Olhako aldarria bizi da

Bukatu da Senpereko Olha etxaldearen salmenta espekulatiboa salatzeko abiatu okupazioa. Baiona eta Donibane-Lohizuneko bideak blokeatu dituzte

Ehunka polizia agertu ziren, ekintzari aurre egiteko. GUILLAUME FAUVEAU.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Atzo 10:00etan emana zuten hitzordua Baionan eta Donibane-Lohizunen (Lapurdi), Senpertarren kolektiboak, ELBk, Lurzaindiak eta Ostia kolektiboak, bideak blokeatzeko. Senpereko (Lapurdi) Olha etxaldearen okupazioaren bultzatzaileak izan dira lau talde horiek: ekainaren 27tik atzo arte, bi hilabetez, Senpereko etxe bat okupatu dute, hainbatbiztanleren laguntzaz. Jabearekin eta eroslearekin abiatu zituzten elkarrizketak ezerezean gelditu-eta, jabeek 1,3 milioi euroan salmentan eman zuten etxea; atzo, okupazioaren bukaera iragarri zuten, salmenta gauzatu dela eta.

Baionako bideetan auto ilarak erraz sortu ohi dira, batez ere Leroy Merlin saltokiko biribilgunean. Ilara horiek fenomeno baten isla dira: hirian barna, eta harago ere, geroz eta eraikin gehiago sortzen ari dira, geroz eta jende gehiagori harrera egin ahal izateko; haatik, erabaki horien parean, gazteek eta beste anitzek ezin dute etxebizitzarik atzeman, karioegia baitzaie. Lapurdiko kosta sekula baino arrakastatsuagoa da, bere onura eta kalte: geroz eta bigarren etxebizitza gehiago dira, adibidez, prezioak erabat goratzen dituztenak. Ondorioz, bertako jendeak ez du gehiago herrian bizitzeko baliabide nahikorik.

Hori ez ezik, laborantza lurrekin ere arazoak sortzen dira, salmenta espekulatiboen harira haien laborantza funtzioa galtzen baitute usu. Bertako elkarte eta kolektiboak erantzunak atzematen saiatzen dira, auto ilara oraindik gehiago sortuz batzuetan, jendeen atentzioa pizteko. Horren erakusgarri, atzo, banderolak beso azpian, Baionako Leroy Merlinen biribilgunean bildu ziren ehun bat militante, eta mezuak zabaldu zituzten: «Egiazko herri laborantza baten alde», irakurtzen ahal zen; edo, «Espekulazioa, Euskal Herriko minbizia».

Aldarriz jantzirik, errepideraino hurbildu ziren; baina, ekintza abiatu zutenerako, jadanik autorik ez zen kasik gehiago. Dozenaka jendarmeria furgoneta, ehunka polizia eta Errepublikako Segurtasun Konpainia (CRS) andana bat agertu ziren goizetik, autobide irteerak eta bideak blokeatuz. Hala, biribilgunea hutsik geratu zen, alde batetik zein bestetik, ondoko biribilguneraino, 300 bat metrora.

Hala ere, ekintzak efektua izan zuen, zeren Baionako biribilgune nagusienetarikoa da Leroy Merlinekoa, eta jende anitzi bidea oztopatu zieten. Gainera, militanteak, alde batetik zein bestetik, autoetara hurbildu ziren esku orriak banatzeko eta auto gidariek banderak ikus zitzaten.

Traktoreak, oihu artean

Ekintza hasi eta 40 bat minutura, hogei bat traktore iritsi ziren, azkenean; Poliziak geldiarazi zituen metro batzuk lehenago, protesta oztopatuz. Hala ere, heldu ziren, beste militanteen txalo artean. Eta hasi ziren oihuka: «Lurrak, laborarientzat! Euskal Herria ez da salgai!». Ordura arte aldarrien zain izan balitz bezala, Poliziaren helikopteroa abiatu zen orduan, oihuak tapatuz.

Dena dela, ekintzak aitzina jarraitu zuen, eta, ordu bat iragan ondoren, Dominika Ameztoi Lurzaindiko buruak eta Filipe Laskarai militanteak hitza hartu zuten. Laskaraik zehaztu zuen: «Hala ere, borrokak aitzina segitzen du. Hautetsiak deitu ditugu, haien ardurak har ditzaten, zeren eta badute beren rola betetzeko borroka horretan. Halako aferetan beti parean aurkituko gaituzte!». Gazteagoentzat ere espekulazioaren eta laborantza lurren «ebasketak» oso kezkagarriak dira. Annabelle Meyer ELB Gaztekoa da; laborari hasi da. «Traktorearekin jin naiz, laborari lankideekin manifestatzera, eta erakustera ez garela ados gertatzen ari denarekin. Problematikari lekua egiten diogu kalean ere, gure aldarriak entzunaraziz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.