Martxoaren 8a

Kongresuak martxan jarri du 'soilik baietz da baietz' legearen erreforma

PPren eta Voxen botoak alde izan ditu PSOEk Unidas Podemos gobernukidearen lege izarra aldatzen hasteko. EAJk erreforma tramiterako onartzearen alde egin du, eta EH Bilduk ezezkora jo du

Andrea Fernandez diputatuak defendatu du soilik baietz da baietz legearen erreforma. MARISCAL / EFE.
xabier martin
2023ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Sexu erasotzaile askoren zigor arintzeen auziak kolokan jarriko du feminismoaren lorpen handi bat Espainiako Kongresuan: soilik baietz da baietz legea. Madrilgo gobernua osatzen duten bi bazkideen artean handiena, PSOE, epaile askoren ebazpenetan islatu den legearen zuloa estali nahian dabil, nahiz eta lege aitzindari hori Berdintasun Ministerioaren ekimenez sortua den, Unidas Podemosen ekimenez. Bada, zazpiehun presori baino gehiagori zigorrak arindu dizkiete epaileek azken bost hilabeteetan, eta horrek muturreko egoera eragin du gobernuan, eskuineko hedabideek hauspotutako suteak eta hauteskunde garaiak berotuta. Hala, Espainiako Kongresuak tramiterako onartu du soilik baietz da baietz legearen erreforma, Martxoaren 8aren bezperan; eta onarpen horretan funtsezkoak izan dira PPren eta Voxen aldeko botoak.

Halaber, EAJk legearen erreforma tramiterako onartzearen alde bozkatu du. Mikel Legarda kongresukideak azaldu du biktimak «harriturik» daudela, eta «erreakzionatu» egin behar dela. Sexu askatasunaren legea «ahalmen handikoa» dela defendatu du, eta bermatu egin behar dela «onespenak legearen funtsean» jarraitzea; abusua erasotzat joko da aurrerantzean ere, Legardak helarazi duenez, baina uste du zigorren ehunka arintzeetan ez dela «epaileen arazo bat egon», eta aldaketak egin behar direla lehenbailehen, «indarkeria, larderia edota biktimaren borondatea baliogabetzeko tresnen larrigarriak» ezartzeko. Finean, «ahalik eta irtenbide teknikorik onena» nahi du.

EAJko eledunak azaldu du egingo diren «ukituek» ez dutela ekarriko «atzera egitea berriro». «Ez da ezer aldatuko», haren arabera; soilik zigorren neurria: «Ez gara Iruñeko erasoaren taldera itzuliko, batzuek esaten duten moduan». Ez da momentua, Legardaren esanetan, «benetako feminismoa zer den eztabaidatzeko, delitu larrienentzako ukitu batzuk egiteko baizik».

EH Bilduren ezezkoa

EH Bilduk, berriz, ezezkora jo du, nahiz eta Bel Pozuetak esan duen«ukitu teknikoak» beharrezkoak direla. Kongresuko kideak garbi azaldu du epaileak «gaizki» interpretatzen ari direla lege berria, eta soilik baietz da baietz legea «zigorretara» mugatzen duela egungo eztabaidak; hain zuzen, erantsi du hori baino askoz gehiago dela, «sinbolikoki eta emakumeen eskubideei begira».

Pozuetak azpimarratu du «emakumeei barre» egiten dieten botoekin atera dela aurrera erreforma tramitatzen hasteko eskaera. Legeak «balioen aldaketa bat» ekarri duela esplikatu du, «onespena» dela gakoa, eta lege horri eraso egiten ari direnek «aldaketa gerarazi» nahi dutela. Horregatik jotzen ditu beharrezkotzat EH Bilduk «ukitu teknikoak» egitea zigorren eskalan, gertatzen ari diren zigor arintzeak «erabiltzeko aukera izan ez dezaten legearen aurkakoek». Dena den, haren ustez, «atzera joatea» da PSOEren erreforma, «erasoa egon den ala ez lehen bezala frogatu beharra dakarrelako berriro».

Hori dela eta, «akordioa» eskatu die PSOEri eta Unidas Podemosi, eta elkarri mokoka ibiltzeari uzteko, «feminismoaren argumentuak bata bestearen aurka baliatuta hedabideetan». Gogoratu du «eskuinak» atera duela aurrera tramiterako onartu den erreforma: «Gaizki hasi da». Emakumeen sexu askatasuna «blindatzeko» adostasuna erdiesteko exijitu die gobernuko bi bazkideei.

Zigorrak handitzea jasotzen du PSOEren erreformak, indarkeria edota larderia dagoen sexu erasoen kasuetan. Horrek berak eragiten du, hein batean, soilik baietz da baietz legearen aurreko zigor arautegira itzultzea; onespena legearen oinarrian utzita ere, biktimak berriro erakutsi behar izan baitezake indarkeria edo larderia egon dela.

Egungo legean, erasotzat hartzen dira lehen abusutzat jotzen ziren delituak, eta kartzela zigor apalagoak ezarri dira eraso gisa jota ere delitu arinagoak diren horientzat. Zigorren jaitsiera orokor horri heldu diote epaile batzuek Espainiako Estatuan zigortutako zazpiehun presori baino gehiagori zigorrak arintzeko, eta egoera horrek ekarri duen presioak eraman du PSOE haren gobernu bazkidearen funtsezko lege bat zuzentzeko saiora.

Ez lituzke arintzeak etengo

Edonola ere, erreforma hori aurrera aterako balitz, hura indarrean sartu ondoren gertatzen diren sexu erasoetan soilik aplikatuko litzateke; beraz, ez luke bukaraziko arintzeen jarioa, abokatuen eskaera batzuk erabaki gabe baitaude oraindik, eta epaiketaren zain dauden kasuak ere bai. Aldaketa nagusia litzateke eraso larrienek oraingo legeak jasotzen duena baino zigor handiagoa izango luketela, indarkeriaren edo larderiaren larrigarriak aplikatuko liratekeelako, aplikagarriak direla frogatu daitezkeen kasuetan. Aldaketak izango lirateke, halaber, adingabeen aurkako sexu erasoen kasuetan, egun baino zigor gogorragoekin.

Azken egunetan, Espainiako Gobernuko bazkideek, PSOEk eta Unidas Podemosek, aditzera eman dute edozer gerta ere exekutiboak aurrera jarraituko duela, baina beren arteko banaketaren atea ireki da parez pare, eta inbestidurako blokea ere apurtu egin da Madrilgo bozketan. Hauteskunde garaia eta ezkerreko boto emaileen balizko desmobilizazioa alderdi biak baldintzatzen ari dira, marra gorriz beteriko gai baten barruan baitago ezin ulertua: feminismoan.

Orain, epe bat zabalduko da bien arteko akordio bat lortzeko, negoziazioaren bidez eta zuzenketen tresnarekin, baina Espainiako Kongresuak islatu duen argazkia zauri handia da Unidas Podemosentzat, haren eraldaketa sozialerako gaitasuna zapuztu baitu hein handi batean gobernuan bazkide duenak, eta eskuinaren eta eskuin muturraren laguntzaz; ez edozein edukitan, gainera: Unidas Podemosek oinarrizkotzat daukan batean baizik.

Koalizio moreak PSOEri egotzi dio «emakumeek kalean oihukatutakoari bizkarra» eman izana, «traizioa» egiten ari zaiela, eta «faxisten erasoaldia» dela legearen erreformaren saioa, «atzera bueltatzea». PSOEko ordezkariak, berriz, «nekaturik» daudela esan die Irene Montero Berdintasun ministroari eta haren koaliziokideei; «esajerazioak alde batera» uzteko eskatu die, eta «konponbideen inguruan» hitz egiten hasteko. Adostasunerako abiapuntua ez da onena, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.