Koronabirusa

Kasuak milatik gora dira

Otsailaren 6tik erregistratu den kutsatu kopururik handiena izan da asteazkenean Hego Euskal Herrian: 1.010 positibo zenbatu dira. Gaitzarekin eri ziren 30 pertsona zendu ziren joan den astean

Jendea maskarak jantzirik, Iruñeko Alde Zaharreko kale batean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2021eko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurba maldan gora da Hego Euskal Herrian, gero eta nabarmenago. Martxoko lehenbiziko astetik aitzina, datuek aski argi erakusten dute joera hori, eta, are, beste behin, azken bederatzi asteetan izandako daturik makurrena eman dute osasun agintariek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak jakinarazi dutenez, herenegun 13.449 test egin ziren Hegoaldean, eta 1.010 kasu positibo zenbatu ziren. Aurretik, egun bakarrean zenbatutako kasuek otsailaren 6an gainditu zuten milakoa azken aldiz.

Positiboen portzentajean ere kezkarako zio da azken egunotako zenbaketetan: asteazkeneko testen %7,5ek eman zuten positibo. Gainera, Nafarroan are larriagoa da datua: %9,2. OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5ean du ezarria izurritea kontrolpean edukitzeko gehienezko muga.

Zehazki, kutsatuen datuak lurraldeka aztertuta, Bizkaian atzeman dute positibo gehien, beste behin ere. Osakidetzak 373 kasu zenbatu ditu herrialde horretan. Gipuzkoa du atzetik: 296 positibo izan dira han. Nafarroan, berriz, 222 kutsatu detektatu dituzte, eta Araban, 113.

Ospitaleen egoerari dagokionez, Hegoaldeko osasun agintariek jakinarazi dutenez, herenegun 78 pertsona sartu zituzten erietxeetara birusaren sintomak larriagoturik. Horiek aintzat harturik, orain 637 lagun daude ospitaleratuta. Otsailaren 19tik izandako kopururik handiena da hori. Zehazki, erietxeraturik direnetako 505 gela arruntetan daude; 132, berriz, ZIUetan daude.

Heriotza kopurua, apalago

Gaitzaren transmisioari buruzko informazioa ematen duten adierazleetan ez bezala, beheranzko joera nabaritzen ari da heriotzei buruzko datuetan. Azken astean 30 pertsona hil dira gaitzak jota Hego Euskal Herrian, hau da, martxoaren 29tik apirilaren 4ra bitartean. Zehazki, 29 hildako Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira. Nafarroan, berriz, heriotza bakarra izan da egun horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.