PCBren 83 kaleratzeak baliogabeak direla berretsi du Auzitegi Gorenak

ITP Aerok, enpresaren jabeak, berriz onartu beharko ditu langileak Barakaldoko eta Sestaoko plantetan. Epaileen iritziz, enpresak ez du frogatu erregulazioa egiteko arrazoiak egiturazkoak zirela

ITP Aero PCBk kaleratu asmo zituen langileetako zazpi Auzitegi Gorenaren ebazpena ospatzen, atzo, Barakaldoko plantaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
«Gabonetako otarrean eman ziguten xanpain botila ireki gabe nuen, gaurkoaren zain». ITP Aero PCBk kaleratu nahi zuen 83 langileetako baten esaldia da, atzo lantegiaren aurrean eginiko ospakizun inprobisatuan botarikoa, Barakaldon (Bizkaia). Freskatzen jarria zuen botila, eta baita ireki ere, Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman baitie, eta, ondorioz, haien lanpostuetara itzuli ahal izango baitira. Bide batez, amaiera jarriko diote maiatzaz geroztiko egoera absurdoari, etxean baitzeuden soldata eta gainsari guztiak kobratzen, ukitu gabeko Gabonetako otar eta guzti.

Precision Casting Bilbaok (PCB) kaleratu nahi zituen 83 langileak Sestaoko eta Barakaldoko plantetara itzuliko dira. Auzitegi Gorenak ez du onartu enpresako zuzendaritzak jarritako helegitea, eta berretsi egin du EAEko Auzitegi Nagusiak duela bederatzi hilabete emaniko ebazpena: PCBk egin nahi zuen lan erregulazioa baliogabea da. Ontzat eman ditu bere garaian Auzitegi Nagusiak emaniko argudioak, eta langileak beren txandetara itzuli ahalko dira.

Gorenaren ebazpen osoa hurrengo astean jakingo da, baina haren erabakiaren laburpenean dio enpresak ez duela frogatu kaleratzeen arrazoia egiturazkoa dela eta ez behin-behinekoa. 2020ko abenduko lan erregulazio saiakeraren aurretik, 2020ko udan, PCBk aldi baterako erregulazio bat egin zuen, eta epaitegiek baliogabetu egin zuten gero.

Gorenak uste du harremana dagoela aldi baterako erregulazio haren baliogabetzearen eta ondorengo kaleratze saiakeraren artean, eta enpresaren arazoen arrazoia egiturazkoa balitz ez zukeela zentzurik izango aldi baterako erregulazio bat egiten saiatu izanak. Horregatik uste du kaleratze kolektiboak oinarrizko eskubideak urratzen dituela, eta, horrenbestez, «baliogabea» dela.

Ebazpenak hamabost hilabete egiten du atzera, gatazka 2020ko abenduan hasi baitzen. Urte hartan ITP Aero hegazkin turbina ekoizlea bere planta guztietan kaleratzeak egiten hasia zen, negozio aeronautikoaren hondoratzea argudiatuta. Udazkenean beste lan erregulazio bat egin zuen lantegi nagusian, Zamudion (Bizkaia), eta abenduan iritsi zitzaion txanda fundizioari, PCBri. Hasieran 136 langile finko kaleratzea zen asmoa, baina ordurako 120 behin-behineko langileren kontratua berritu gabea zen. Negoziazio epean ez zen akordiorik egon, baina enpresak 87ra murriztu zuen kaleratze kopurua.

Behin-behineko krisia

Langileek, baina, ez zuten onartu zuzendaritzaren erabakia. Hasieratik mantra bera errepikatu zuten: enpresaren krisiaren arrazoiak «behin-behinekoak» zirela, eta pandemiaren ondoren aeronautika berpizten zeneanekoizpenak gora egingo zuela. Bi plantetan 410 langilek dihardute, eta guztiek egin zuten greba. Langile batzordeak batasun handia erakutsi du ekinaldietan. CCOOk eta UGTk seina ordezkari dituzte; LABek, lau, eta ELAk, ordezkari bakar bat.

Greba gogorra izan zen, piketeak egin baitzituzten lantegiko sarreran. Ertzaintzarekin tentsio handiko uneak egon ziren, eta langileek askotan salatu zuten polizien jarrera. Oro har, oso urrun nabaritu dituzte erakunde publikoak, eta iragan astean onartu zuten «etsipena» eragiten ziela Jaurlaritzaren jarrerak; ITP Aeroko akziodunen taldean sartzeko asmotan dabil, eta langileek egotzi diote ez duela hatzik mugitu kaltetuei laguntzeko.

Mugarria, lehen ebazpena

Maiatzean iritsi zen EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena. Tubacexekoaren ondoren izan zen, eta, hodigintza enpresaren kasuan bezala, lan erregulazioa baliogabetu zuen. Pandemiak eragindako edo hark areagotutako krisiak behin-behineko neurriekin konpondu behar zirela ebatzi zuen. Kalteturiko langileak berriz kontratatzera behartu zuen enpresa, baina hark, legearen zirrikitu bat baliatuz, plantetan sartzea debekatu zien. Egin zezakeen, Gorenak ebatzi arte behintzat.

Auzibidea eta eztabaidaren atzean lan gatazka osoa baldintzatu duen faktore bat egon da: ITP Aero saltzeko nahia. Rolls Royce aurreko jabeak turbina fabrika salgai jarri zuen duela bi urte. Sindikatuen ustez, kaleratzeak egiteko arrazoia soldaten zama arintzea zen, enpresa erakargarriago bihurtzeko. Bain Capital funtsak enpresaren %70 erosi du, eta gainerako akziodunen multzoan egongo dira, besteak beste, Sapa euskal arma enpresa eta Jaurlaritza. Salmenta prozesua ekainean amaituko da, eta sindikatuek ziurtzat jotzen dute ekoizpena asko handituko dela. Dagoeneko badakite eskaera jakin batzuk ugaritu egingo direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.