Dokumentuak gazteleraz eskatu behar izatea «zama» dela dio udal legearen epaiak

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiak konstituzioaren kontrakotzat jo du 6.2. atalaren pasarte bat. Urrutiaren arabera, «normalizazioa blokeatzen du»

Alkateek eta hautetsiek agerraldia egin zuten Bilboko Auzitegi Nagusiaren aurrean, Kontseiluak deituta, epaiaren kontra. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren EAEko udal legearen 6.2 artikuluari buruzko epaiak euskal erakundeen eta alderdi nagusien erantzun bateratua eragin zuen, epaiaren kontra, udalak euskara hutsean jarduteko eskumenik gabe uzten dituelakoan. Sententzian, argudio batean oinarritzen dira Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartutako udal legearen 6.2 artikuluan esku hartzeko. Hau da argudio nagusia: euskara hutsean eginiko dokumentua gazteleraz propio eskatu behar izateak «zama» ezartzen diola eskatu behar duenari, Konstituzionalak ulertzen duelako euskaraz ez dakiela frogatu egin behar duela. Hori dela eta,ezeztatu egiten du, eta konstituzioaren kontrakotzat jotzen du honako pasarte hau: «Euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzea». 6.2 atalak honela dio: «Ahalmen hori [euskara hutsean egitekoa] baliatu ahal izango da aipatu berri diren kasuetan, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira».

Horrenbestez, Konstituzionalak aintzat hartu du Voxek EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan eskatutakoa. EAEkoak Konstituzionalera jo zuen iritzi eske, eta sententzia Voxen eskaeren aldera lerratu da. 11 epaileetatik bik eman dute boto partikularra.

Iñigo Urrutia legelariak eta hizkuntza eskubideetan adituak uste du sententzia honek de facto behartzen duela administrazioa dokumentazio guztia bi hizkuntza ofizialetan idaztera: «Zinegotzi batek larregi jotzen badu dokumentuak gaztelerara itzul dakizkiola eskatzea, dena bi hizkuntzetan egin beharko da». Ondorioz, uste du Konstituzionala zuzenean sartzen dela hizkuntza politika egitera, udalen barne funtzionamenduan eragiteraino. «Euskara ofiziala da, eta ez du behar gaztelaniazko bertsioak laguntzea, bestela ez luke ofizialtasunaren izaerarik izango», Urrutiaren esanetan, «normalizazioa erabat blokeatzen du».

Eta, gainera, orain arteko jurisprudentziaren kontra egiten du. Orain arte ulertu da konstituzioak muga zabal batzuk jartzen zituela. Baimentzen zuen euskaraz aritzea, eta gazteleraz, behar izanez gero. Legearen interpretazio «baketsua» egin da, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta estatuaren artean sortutako aldebiko batzordean hala adostuta: «Apirilaren 7ko 2/2016 legeko 6. artikuluaren 2. atalean, alde biek ulertzen dute atal horren interpretazio zuzena dela ez duela behartzen edo zamatzen inor hizkuntza baten ezezagutza alegatu behar izateak eskubidea eduki dezakeelako hautatzeko euskararen edo gazteleraren artean». Urrutiaren esanetan, hori alde biek adostu zuten, baina orain alde bakarrez akordio hori hautsi nahi dute.

Boto partikularra eman dutenek ere horrela interpretatu dute, eta uste dute sententzia «oso urruti» joan dela, ez duelako aintzat hartu «modu baketsuan» aurretik egon diren beste sententzia batzuk.

Urrutiaren esanetan, hausnarketa sozial eta politiko sendo bat behar da hizkuntza normalizazioa ezartzeko. Konstituzionalaren epaiari helegitea jartzeak ez du aurrerabiderik, eta uste du Eusko Legebiltzarrean bermeak ematen dituen lege bat eratu eta Espainiako Gobernuaren aldetik hor eskurik ez hartzeko konpromisoa lotu beharko litzatekeela. Orain negoziazioak hasiko direnez, gai hori ere mahai gainean jartzea proposatu du. «Bestela beti beldurrez eta inseguritate juridikoarekin gabiltza normalizazioaren auzian, eta normalizazioak behar du liskarretik irten eta bide seguruak jartzea». Uste du hizkuntza politikak erkidegoen esku egon beharko liratekeela: «Guk egin behar dugu hizkuntza politika, ez auzitegiek».

Herritarrek eta erakundeek erantzun diete euskararen kontrako epaiei, eta horrek indarra hartuko du Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitutako manifestaziora bitarte. Baina maila politikoan ere gogoeta bat behar da, auzitegiak hizkuntzaren normalizazioa mugatzen duelako «eta hori ezin du egin».

Legearen jatorria

2016an Eusko Legebiltzarren adostasun zabalez onartutako udal legeak udalerrietan hizkuntza eskubideak garatzeko ateak ireki zituen. Besteak beste, udalei aitortu zien hizkuntza politikarako eskumena, kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzeko aukera, erabat euskaraz egindako dokumentuak balekotzat jotzeko eskubidea, eta hirigintza planek euskarari nola eragingo dioten aztertu beharra ere ezarri zuen. Besteak beste, toki erakundeetako organoen deialdiak, gai zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki proposamenak, informazio batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idazteko modua ematen zien. UEMAko udalek berretsi dute segituko dutela orain arte moduan, epaia onartu ezin den atzerakada dela iritzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.