Iaz galdutako hamar lanpostutik sei berreskuratu dira Hegoaldean

Ia 19.000 enplegu sortu dira udaberrian, eta langabezia tasa puntu bat jaitsi da. Bereziki zerbitzuen sektoreak eta industriak bultzatu dute susperraldia. Soilik gazteen artean handitu da langabeen kopurua

Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2021eko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Lan merkatua arnasa hartzen ari da. Urteko bigarren hiruhilekoan berreskuratu egin dira iaz galdutako hamar enplegutik sei. Udaberrian ia 18.700 enplegu sortu dira Hego Euskal Herrian, eta koronabirusaren krisia hasi zenetik hiruhilekorik onena izan da. Dena den, pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko beste 16.500 lanpostu sortu beharko lirateke.

INE Espainiako estatistika institutuak atzo kaleratutako datuek erakusten dute gutxika bada ere lan merkatua suspertzen ari dela. Urteko lehen hiruhilekoan baino abiadura handiagoan handitu da bigarrenean. Txertaketa kanpainak eta gobernuek zenbait jarduerei ezarritako mugak kendu izanak konfiantza giroa sortu dute lan merkatuan.

Biztanleria aktiboaren inkestaren arabera, 134.400 pertsona daude lanik gabe, aurreko hiruhilekoan baino 12.800 gutxiago. Langabezia tasak behera egin du, eta %10,1ean dago orain. Hala ere, iazko lehen hiruhilekoan 115.400 langabe zeuden, hau da, 19.000 gutxiago. Orduan, langabezia tasa %9,3 zen.

Duela urtebete, birusaren agerpenak eragindako kolpea geldiarazteko hartutako neurriek 43.200 lanpostu suntsitu zituzten. Espainiako Gobernuak enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak eskatu ahal izateko ezarri zituen erraztasunek geldiarazi zuten kolpean; ekainaren amaieran 22.000 pertsonak zeuden oraindik egoera horretan Hegoaldean.

Langabeziaren jaitsierarekin batera, gora egin du pertsona landunen kopuruak. Horrek ere erakutsiko luke enplegua sortzen ari dela. Gora egin du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta: 18.700 gehiago. Jada 2020ko bigarren hiruhilekoan baino gehiago daude (+28.700). Krisiaren hasieran galdutako enpleguen %62 inguru berreskuratu dira. Horrek esan nahi du oraindik 16.500 lanpostu inguru falta direla.

Igoerak sektore guztietan izan du eragina, baina, bereziki, zerbitzuetan. 12.700 lanpostu sortu dira udaberrian. Industrian, berriz, 4.600, eta antzera lehen sektorean ere: 4.400. Eraikuntzan, aldiz, lanpostuak galdu dira: 2.900.

Kalitatez «eskasagoak»

Nabarmentzekoa da gazteen egoera; izan ere, INEk emandako datuek erakusten dute datuen hobekuntzak ez diela batere eragin. Are gehiago, 25 urtez azpikoen artean soilik handitu da langabezia bigarren hiruhilekoan: adin horietako 4.400 gazte gehiago daude lanik gabe. Langabezia tasa %37,8koa da EAEn, eta %26koa Nafarroan. Europako Batasunaren batezbestekotik (%18,7) oso urrun, beraz.

Sexuen arabera, langabeen kopurua gehiago jaitsi da gizonezkoen artean (-7.100) emakumezkoen artean baino (-5.700). Eta langabezia tasa handiagoa oraindik ere emakumeen artean (%10,3) gizonen artean baino (%9,9). Dena den, azken hiruhilekoan enplegua aurkitu duten gehienak emakumeak izan dira, bereziki zerbitzuen sektorean: guztira, 13.600 andre hasi dira lanean, eta 5.000 gizon.

Kontratu motei dagokienez, azken urtean sortutako lau enplegutatik hiru aldi baterakoak dira (%23,5). Bigarren hiruhilekoan handitu egin da proportzio hori: lehengoan baino 8.800 lan kontratu finko gutxiago daude; aldiz, 19.100 langile gehiago daude aldi baterako kontratuekin.

Azken emaitzak onak izan arren, sindikatuak kezkatuta azaldu dira. ELAk azpimarratu du COVID-19aren ondorioek areagotu egin dutela pandemiaren aurreko «krisi ekonomiko eta soziala». Hori dela eta, beharrezkotzat jo du enpleguaren prekaritatea amaitzeko eta lan baldintzak duintzeko neurriak hartzea; horren harira, ELAk dio «aukera bakarra» dela aurreko lan erreformak erabat indargabetzea eta langabeentzako laguntzak «aldatzea», «pobrezia egoerak eragozteko eta inor bidean ez geratzeko».

LABentzat ere ezinbestekoa da lan merkatua errotik aldatzea. «Europan lehen postuan gaude lan ezegonkortasunean eta prekaritatean». Sindikatu abertzalearen arabera, «adostasun sozial zabala» behar da aldi baterako kontratazioaz egiten den «gehiegizko eta justifikaziorik gabeko» erabilerari buruz, eta gogorarazi du Espainiako Gobernuak asmoa agertu duela kontratazio modalitateak hirura gutxitzeko, behin-behinekotasuna murrizteko eta lan merkatuaren dualtasuna amaitzeko. Baina ezbaian jarri du hori aurrera ateratzeko gai izango ote den.

CCOOk, berriz, azpimarratu du egoerak hobera egin duen arren oraindik ere pandemiaren aurrekoa baino kaxkarragoa dela. Azpimarratu du sortzen ari den enplegu ia guztia aldi baterakoa dela, eta «kalitate txarrekoa», eta bereziki kezkatuta agertu da gazteen egoerarekin. UGTk ere ohartarazi du enpleguaren kalitatea «okerrera» egiten ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.