Lehen zazpi eskumenen eskualdaketa apirilerako nahi du Jaurlaritzak

Espainiako Gobernuak aurreneko blokeko eskumenei buruzko dokumentazioa bidali dio Jaurlaritzari. Sanchezek EAJri eskatu dio «aitortza» egiteko, «zortzi hilean» egutegi bat osatu duelako

jon olano
2019ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Gernikako Estatutua osatzeari begira, lanean jarraitzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Pedro Sanchezen gobernuak ondutako egutegiaren arabera, zazpi eskumenen transferentzia negoziatzekoak dira bi gobernuak aurreneko blokean, eta zazpi horiei buruzko dokumentazioa bidali zion atzo Madrilek Jaurlaritzari. Orain, bi gobernuetako talde teknikoek material horren gainean egingo dute lan, martxoan ados jartzen saiatzeko eta Transferentzien Batzorde Mistoa «ahal bezain laster» batzartu ahal izateko.

Apirilaren 28ko data mahai gainean dutela ari dira negoziatzen bi aldeak, egun horretan egingo baitira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta hor etengo baita negoziatzen jarraitzeko aukera, Madrilen gobernu berria osatu artean. Edozein gisara, Jaurlaritzak «elkarrizketaren bidean» jarraituko du «estatutua osorik bete arte», Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak atzo adierazi zuenez. Nabarmendu zuen estatutua betetzeak «aurrera egitea, herrialde gisa haztea eta herritarrei bizi kalitatea hobetzeko aukera eskaintzea» esan nahi duela, eta erantsi zuen Sanchezen gobernua «Jaurlaritzak proposatutako egutegia eta lan plana betetzen» ari dela.

Hain justu, Espainiako Gobernuak transferentzien alorrean eginiko lana balioetsi zuen Sanchezek, eta beste horrenbeste egiteko eskatu zion EAJri; «aitortza» bat nahi du, bere gobernuak «zortzi hilabetean» egutegi bat zehaztu duelako estatutuan jasotako eskumen gehienak eskualdatzeko: «Lehen gobernua izan da zortzi hileko epean bide orri bat jarri duena mahai gainean». Espainiako Kongresuan, Aitor Esteban EAJko diputatuak Sanchezi eskatu zion Nafarroako Gobernuari itzultzeko trafikoari eta bide segurtasunari buruzko eskumena —hala agindu zion Sanchezek Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariari—, eta Estebani erantzunez egin zituen Sanchezek transferentzien egutegiari buruzko aipamenak.

Espainiako Kongresuan izan zen atzo Andoni Ortuzar ere, EAJko diputatu eta senatariekin, eta Sanchezi eskatu zion eskualdaketak «azkartzeko»: «Denbora baldin badago lege dekretuetarako, astia dago transferentzietarako».

Adierazpen «iraingarria»

Eskumenen transferentziari buruzko eztabaidak beste osagai bat izan du azken egunetan, Espainiako Senatuak, joan den astean,Espainiako Gobernuari eskatu zionez gero Jaurlaritzari eskumen gehiago ez emateko. PPren babesarekin atera zen aurrera mozioa. Horri erantzunez, Eusko Jaurlaritzak adierazpen bat zabaldu zuen asteartean, esanez, besteak beste,«alderdien interes koiunturalei» erantzuten diela mozioak.

Hori horrela, Jaurlaritzaren testuaren aurrean, Alfonso Alonso PPko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako presidenteak uste du «iraingarria» dela gobernu batek alderdi baten jarrera politiko baten aurkako adierazpen bat egitea: «Ez dut inoiz ikusi». Alonsoren arabera, bi eskumen baino ez dira falta Gernikako Estatutua osorik betetzeko: espetxeena eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoarena: «Eusko Jaurlaritzak eskatzen dituen gainerako eskumenak dira estatuaren uko egiteen zerrenda bat, estatuaren eta Espainiaren ezein aztarna desager dadin Euskal Herritik». Espetxeenari dagokionez, Alonsok uste du ez dela «arrazoizkoa» hura Jaurlaritzari ematea, oraindik «presio giroa» dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.