Koronabirusa

EBk proposatu du suspertze plana %22 gutxitzea eta betoa aitortzea

Herbehereak buru dituen taldea akordiora batzeko azken proposamena egin du Kontseiluak. 110.000 milioi euro gutxiago joango lirateke diru laguntza zuzenetara, kredituen mesedetan

Herbehereetako lehen ministro Mark Rutte, atzo arratsaldean, goi bilerako laugarren eguneko negoziazioetara iristen. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Europako goi bilerek badute beren funtzionamenduan maltzurra bilaka daitekeen mekanismo bat: erabakiak aho batez hartu behar direla. Horrek parte hartzaileak eraman ohi ditu, baita ados daudenenean ere, zoko batean ariko balira bezala negoziatzera. Hala gertatzen ari da ostiralean hasitako bilerarekin. Azken urteetako diru poltsarik handiena eta horren banaketa dute eztabaidagai 27 gobernuburuek: datozen zazpi urteetako (2021-2027) Europako Batasunaren aurrekontua eta, bereziki, COVID-19aren krisi ekonomikoari aurre egiteko suspertze plana.

Batasunaren historiako goi bilerarik luzeena da dagoeneko. Kazeta hau ixterako orduan ez zuten akordiorik lortu, baina suspertze planari dagokiona gertu zegoen. Herbehereetako lehen ministro Mark Ruttek, adibidez, aldeko iritzia agertu zuen iluntzean, Europar Kontseiluaren azken proposamenaren berri jaso zuenean; eta Rutte izan da, hain justu, aurkakoen artean gehien nabarmendu dena.

Hasi zenetik eta igarotako lau egun eta hiru gauetan,argi geratu den gauza bakarrenetakoa izan da hamarnaka mila milioi euroren kostua izango zuela ahobatezko erabakiak edo, bestela esanda, kostu hori izango zuela beto eskubidearekin mehatxu egin duten herrialdeak azkenean ez oztopatzea funtsean denek nahi eta behar duten akordioak. Kontseiluaren hirugarren testuaren arabera, 140.000 milioi ingurukoa izan daiteke hori. Horrekin batera, Batasunak %22 gutxituko lituzke diru laguntza zuzenak, kredituen mesedetan.

Bi bloke irudikatu dira denbora honetan, eta hainbatean hausteko zorian egon dira negoziazioak. Batetik, Frantziak eta Alemaniak osatutakoa. Haiek egin zuten lehen proposamena, eta horri batu zitzaizkion gero funtsaren behar gehien duten herrialdeak —Italia eta Espainia, esaterako— eta Europako erakundeak. Bestaldean, Herbehereak buru dituen eta Suediak, Danimarkak eta Austriak osatzen duten Xuhurren Taldea —Frugal four— eta Finlandia.

Bostekoak jarrera irmoa azaldu zen ostiralean. Haien leloa: ez zutela diru laguntza zuzenik onartuko. Bazekiten, dena den, borroka galdua zela hori, eta orduek aurrera egin ahala lortu dute kopurua gutxitzea, eta nabarmen: 500.000 milioi eurotik 390.000 milioira. Kredituena, berriz, 360.000 milioi eurora gehitzea lortu dute. Hasierako proposamena honako hau zen: 500.000 milioi transferentzietan eta 250.000 milioi kredituetan.

Hiru laguntza programatan proposatu dira murrizketarik handienak: energiaren alorreko Trantsizio Justua deiturikoan —Alemaniari eta erdialdeko eta ekialdeko herrialdeei eragiten die bereziki—, eta ikerketa alorreko Horizonen eta InvestEU inbertsio programan —bi horiek Europako Batzordearenak dira, eta, beraz, ez dira estatuentzako diru laguntza zuzenak—.

Egun hauetan argi geratu den beste kontuetako bat da laguntzen gaineko kontrola hasieran planteatu baino handiagoa izango dela: estatu bakoitzak Bruselari erakutsi beharko dio harekin konprometitutako erreformak egiten ari dela. Xuhurren Taldeak horietako batzuk adostu nahi zituen goi bileran —adibidez, lan merkatuena eta pentsio sistemena—, baina, momentuz, ez dute halakorik zehaztu. Horrek, dena den, ez du esan nahi aldarrikapen horri eutsiko ez diotenik.

Kontrol zorrotzagoa

Izan ere, talde horrek nahi zuen Batzordeko estatu guztiek izatea hitza eta botoa laguntza jasotzen duten herrialdeek egin behar dituzten erreformetan; hortaz, eta erakundearen funtzionamenduari segituz, nahi zuten aho batez onartu behar izatea laguntza horietako bakoitza. Horretarako, proposamen bat egin du Kontseiluak, zeina Xuhurren Taldearen eskaeratik gertuago baitago hegoaldeko estatuen proposamenetik baino. Horren arabera, eta «salbuespen gisa», edozein herrialdek eskatu ahal izango luke hurrengo goi bileran proposamen bat aztertzea, egitasmo horretan ikusiko balute dirua ez dela adostutako politiketara bideratzen. Horren arabera, beraz, beto eskubidea indarrean egongo litzateke. Herrialde batek «larrialdiko balazta» aktibatuko balu, ordainketak bertan behera geratuko lirateke eta eztabaida Kontseilura bidaliko, eta han aho batez hartzen dira erabakiak. Europako buruzagiek, gainera, hiru hilabeteko epea izango lukete erabakitzeko, laguntzak atzeratuz.

Beste eztabaida nagusia da finantzaketarena, eta hor ere lortu dituzte zenbait hurbilpen. Batzordeak adostutako milioiak zor merkatuetan bilduko ditu Bruselak, eta interesak ordainduko ditu bere aurrekontuekin eta baliabide propioak sortuz: zerga berriekin, adibidez.

Zor partekatua

Aurrekaririk gabeko erabakia da hori. Xuhurren Taldeak ez zuen zorra banatu nahi, eta aurrekontu txikiagoa eskatu zuen, proportzioan haiek egiten duten ekarpena jasotzen dutena baino handiagoa delakoan. Konpentsazio moduko bat lortuko lukete. Trukean, herrialde horiek Erresuma Batuak orain arte erabili dituen deskontu txekeak jasotzen jarraituko lukete —brexit-aren ondoren, Batasunaren asmoa zen txeke horiek kentzea—.

1,074 bilioiko kopurua jasotzen du aurrekontu egitasmoak; hasieran 1,1 bilioikoa zen. Kopuru zehatzik ez dute adostu oraindik, baina, hori mantenduko balitz, murrizketa horren zati handiena aipatutako txekeei legokieke, herrialde horiek 27.000 milioi euroko deskontuak izango baitituzte datozen urteetan, aurreko zazpietan baino 7.000 milioi gehiago.

Horrek ere eragingo du aurrekontuetan. eta hor jasotako beste funts batzuk are gehiago apalduko dituzte, bereziki Europa ekialdeko eta hegoaldeko herrialdeei eragiten dietenak: kohesio funtsa eta Nekazaritza Politika Bateratuarena. Bigarren horren kasuan, adibidez, %10-15eko murrizketak jasotzen dira Frantziarentzat eta Espainiarentzat. Horren inguruan ez zen proposamenik jakinarazi kazeta hau ixterako orduan. Kohesio funtsaren kasuan, laguntza horien hartzaile nagusiak dira ekialdeko herrialdeak. Horiek ere —Hungaria eta Polonia buru dutela— mehatxu egin dute ahots batasuna hausteko. Haien kasuan ere, Xuhurren Taldekoek nahi dute kontrol handiagoa ezartzea haiei emandako diru laguntzetan, eta herrialde horietan zuzenbide estatuak indartzeko eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.