LOMCEren aurreko egoerara

Hezkuntza legea aldatzeko zirriborro bat prest du Espainiako Gobernuak, 2006ko LOE oinarri gisa hartuta. Eskola porrotari aurre egiteko neurriak ezarriko dituzte, besteak beste

LOMCEren aurkako eta hezkuntza eredu propio baten aldeko manifestazio bat, Gasteizen. JUANAN RUIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
LOMCErenak egin du. Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa moldatu nahi du Espainiako Gobernuak, «hezkuntza komunitatean eragin duen kritika oldea» aintzat hartuta. Legea atzera bota eta berri bat egin beharrean, ordea, LOMCEren ezaugarririk polemikoenak indargabetu eta hainbat artikulu berri txertatuko ditu Hezkuntza Ministerioak.

Atzo, erreformaren nondik norakoak laburbiltzen dituen txostena filtratu zuten hainbat hedabidek. Oro har, lege erreforma berriak erreferente argi bat dauka: 2006an Jose Luis Rodriguez Zapatero presidentearen gobernuak onartutako LOE Hezkuntzako Lege Organikoa. Arau horretan jasotako neurri asko berreskuratuko ditu PSOEk, LOMCE legea kamusteko; besteak beste, ebaluazio motari, hezkuntza komunitateen rolari, hezkidetzari eta laikotasunari erreferentzia egiten diotenak.

MAILA ERREPIKATZEA

Berrikuntzen artean dago maila errepikatzen duten ikasleei laguntzeko plana. Horren arabera, ikastetxeek eta irakasleek erabakiko dute kasu bakoitzean erabili beharreko estrategia. Mahai gainean jarri dituzten aukerak dira, kasuan-kasuan, ikasle errepikatzaileei eduki pertsonalizatuak ematea eta azterketa ezberdinak ezartzea. Horrez gain, ikastetxeek neurriak hartu beharko dituzte porrot akademikoa murrizteko.

Helburu horrekin, bestalde, bina ikasturteko hiru ziklotan banatuko dute Lehen Hezkuntza. LOMCE indarrean denetik, ikasturte bakoitzaren bukaeran egiten da ikasleen ebaluazioa, eta horrek ugaritu egiten ditu maila errepikatzeko arriskuak, ikasle guztien gaitasunak ez baitira erritmo berean garatzen. Ebaluazioak bi urtean behin eginik, ikasle batzuen zein besteen gaitasunak orekatu eta eskola porrota murriztuko dela espero du Isabel Zelaa buru duen Hezkuntza Ministerioak.

ITUNPEKO IKASTETXEAK

Itunpeko ikastetxeei dagokienez, Hezkuntza Ministerioak lehentasun gisa hartua du zentro horietako «harrera sistema hobetzea», eskariaren irizpidea ezabatuta: aurrerantzean, administrazioak ez du betekizun izanen ikastetxe itunduetan izena eman nahi duten familia guztiei plaza bermatzea. Bestalde, kendu eginen dute LOMCE legeak sexuaren araberako segregazioari eginiko aipamena—«sexuaren araberako hezkuntza bereizketa ez da genero bazterketatzat hartuko» dioen puntua—, eta itunen erregimenean lehentasuna izanen dute ikasleak berdintasunean hezten dituzten ikastetxeek. Hezkidetza programak ere sustatuko dituzte.

IBILBIDE CURRICULARRAK

LOMCEn jasotako «ikasketa ibilbideak» kenduko ditu erreforma berriak, DBHko aukera curricular guztiek titulazio bera izan dezaten. Egungo sistemak «bereizkeria» sustatzen duela uste du Espainiako Gobernuak. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzako3. maila bukatutakoan, zirt edo zart egitera behartuta daude ikasleak: Batxilergoa ala Lanbide Heziketa. Horren ondorioz, DBHko 4. mailan, hainbat ikasgaik zailtasun ezberdina dute, aukeratutako ibilbidearen arabera. «Segregazio goiztiar horrek Batxilergorako edo goi mailako Lanbide Heziketarako bidea ixten die zailtasunak dituzten ikasle askori», irakur daiteke agirian.

ERLIJIOA

Erlijioak ez du «eduki espezifiko» izaera izanen, eta ikastetxeentzat ez da betekizun izanen ikasgai hori eskaintzea; hortaz, Erlijioko kalifikazioak ez du eraginik izanen espedientean, unibertsitateko sarbiderako batezbestekoa kalkulatzeko nahiz bekak eskatzeko garaian. Erlijioa ematen ez dutenek, gainera, ez dute ordezko ikasgairik eman beharko.

ERREBALIDAK

Hezkuntza Ministerioak debekatu eginen du ikasleei eginiko ebaluazioak erabiltzea ustezko ikastetxe «onenen eta txarrenen sailkapenak» egiteko. Hartara, Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBHko 4. mailako errebalidak kendu eginen dituzte —2016ko urritik etenda dauden arren—, eta, horien ordez, «ebaluazio erakusgarriak» ezarriko dituzte, ez ikasleen maila neurtzeko, «hezkuntza sistema osoren egoera jakiteko» baizik. Erreforma berriaren xedea izanen da ebaluazioaren «izaera hezitzailea eta jarraitua berreskuratzea».

EDUKIAK

LOMCE legearen arabera, Espainiako Gobernuak ezartzen ditu «oinarrizko ikasgaiak», eta autonomia erkidegoen esku uzten ditu aukerazkoak nahiz konfigurazio librekoak. Aurrerantzean ez: Madrilek ezarriko du ikasgai guztien edukien %55, hizkuntza koofizialak dituzten erkidegoetan, edo %65, gainontzekoetan. Hizkuntza gutxituei buruz, txostenak ez du zehaztasun handirik ematen. Berriki, baina, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi zituen LOMCEren bi artikulu, zeinetan gaztelaniazko hezkuntza hautatzen zuten familiei diruz laguntzeko beharra ezarri baitzitzaion Kataluniako Generalitateari. Lege berriak Konstituzionalaren ebazpenarekin bat eginen duela dio Madrilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.