Lehen arretako langileak grebara deitu dituzte ELA, LAB eta ESK-k

Osakidetzako Lehen Arreta Arnasberritzen plataformaren aldarrikapenekin bat egin dute sindikatuek. Apirilaren 12an izango dute lehena, eta hilean behin egitea da euren asmoa

Iazko abenduan Osakidetzako Donostiako osasun etxe baten aurrean langileek eginiko prosteta. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Kargua hartu berritan erantzun diote Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari. ELAk, LABek eta ESK-k apirilaren 12rako grebara deitu dituzte Osakidetzako lehen arretako langileak. Oraindik Jon Darpon sailburu zenean, LAA Lehen Arreta Arnasberritzen plataformako kideek iragarri zuten hilean behin egingo zutela greba egun bat, eta sindikatuak herenegun batu ziren mobilizazioetara. Martxoaren 15erako zegoen deituta lehena, baina bertan behera utzi zuten; egun bat lehenago eman zuen dimisioa Darponek, Osakidetzako oposizioetako iruzurren auziagatik.

Apirilaren 12rako eta maiatzeko deialdiei eutsi diete, baina, LAAk eta Osakidetzako gehiengo sindikalak. SME medikuen sindikatuak ez ditu mobilizazioak babestu; erizainen SATSEk, CCOOk eta UGTk aintzat hartu dituzte aldarrikapenak, baina oraingoz ez dute grebarekin bat egin.

Plataformako kideek hainbatean gogoratu dute lehen arretako zerbitzuen erabilera urtez urte handitzen ari dela, eta arrazoi ugari daudela horretarako: gizartearen zahartzea, gaixo kronikoak ugaritzea, etxean artatu beharrekoena... Hori hala izanik, euren lan baldintzek okerrera egin dutela nabarmendu dute: besteak beste, pazienteak behar bezala artatzeko denborarik ez dutela, euren jarduna eragozten duen burokrazia gehiegizkoa dela eta langileen ordezkapen eskasak salatu dituzte. Galdegin dute, halaber, lantaldeen autonomia handitzea eta gainerako osasun sareekin eta gizarte zerbitzuekin osotasun baten parte izatea. Egun, lehen arreta zerbitzuan 4.500 langile ari dira 300 zentrotan. Osasun Sailaren arabera, mediku bakoitzak batez beste 28-29 gaixo artatzen ditu egunean, eta bederatzi-hamar minutu igarotzen ditu bakoitzarekin. LAArentzat, ordea, handiagoak dira ratio horiek.

Osasun Sailaren eskaintza

Lehen mailako zerbitzuen kalitatea hobetzeko estrategia aurkeztu zuen Osasun Sailak otsailaren 20an, plataformak mobilizazioak iragarri eta 11 egunera. Gobernuak proposatutako neurrien artean hauek zeuden: familia medikuentzat eta erizainentzat beste 80 lanpostu sortzea, langile bakoitzeko herritar kopurua jaitsi ahal izateko; eta lanaldiak luzatzeko aukera izatea, eta ordezkapenak egiteko kontratu egonkor malguak sortzea.

Osasun Sailaren egitasmoa «anbiguoa eta zehaztugabea» dela salatu du lehen arretako langileen plataformak. Zenbait asmo «positibotzat» dituen arren, uste du «urrun» daudela zerbitzu horren beharretatik. Besteak beste, azpimarratu du lantaldeen autonomiaren eta kudeaketari buruzko proposamenik ez dagoela testuan, erizain-pazienteen ratioa eskasa dela, administrazio arloa indartzeko proposamenik ez dagoela, Osasun Sailak gehiegizko burokratizazioari eusten diola, eta lan kontratuen prekarizazioa ez duela aintzat hartzen.

2017ko urrian eratu zuten LAA Lehen Arreta Arnasberritzen plataforma, eta iaz abiatu zituzten protestak. Otsaileko batzarrean 300 langilek parte hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.