Greba mugagabearekin erantzun diote Ingemar ixteko erregulazioari

Usurbilen diharduten langile guztiak kaleratzeko dosierra aurkeztu dute, lantaldea erdira murriztu eta urte erdira. Ilusioa sortu zuen 2017ko iraileko itunaren planak, baina zor handiak zapuztu du hura

Ingemarreko langileak 2017ko erregulazio osteko egoera azaltzeko egindako agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
xabier martin
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Marmolak prozesatzeko Usurbilgo (Gipuzkoa) fabrikan beltzez margotu da berriro etorkizuna, zuzendaritzak 35 beharginak kaleratzeko erregulazioa aurkeztu baitu. Itxiera da Ingemarreko buruzagien helburua, langile batzordeak atzo salatu zuenez, eta ixteko saio horri greba mugagabearekin erantzutea deliberatu dute. Ingemar taldearen barruan zeuden hala Lugoko lantegia (Galizia) nola Usurbilgoa, baina 2018. urtearen amaieran bat-egite prozesu bat abiatu zen, eta hortik Grupo Ingemar SL atera zen. «Bide batez, enpresaren egoitza Gipuzkoatik Galiziara eraman zuten», azaldu zuen langile batzordeak. Eta egoitza lekualdatu ondoren, jatorrizko fabrika ixteko garaia dela erabaki du zuzendaritzak. Usurbilen beharrean geratzen diren 35 langileen mobilizazioa izango dute aurrez aurre.

Zaharra da Ingemarreko lan gatazka. Gipuzkoako marmol lantegiaren arazoak aspaldian hasi ziren, eta taldeak, gaur egun, 50 milioi euro inguruko zorra dauka; egoera horri buelta emateko ez da trebetasunik egon azken urteetan, edota gihar finantzario nahikorik. «Zuzendaritzak 2009. urtetik aurrera berregituratzeari ekin zion, eta, apurka-apurka, Usurbil deskapitalizatuz joan da, ekoizpena lekuz aldatuz eta langileak kaleratuz».

2017. urte hasieran hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen enpresak, eta, hortik, hartzekodunen ituna atera zen 2017ko azaroan. Gero, 2018an taldearen aktibo guztiak bat egitea proposatu zen, eta 2019ko urtarrilean Usurbilgo lantegirako bideragarritasun plan bat aurkeztu zen. ELA sindikatuak dio taldearen aktiboak 48 milioi euroan balioetsita zeudela bat egitearen aurretik; «eta bat egitearen ondoren 24 milioi eurotan».

Langile batzordeak kontatu zuen 2017ko erdialdean kaleratze dosier zabal bat aurkeztu zuela zuzendaritzak, horietatik gehienak Usurbilgo lantegiko beharginentzat. 2017ko irailean, erdira murrizturik geratu zen 70 beharginen lantaldea; borondatez utzi zuten lanpostua, pizgarrien bidez eta erretiroekin. Industria plan berri batekin fabrikak gora egiteko esperantzan jarraitu zuten geratu ziren langileek; baina orain, kaleratzea da zuzendaritzaren plana haientzat, eta mobilizazioen txanda iritsi da berriro.

Urtarrilaren 12an hartzekodunen konkurtsoan sartu zen Ingemar; Lugon aurkeztu zuen eskaera, taldearen beste lantegia dagoen lekuan. Urte eta erdi lehenago jabeek inbertsioak agindu zituzten Usurbil gora joan zedin, baina ezerezean geratu dira plan horiek. Eta langile batzordeak galdera bat egin dio zuzendaritzari: «Nola egingo diote aurre zorrari balio erantsirik handieneko produktua egiten duen lantegia ixten badute?».

Navalen alde, Madrilen

Aspaldikoa den beste lan gatazka bat Sestaoko Naval ontziolarena da, baina enpresa hori are okerrago dago. 173 langileak kaleratu dituzte jadanik, eta azken asteotan erakundeekin batzartzen ari dira irteera baten bila, Cadizera, Ferrolera edo Cartagenara lekualdatzea ez baitute benetako irteeratzat jotzen. SEPIk hori eskaini die langileen erdiari, Naval pribatizatu aurretik berme hori eman baitzieten langileei.

Navaleko 100 bat behargin Madrilen egon ziren atzo, PSOE alderdiaren egoitzaren aurrean manifestatzen. Arratsaldean, berriz, Espainiako Industria Ministeriora eraman zuten protesta. Ordezkariek bilera zuten han ministerioko arduradunekin. Sestaon geratu nahi dute jardunean, eta horretarako erakundeen konpromisoa eskatzen ari dira, likidazioa bere bidea egiten ari den arren, eta orain arte inbertitzailerik azaldu ez den arren. Naval publiko bihurtzea nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.