikoaren baldintzak mantenduko dituzte.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi du«aurrerapausoa» dela akordioa sinatzea, bai eskaintzen den zerbitzuaren kalitateari dagokionez, bai pazienteen tratamendu prozesua gizarteratzeari dagokionez. Haren iritziz, «nabarmen» hobetuko da pazienteek jasotako arreta: «Jomuga nagusia pazientea bera da». Horrez gain, azaldu du ospitale onkologikoa «erreferente» izango dela zerbitzuaren eta ikerketaren aldetik. «Esfortzua, talentua eta ezagutza batzea ahalbidetuko du hitzarmenak». Akordioa Euskadiko 2018-2023 Onkologia Planaren barruan jarri du Urkulluk. Horren helburuetako bat da arreta onkologikoaren sarea ehuntzea, gaixotasunak eragindako hilkortasuna murrizteko eta «bizi kalitatea hobetzeko».

Ikerketaren aldeko apustua

Minbiziarekin lotutako zerbitzua hobetuz joateko, Urkulluk eta Aizpuruak adierazi dute ikerketa bultzatzen jarraituko dutela. Lehendakariak jakinarazi du ikerketarako aukera gehiago bermatzen saiatuko direla Biodonostiaren bitartez. Urkulluk azaldu duenez, gaur egun minbizia da «heriotza gehien eragiten duen arrazoia» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hori dela eta, aitortu du Eusko Jaurlaritzaren «lehentasunetako bat» dela gaixotasun horri aurre egitea. Aizpuruak, berriz, azaldu du Onkologikoa Kutxa fundazioaren «oinarrietako bat» dela. Hori dela eta, iragarri du Kutxak jarraitu egingo duela gaixotasun onkologikoen esparrurako diru ekarpenak egiten: «Horri esker, mantendu egingo da ikerketaren eta garapenaren arloko jarduera».

Minbiziaren prebentzio arloan osasun sare publikoa «aitzindaria» izan dela gogorarazi du Urkulluk, baita bizi ohitura egokien bultzatzailea ere. Bularreko, koloneko eta umetoki lepoko minbiziak atzemateko kanpainak azpimarratu ditu. Horrez gain, botika eta erradioterapia teknika berriak nabarmendu ditu. «Aurrerapen horiei esker, gaixotasuna gainditu duten herritarren kopuruak gora egin du». Adierazi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tasa Europakoaren gainetik dagoela.

Atzo sinatutako hitzarmena hiru urtez egongo da indarrean, eta Eusko Jaurlaritzak 23,8 milioi euroko ekarpena egingo du 2019an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.