Legebiltzarrak, gutxieneko 1.200 euroko soldata barik, igoera orokorrak nahi ditu

EH Bilduren mozioak eskaera egin dio Jaurlaritzari bere eskumeneko lanetan gutxieneko soldata hori ezartzeko. Elkarrekin Podemosek bakarrik babestu du

1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen duen kartel bat, LABen manifestazio batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek Espainiako Gobernuak ezarritako gutxieneko soldata edukitzen jarraituko dute,Eusko Legebiltzarrak baztertu egin baitzuen atzo gutxieneko ordaina 1.200 eurora igotzeko proposamen bat. EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkideak aurkeztu zuen mozioa. Gutxieneko soldata ezartzea Espainiako Gobernuaren eskumena dela onartuta,«neurria ezartzeko beste bide batzuk» daudela gogorarazi zien gobernuan dauden alderdiei: «Administrazio publikoek konpromisoa hartu dezakete egiten dituzten kontratazioetan ordain hori emateko». EAJk, PSE-EEk eta PPk baztertu egin zuten eskaera. «Ardurei ihes egitea» leporatu zien Casanovak.

Ekinaldia aurkezteko «nahikoa arrazoi» daudela azaldu zuen, gaur egun egiten diren politikek «ezberdintasunak areagotu besterik ez dutelako egiten». Gainera, gutxieneko soldata igotzeko baldintza sozioekonomikoak badaudela esan zuen.

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 900 eurokoa da gaur egun, eta 1.200 euroko zenbatekoa «ez da asmatutako zerbait», Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandez legebiltzarkidearen arabera. EH Bilduren mozioarekin bat egin zuten atzo, eta sektore arteko gutxieneko soldata BPGaren araberakoa izan dadin lortu nahi izan zuten horrela. «Europako batezbestekotik urrun dago egungo zenbatekoa». Horregatik, soldatak hobetzeko tarte handia dagoela aldarrikatu zuen, eta PSE-EEri galdetu zion ea zein arrazoi zituen gisa horretako akordio bat ez babesteko.

Alexia Castelo PSE-EEko legebiltzarkideak erantzun zion ez duela ulertzen «euskal gutxieneko soldata» baten beharra. «Langile guztientzako izango den gutxieneko soldata bat defendatzen dugu guk». EAJko Estibaliz Larrauri legebiltzarkideak, bestalde, soldaten igoeraren aldeko «jarrera irmoa» dutela adierazi zuen. «Horretarako tartea badago; orokorra izan daiteke, baina ez unibertsala».

Gutxieneko soldata igotzeko eskatzen zuen mozioa ez, baina soldaten igoera eskatzen duen mozioa babestu zuen Eusko Legebiltzarrak. EAJk eta PSE-EEk aurkeztu zuten mozioaren arabera, negoziazio kolektiboaren esparruaren barruan soldata igoerari buruzko neurriak hartzea eskatu zuten. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkako botoa eman zuten, eta PP abstenitu egin zen. Era berean, Eusko Legebiltzarrak eskaera egin zion Jaurlaritzari lan publikoetan hitzarmen kolektiboetan bildutako neurriak bete daitezela berma dezan.

Euskal esparruaren aurka

Azken urteetan, gehiengo sindikalak maiz eskatu du 1.200 euroko gutxieneko soldata. Atzoko bozketaren ostean, LABek ohar baten bidez gaitzetsi zuen EAJk, PSE-EEk eta PPk «patronalaren alde» egin izana. «EAJk, beste behin, azken bi lan erreformak inposatu zituzten alderdiekin bat egin du politika neoliberalak aplikatzen jarraitu ahal izateko». Eta jeltzaleen jokabidearen aurka egin zuen berriz ere: herenegun, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, babes sozialerako euskal esparruaren alde egin zuten, baina, atzo, «esparru propio hori osatuko zuen gutxieneko soldata ezartzearen aurka» egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.