Koronabirusa

Koronabirusak iragan astean baino hamahiru hildako gutxiago utzi ditu

Koronabirusa zuten 59 pertsona hil dira astebetean, eta, hori dela eta, COVID-19aren ondorioz hildakoen kurba apalduz joan da azken astean. Beste 697 positibo atzeman dituzte egun batean

Uxue Rey Gorraiz.
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Goranzko joerak etenaldia izan du Hego Euskal Herrian birusaren ondorioz izandako heriotzen kopuruan. Izan ere, azken datuen arabera, apaldu egin da aste batean gaitzarengatik zendutakoen zenbatekoa. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jakinarazi dutenez, joan den igandera arte 59 pertsona hil ziren astebetean. Zehazki, irailaren 21etik 27ra erregistratutako kasuei dagokie kopuru hori. Azken asteko kopurua hori izanik, aurreko astean baino hamahiru gutxiago hil dira Hegoaldean. Izan ere, 72 hildako izan ziren hilaren 14tik 20ra bitarteko astean. Hain justu, orduan erregistratu zuten pandemiaren bigarren olatuko hildako kopururik handiena.

Nafarroako Gobernuak egunero ematen ditu birusarengatik hildakoei buruzko datuak. Eusko Jaurlaritzak, berriz, asteazkenetan ematen du heriotza horien gaineko informazioa. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu behar da Jaurlaritzak atzo emandako datuetan ez direla sartzen COVID-19arekin eri ziren pertsonen heriotza guztiak: heriotzaren kausa nagusia gaitza bera izan den kasu horiek bakarrik daude bilduta hark emandako kopuruan.

Bestalde, gaitzarengatik hildakoen kurba apaldu bada ere, kezkagarriak dira pandemiak Hegoaldean utzitako datuak; kutsatzeei buruzkoak, batik bat. Horiei dagokienez, beste behin, Nafarroaren egoera da larriena azken zenbaketei erreparatuta. Osasun Departamentuak emandako datuen arabera, hilaren 21etik 27ra, 100.000 biztanleko 375 positibo izan dituzte foru erkidegoan; %23 hazi da. Proportzioan, positibo kopurua aski txikiagoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 100.000 biztanleko 128 kasu detektatu dituzte aste berean.

Atzo argitaratutako datuei dagokienez, azkenaldiko joerari eutsiz, Nafarroan atzeman dute positibo gehien: 265 kasu zenbatu dituzte egun bakarrean. Kopurua txikitu egin da bezperakoarekin konparatuta; izan ere, 318 atzeman zituzten herenegun. Halaber, behera egin du lurralde horretan egindako PCR proben gaineko positibotasun tasak ere: %8,8koa izan da azken egunean. Bezperan, %10eko langa gainditu zuen tasak.

Herrikako egoera aztertuta, Nafarroan atzemandako kasuen %46 Iruñerrian izan dira. Atzerago daude Tutera ingurua (%34) eta Lizarrerria (%8). Gainerako kasuak foru erkidegoko beste herri batzuetan erregistratu dituzte, Osasun Departamentuak jakinarazi duenez.

Hegoaldeko gainerako lurraldeetan, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, hiruretan ugaritu dira kasuak. Bizkaian 198 atzeman dituzte; Gipuzkoan, 138; eta Araban, aldiz, 83. Bertan, bikoiztu baino gehiago egin da egun bakarrean atzemandako positiboen kopurua: 39 detektatu zituzten aurreko egunean. Gainera, Gasteizen detektatu dituzte Arabako kasuetatik 63; are, bertan ere bikoiztu egin dira egun bakarrean atzemandako kasuak. Osakidetzak 9.741 PCR proba egin zituen asteartean, eta proba horien guztien %4,43k eman dute positibo.

Erietxeak, birusak harturik

Hegoaldeko erietxeetan koronabirusaren ondorioz ospitaleratuta dauden gaixoen kopuruak ez du gorabehera handirik izan azken asteotan. Irailaren erdialdetik aitzina, antzeko mantendu da erietxeratuta daudenen zenbatekoa: 500 inguru izan dira ordutik. Zehazki, Osakidetzaren eta Osasunbidearen datuen arabera, herenegun 38 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak zituztela, eta oraintxe bertan 470 daude erietxeratuta. Horietatik 79 ZIUetan daude.

Halaber, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, koronabirusa zuten bi pertsona hil dira azken egunean foru erkidegoan. Zehazki, 80 urteko gizonezko bat eta 87 urteko emakumezko bat dira hildakoak. Gainera, Arabako Aldundiak atzo zabaldutako datuen arabera, egoiliar bat hil da azken egunean lurralde horretan, birusaren sintomak zituelarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.