Jaurlaritzak bi milioi euro gehiago jarriko ditu ardogintza laguntzeko

AEBetako muga zergen aurrean euskal ardoek han eta beste merkatuetan duten presentzia indartu behar dutela uste du. Nafarroako elikadura industriara 7,9 milioi euroko kaltea lekarkete muga zergek
Garapen Ekonomikoko sailburua, atzo, mahastizainekin eta ardogileekin egindako bileran.
Garapen Ekonomikoko sailburua, atzo, mahastizainekin eta ardogileekin egindako bileran. JUANAN RUIZ / FOKU

Irune Lasa -

2019ko urriak 11
Ez dago itxaropen handirik. Gaur zortzi jarriko dira indarrean, urriaren 18an, AEBek Europako hainbat esportaziori iragarritako muga zergak, eta horien artean datoz euskal ardoen esportazioentzako %25eko igoerak. Mehatxua ezerezean uzteko aukera bakanak datorren asterako hitzartu diren azken orduko negoziazioetan daude, eta, batez ere, urriaren 14an Genevan (Suitza) Munduko Merkataritza Erakundearen egoitzan bi aldeek —AEBek eta Europako Batasunak— duten hitzorduan.

«Itxaron dezagun; ikusiko dugu zer gertatzen den datorren astean. Ez gaitezen hausnarrean ibili», esan zuen atzo Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuak, hain zuzen, muga zergei buruz mahastizaintzaren eta ardogintzaren alorreko ordezkariekin bilera egin ostean.

Muga zergak izan edo ez izan, «zailtasun garaian» laguntza handiagoa emango diela esan die Tapiak ardogileei. Besteak beste, bi milioi euro gehiago jarriko ditu Jaurlaritzak, Europatik datozen merkaturatze eta nazioartekotze OCM laguntzak (4,5 milioi euro) jasotzen ez dituzten upategientzat. Ardoa Inbertsioak programa jada onartu du Gobernu Kontseiluak, eta asteartean argitaratuko da aldizkari ofizialean.

AEBak eta beste merkatuak

Arabako Errioxako ardoek eta txakolinek merkatuetan duten presentzia areagotu eta hedatu behar dutela uste du sailburuak, AEBetako merkatutik bertatik hasita. «Sektorearekin ados gaude ez dela utzi behar AEBetako merkatua; aldiz, han gure ardoen presentzia areagotu behar dela».

Horretarako, adibidez, Arabako Errioxako ardoak sartuko dira Caprice programan; AEBetako eta Japoniako merkatuak ditu helburu programa horrek, eta hiru txakolin sor-markak daude hor. Merkatu gehiagoren bila beste hainbat ekintza iragarri dizkio sektoreari Tapiak. Hala, bertako ardoek tokiko merkatuan leku handiagoa izateko elkarlanak bultzatuko ditu, adibidez, ostalaritza sektorearekin. Era berean, misioak ugaldu egingo ditu Jaurlaritzak, bai atzerriko azoketara joz, bai inportatzaileak ekarriz.

Ardoa Basque Wine Office bulegoaren sorrera ere iragarri zuen atzo sailburuak, upategiei kudeaketan, berrikuntzan eta nazioartekotzean laguntzeko xedea izango duena, eta Hazi fundaziotik zabalduko dena. Behatoki bat ere izango du bulegoak.

Rioja Taldeko buru Iñigo Torresek azaldu zuen neurri eta laguntza guztiak ongi etorriak izango direla. Hala ere, «motz geldituko dira» AEBek muga zergekin egin dezaketen kalte guztia leuntzeko».

Nafarroako ardogintza

AEBetako muga zergak bai, baina brexit-arekin etor daitezkeen kalteak are kezkagarriagoak dira ardogintzarentzat eta nekazaritzako beste alor batzuentzat ere. Itziar Gomez Nafarroako Gobernuko Nekazaritza Garapeneko kontseilariak atzo parlamentuan azaldu zuenez, brexit-ak 186 milioi euroko kaltea eragingo die herrialdeko elikagai industriako esportatzaileei.

Kopuru horri, orain, AEBen muga zergak gehitu zaizkie. Foru Gobernuaren arabera, ardogintzak nozituko du eragin handiena elikagai industrian, eta 4,5 milioi euroren kalteak izango ditu. Fruitu eta barazki zukuen esportazioek ere 1,8 milioi euroko kolpea jasango dute, eta milioi erdina euro oliogintzak eta gaztagintzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna