Nafarroako Gobernuak prest du berdintasun lege berriaren testua. Iazko abuztuan abiatu zuen 2002ko araua ordezkatzeko prozesua; lege proiektuari oniritzia eman zion atzo gobernu kontseiluan, eta Nafarroako Parlamentura bidaliko du orain, han onartzeko. «Bizitzaren etapa eta eremu guztietan berdintasun eskubidea erreal eta eraginkor bihurtzeko baldintzak jartzea» da legearen xede nagusia. Horretarako, berdintasuna zehar lerro gisa ezarriko du «administrazio publikoen jarduera eta politika guztietan». Legea urratzen dutenak zigortzeko modua ere jaso du.
«Nafarroako administrazioek sistematikoki hartuko dituzte kontuan emakumeek eta gizonek dituzten egoera, baldintza eta premia diferenteak, eta genero arrakalak desagerrarazteko neurri berariazkoak txertatuko dituzte», dio testuak. Hartara, arau eta plan berriak onartu baino lehen, genero eraginari buruzko txosten bat eduki beharko dute. Andre batzuek «askotariko diskriminazioak» jasaten dituztela ere kontuan izan beharko dute.
Zeharkakotasuna aplikatzeko, langile espezializatuz hornituko dute administrazioa: departamentu guztietan genero unitate bat sortuko dute, gutxienez berdintasun teknikari batekin. Legea onartu ostean, sei hilabeteko epea izango dute prozedura horiek martxan jartzeko. Era berean, Nafarroako Berdintasun Institutuak berdintasunerako plan estrategiko bat lantzeko agindua jasoko du; legea onartu eta urtebetera prest eduki beharko du.
Lege proiektuaren arabera, genero ikuspegia hainbat esparrutan txertatuko du gobernuak: kontratazio publikoan eta diru laguntzetan, aurrekontuetan, estatistiketan... Administrazio osoari dagozkion neurri batzuk ere jaso ditu: langileen oinarrizko trebakuntza ziurtatzea, hizkera inklusiboa erabiltzea, emakumeak ahalduntzeko ekintza positiboak sustatzea...
Hezkidetza bermatzera
Testuak esku hartze zehatzagoak jaso ditu zenbait arlotan: kirolean, kulturan, osasunean, hedabideetan, politika sozialetan... Arreta berezia jarri du, halere, hezkuntzan, Skolae programa aipatu gabe. Hezkidetza proiektuak abiatzea «bermatu» egingo dute, eta zentro guztiek hezkidetza arduradun bat izango dute. Era berean, curriculumak moldatzeko jarraibideak helaraziko dizkiete eskolei eta argitaletxeei.
Bestalde, «balio aldaketa bat bultzatzea» aipatzen du legeak, batik bat kontziliazioaren arloan, baina eremu produktiborako ere zenbait neurri jaso ditu. Besteak beste, berdintasun planak sustatu nahi dituzte behartuta ez dauden enpresetan ere, eta sexu jazarpenaren aurkako protokoloen gaineko kontrola estutu. Halaber, zaintzaileen lan baldintzak «duintzea» erraztu nahi dute, eta lan gaixotasunen definizioan ere genero ikuspegia txertatu.
Berdintasuna zehar lerro gisa ezarri nahi du Nafarroako Gobernuak legez
Berdintasun legearen proiektua onartu du gobernu kontseiluak; parlamentura igorriko du datozen asteetan. Nafarroako Berdintasun Institutuak plan estrategiko bat landu beharko du urtebetean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu