Euskal presoak

ETAko kide ohiek ukatu egin dute abokatuen erakundearekiko lotura

Koordinazio Taldeak euskal presoen kolektiboaren mezulari gisa lan egiten zuen, 13/13 epaiketako defentsaren lekukoen hitzetan. Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak abokatu lanetan ziharduten

13/13 sumarioko auzipetuak eta abokatuak, Espainiako Auzitegi Nazionalera sartzen, joan den uztailean. MARTA JARA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa ez zegoen ETArekin lotuta, ezta KT Koordinazio Taldea ere. Eta Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuek lan juridikoa egiten zuten espetxeetan zein espetxetik kanpo: ez bertzerik. Tesi horiek defendatu zituzten atzo, nork bere hitzekin, Espainiako Auzitegi Nazionalean 13/13 epaiketako defentsaren lekuko gisa arituriko EPPK-ko eta ETAko kide ohiek. EPPKren izenean Ana Belen Egues euskal presoa eta Juan Lorenzo Lasa Mitxelena Txikierdi euskal preso ohia aritu ziren, eta ETAn izandako jardunaz mintzatu ziren David Pla, Jon Salaberria eta Aitor Elizaran etakide ohiak. Bertze bi lekukok ere hartu zuten hitza: Erramun Landa Mendibek —2010eko apirileko Polizia operazioan atxilotu zuten, 13/13 sumarioko auzipetuekin batera— eta Andres Iraculis Miguel enpresariak —iraultza zergaz galdetu zioten—.

Alfontso Zenon defentsaren abokatuaren, Jose Perals fiskalaren eta akusazio partikularraren galderei erantzun zieten guziek, baita argi eta zehatz ihardetsi ere. Villabonako espetxetik mintzatu zen Egues EPPK-ko mintzaidea: «ETArekiko independentea den erakunde bat da EPPK. Gure funtzio propioa daukagu kartzelen barruan, independentea». Azaldu zuen, erraterako, 2005ean bilera bat egin zutela hark eta Lasa Mitxelenak EPPK-ko mintzaide gisa Espainiako Espetxe Erakundeen ordezkari batekin, Granadan (Espainia). Koordinazio Taldeaz eta abokatuen lanaz ere mintzatu zen Egues: «Egoera juridiko eta politikoaz informatzen gintuzten KTkoek, eta funtzio hori nirekin Arantzak betetzen zuen». Baina ukatu egin zuen KTk ETAren agindurik jasotzen zuenik. Ezta EPPK-k ere: «Kartzelan nagoenetik eta EPPK-ko kidea naizenetik, ez dut inolako loturarik izan ETArekin, ezta komunikaziorik ere».

EPPK bera 1993an espetxeetan hasitako eztabaida baten ondorioz sortu zela azaldu zuen Lasa Mitxelenak, eta hark ere berretsi zuen kolektiboa ETArekiko askea zela: «EPPKn denetarik zegoen, ez bakarrik ETAko kideak. ETArekin kritikoak zirenak ere bazeuden». Koordinazio Taldeari buruz, berriz, adierazi zuen abokatuek ez zutela «zehazki laguntzen» presoen arteko koordinazioan: «Gure eztabaidak transmititzen zituzten». Mezulari gisa, alegia. Sakonago ere azaldu zuen nork zeraman KTren gidaritza: «Gure aginduak jarraitzen zituzten KTkoek, eta gu ez ginen ETAkoak. [...] ETAk izan zezakeen bakarra euskal gizartearekiko erreferentzialtasun politikoa zen». Zuluetarekin zuen tratuaz, berriz, adierazi zuen «preso politiko» gisa zeukala. Erran zuen dokumentuak pasatu izan zizkiola Zuluetak, presoei buruzkoak, baina «kartzelaren bidez» sartu izan zizkiola. Eta «egoera juridikoagatik» elkartu izan zela harekin, beti. «Askotan egoten nintzen harekin: zoritxarrez, epaiketa asko izan ditut». Erramun Landak, berriz, deklaratu zuen atxilotu zutenean ez zuela Zulueta ezagutzen.

Salaberria ETAko kide ohiak zehatz azaldu zuen zein zen Koordinazio Taldearen lana: «Espetxetik kanpo euskal preso politikoen kolektiboaren dinamikak koordinatzen zituen, kontuan hartuta dispertsioaren ondorioz 90 espetxetan geundela. Kolektiboarekin lotutako jarduerak ziren: dispertsioaren amaiera, kartzela zehatzetako egoerak...».

Hitzordurik ez Mimizanen

ETAko kide ohiei Zuluetak eta Enparantzak erakunde armatuan izandako balizko parte hartzeaz galdegin zieten: ea iraultza zergaren kudeaketan parte hartu zuten, ea «ituen» inguruko informaziorik pasatu zieten, ea Espainiako Auzitegi Nazionalari buruzko planorik enkargatu zieten... Galdera horietako guziei ezetz erantzun zieten, denek. Salaberria: «Sinesgaitza irudituko litzaidake abokatu batzuek ETAri aginduak ematea». Elizaran: «ETAk ez zuen horrela funtzionatzen». Halboka zer ote zen galdegin zioten Plari, eta erran zuen gerora ezagutu zuela: «ETAko militante gisa ez nuen Halbokari buruz ezer entzuna».

2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Okzitania) izandako ustezko hitzorduaz galdetu zieten Salaberriari eta Plari, halaber —hitzordu horretan agertutako ezizen batzuekin lotzen dituzte Enparantza eta Zulueta—, eta biek ukatu zuten han egon izana. Salaberria: «Hitzordu hori ez zen existitu». Plak ere ukatu egin zuen ustezko hitzordu horren biharamunean Enparantzarekin Donostiako Artzain Onaren katedralean elkartu izana. Epaiketak gaur segituko du, defentsaren lekuko gehiagoren deklarazioekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.