Kutxabanken kontrola aldundietara eta udaletara itzultzeko eskatu dute

BBK eta Vital fundazioetako patronatuen osaeran irizpide demokratikoak kontuan hartzeko eskatu du Kutxabank Publikoa plataformak. Euskaltel bezala, bankua pribatizatzeko arriskua ikusten du
Kutxabank Publikoa plataformako kideak, atzo egin zuten agerraldian, Bilbon.
Kutxabank Publikoa plataformako kideak, atzo egin zuten agerraldian, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko uztailak 11
Euskaltelen gertatu den pribatizazio prozesua Kutxabanken errepika daitekeela. Kezka hori azaldu zuten atzo Kutxabank Publikoaren aldeko plataformako kideek, eta bankua aurrerantzean ere erakunde erdi publiko izateko neurriak har daitezela eskatu zuten. Telefonia konpainia pribatizatu egin baitzen, «funts putreei erdi oparitu», eta aurrerantzean beharginen lan baldintzak kaskartu egingo direla adierazi zuten. Areago, Euskaltelen egoitza sozialak Derion (Bizkaia) dago oraindik ere, baina «edonoiz alda dezakete hori», esan zuen Urtzi Ostolozaga LABeko kideak. Alegia, publiko izan den enpresa esku pribatuetara joaten denean gerta litezkeenei buruz ohartarazi zuen plataformak, Kutxabanki gerta dakiokeenarekin kezkatuta.

Bankuak bilakaera hori izan ez dezan, plataformak eskaera bat egin zuen agerraldi publiko batean: akzioen jabetza euren jatorrizko jabeei itzultzea. «Hau da, Kutxabanken kontrola aldundiei eta udalei itzuli behar zaie, eta fundazioak kudeatzaile hutsak izan daitezela», esan zuen Ianire Landaluze ELAko ordezkariak. «Horrela, Euskaltelen gertatu den egoera tamalgarria berriz ere errepikatzea saihestuko genuke».

Aldundien eta udalen kontrola bermatzeaz aparte, BBK eta Vital fundazioak «demokratizatu» behar direla ere aldarrikatu zuten plataformako kideek, eta bi fundazioetako patronatuetan atzerapausoak eman direla salatu. Izan ere, hauteskunde politikoen ondoren osatuko den patronatu berrirako bi fundazioek egindako proposamenean bi alderdi ez daude ordezkatuta —EH Bildu eta Ahal Dugu—, ezta ELA eta LAB sindikatuak ere —CCOOk ordezkaritza dauka—.

Eredu gisa Kutxa fundazioa jarri zuen plataformak, bertan alderdi politiko denek dutelako ordezkaritza, eta eragile sozialek zein sindikalek parte hartzen dutelako patronatuan. «Erakunde publikoetan hauteskunde politikoak daudenean ordezkariak berritu egiten dira, bi erakunde hauetan izan ezik», esan zuen Landaluzek. BBK eta Vital fundazioek iraganean eredu «nahiko demokratikoa» zeukatela ere esan zuen, baina orain aukeraketa hori beste irizpide batzuen arabera egiten da.Botoen araberako ordezkari kopurua bermatu behar dela eskatu zuen plataformak, egun ez baita horrela gertatzen.

Irizpideak aldatzea

Horren adibidea Araban eta Bizkaian legoke: EH Bildu bigarren alderdia izan zen, baina bi lurralde horietako fundazioetan dauden alderdiek —EAJ, PSE eta PP— egindako proposamenaren arabera, ez luke ordezkaritzarik eskuratuko. Horregatik esan zuten erakundeak demokratizatu behar direla.

Hori dela eta, patronatuetako ordezkariak aukeratzeko irizpideak alda daitezela eskatu zuten, eta eragile sindikal, sozial eta kulturalek ere parte har dezatela. Gaur egun, patronatuetan hamabost ordezkari daude, eta horietatik hamabi foru eta udal hauteskundeen ondoren berritzen dira. Kutxabank Publikoa plataformak egindako proposamenean ordezkari denak aldatzeko eskatu dute, baina baita patronatuek kide gehiago izateko ere. Hamabostetik 21 izatera pasa daitezela: «Aurrezki kutxen eredu demokratikoagoa berreskuratzeko, ordezkaritza sindikal osatuagoa egotea beharrezkoa da, eta, horretarako, fundazioetako kide kopurua handitzea nahi dugu».

Aldaketa horrek ez luke eragingo egungo fundazioen funtzionamenduan aldaketa handirik, Mikel Kintana Ekoneuseko kidearen arabera. «EAJk ez luke gaur egun daukan nagusitasuna galduko, baina fundazioak demokratikoagoak izango lirateke, eta gizartearentzat hobea litzateke hori». Alegia, plataformak egindako proposamenean alderdiek jasotako botoen araberako ordezkari banaketa bat egingo litzateke, eta, horri esker, EAJk gehiengoa edukiko luke hiru fundazioetan. Eredu gardenago baten alde egiteko neurria izango litzatekeela argi esan zuen Kintanak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna