Indarkeria matxista

Erakundeek gaitzetsi egin dute Gasteizko hilketa matxista

Erika T.-ren hilketa «irmoki» arbuiatu dute, eta gogoratu dute bortizkeria hori «egiturazkoa» dela. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak «kaleak okupatzeko» deia egin du

Dozenaka pertsona bildu ziren atzo Gasteizen, mugimendu feministak deituta, Erika T.-ren hilketa gaitzesteko manifestazioan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko urriaren 14a
00:00
Entzun

Erika T.-ren hilketa gaitzesteko mezuak eta keinuak gailendu ziren atzo. Indarkeria matxistaren azken biktima da 37 urteko emakumea: bikotekideak erail zuen herenegun, Gasteizko Sansomendi auzoko beren etxebizitzan, haien bi semeak bertan zirela; bere buruaz beste egin zuen gizonak gero. Erakundeek «irmoki» arbuiatu zuten hilketa, eta mugimendu feministak ere kalean salatu zuen. Euskal Herrian 2003tik 112 andrazko hil dituzte bortxa horren ondorioz; aurten, bost.

 

Astearte goizean goiz aurkitu zituzten bi gorpuak etxean, eta Ertzaintzak ordu gutxira berretsi zuen hilketa matxista izan zela: gizonak labanaz hil zuen andrea, eta gero bere burua hil zuen. Iturri batzuen arabera, banatze prozesuan zen bikotea; Espainiako Berdintasun Ministerioak jakinarazi du biktimak aurrez ez zuela salaketarik jarri indarkeri matxistagatik.

Hilketaren harira, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak «kaleak okupatzeko» deia egin du «sistema heteropatriarkal, arrazista eta kolonialak eragiten dituen bidegabekeriak salatu eta bizitzak aldarrikatzeko». Atzo arratsaldean, manifestazioa egin zuten Gasteizen dozenaka lagunek, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta, Erasorik ez erantzunik gabe lelopean. Gaur, berriz, Donostian, Iruñean eta Bilbon egingo dituzte protestak.

Gasteizko Mercedes enpresan ere gaur egingo dituzte mobilizazioak: hango langilea zen biktima. Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak elkarretaratzera deitu dute gaur eguerdirako, fabrikako hiru sarreretan, Eraso sexistarik ez! lelopean, eta ekoizpena hogei minutuz geldituko dute. Atzo, txanda bakoitza amaitzean minutu bateko isilunea egin zuten.

Emakundek eta Gasteizko Udalak ere atzo goizean egin zuten elkarretaratzea, eta han izan ziren, besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Arabako erakundeetako ordezkariak. Artolazabalek «babesa» adierazi zien biktimaren familiari eta gertukoei, eta gogorarazi zuen bortizkeria matxista «egiturazkoa» dela. Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko «jarrera aktiboa» izateko deia egin zion gizarte osoari.

Banatzeko unean, adi

Gasteizko Udaleko bozeramaileen batzordeak ere hilketa salatzeko adierazpen bat onartu zuen: gaitzespen «irmoa» agertu zuen, eta «babesa eta hurbiltasuna» adierazi zien biktimaren hurbilekoei. Adierazpenak berretsi zuen bortxa matxista «giza eskubideen urraketa larria» dela, eta «lehen mailako gizarte arazo» bat, eta nabarmendu zuen halako erasoak ez direla «ekintza bakanak», baizik eta «gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizitu, mezu normalizatu eta sinbolikoen sare bat».

Arartekoak ere «arbuioa eta samina» adierazi zituen «krimen lazgarri» horrengatik. Manuel Lezertuak ohartarazi zuen bikotekideengandik banatzeak «bereziki zaurgarri» bihurtzen dituela tratu txarrak jasaten dituzten andreak: «Halako indarkeria egoera isildu edo ezkutuak detektatzea erronka handia da instituzioentzat eta gizartearentzat; adi egon behar da krimen matxistei aurrea hartu ahal izateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.