Hamabi asteko aitatasun baimena arautu dute Familia Planean

Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Familia politikak bateratuko dituen plan bat ere onartu zuen Eusko Jaurlaritzak atzo gobernu bileran. Familiei Laguntza Emateko Erakundeen Arteko IV. Planak 2022. urtera arte iraungo du, eta sail askotan izango du eragina: Hezkuntza Sailetik Gizarte Politiketakora arte. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu zituen planaren nondik norakoak. «Asmoa ez da egoera demografikoari buelta ematea, baizik eta familiei laguntza ematea nahi duten bizitza proiektua gara dezaten, nahi dituzten seme-alabekin».

Plan horren barruan, Eusko Jaurlaritzako hainbat sailburuk azken hilabeteetan iragarri dituzten neurri ugari txertatu dituzte. Planean, besteak beste, hamabi asteko aitatasun baimenak aipatzen dira, «kontziliazio erantzunkide batean aurrera egiteko». Hamabi aste horietan, Eusko Jaurlaritzak kotizazio oinarri osoa emango dio baimena hartu duen aitari edo bigarren gurasoari.

Eusko Legebiltzarrak egindako proposamen batzuk ere aintzat hartu dituzte planean. Besteak beste, zenbait neurri jaso dituzte errenta apalak dituzten familiek Haurreskolak partzuergoko zentroetan matrikula ditzaten seme-alabak: 18.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familiak tarifetatik salbuetsita egongo dira. Hezkuntza Sailari eta Haurreskolei dagokie orain neurri hori garatzea. Ordea, planean ez dute zehaztu zer epetan gertatuko den hori.

Orotara 116 neurri ditu planak, hainbat ardatzetara bideratuta. Planaren bitartez erdietsi nahi dituzten helburuen berri eman du Artolazabalek: haurren pobrezia tasa %20 gutxitu; 25 eta 44 urte bitarteko herritarren okupazio tasa %80ra igo; urte bateko umeen eskolatzea %25 handitu; gazteen batez besteko emantzipazio adina jaitsi; eta ugalkortasun tasa handitu, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.