Hamar urteren ondoren, %10etik behera jaitsi da langabezia Euskal Herrian

141.800 lagun zeuden lanik gabe 2018ko azken hiruhilekoan, urtebete lehenago baino 8.400 gutxiago. Okupatuak 19.300 gehiago dira, guztiak emakumeak

Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hamar urte behar izan ditu Euskal Herriak berriro langabezia tasa %10etik behera kokatzeko. Krisia gordin lehertzean gainditu zuen muga hori 2009ko lehenhiruhilekoan, eta bi digitutik gorakoa izan da hamar urtez. 2013an jo zuen goia, %16,16ra iritsi zenean. Ordutik hona poliki aritu da jaisten, eta, Gaindegiaren arabera, 2018an batez beste Euskal Herriko langileen %9,75 izan dira lanik gabe.

Berez, tasa maila horretatik behera izan da azken urte erdian. 2018ko hirugarren hiruhilekoan %9,29ra jaitsi zen, eta %9,44ra igo zen azken hiruhilekoan, urritik abendura bitartekoa ez baita ona izan enpleguarentzat. INEk Hego Euskal Herriari buruz emandako datuei Gaindegiak Ipar Euskal Herrirako kalkulatutakoei batuz gero, 2018ko hirugarren hiruhilekoan baino 5.500 lagun gehiago zeuden lanik gabe urtearen amaieran: 136.300tik 141.800ra igo da kopurua.

Igoera Bizkaiari zor zaio batik bat (+4.200), baina langabe kopurua igo egin da Nafarroan (+1.300) eta Iparraldean ere (+900). Behera egin du, berriz, Araban (-900) eta Gipuzkoan (-600).

2017ko azken hiruhilekoarekin konparatuz gero, berriz, 8.400 langabe gutxiago daude. Nafarroak bakarrik handitu du langabe kopurua (+1.700). Bizkaian jaitsi da gehien (-4.300), baina jaitsiera nabarmenak izan dira Gipuzkoan (-2.900) eta Araban ere (-2.500), eta apalagoa, berriz, Ipar Euskal Herrian (-900).

Edonola ere, Ipar Euskal Herria litzateke 2018 amaieran langabezia tasarik txikiena lukeen eremua (%7,39), Arabarekin batera (%7,39). Gertu legoke Gipuzkoa ere (%7,56). %10eko langatik ozta-ozta jaitsi da Nafarroa (%9,99), baina hortik gora jarraitzen du Bizkaiak (%11,47).

Europako Batasunarekin alderatuta, 2018ak ez du hobekuntza handirik ekarri. 2017ko azken hiruhilekoan 2,8 punturen aldea zegoen Euskal Herriko langabezia tasaren (%10,1) eta EBkoaren artean (%7,3). Urtebeteren ondoren, 2,7ra soilik jaitsi da: %9,4 eta %6,7, hurrenez hurren.

Okupatuak, gora

Datu positiboak badaude INEren inkestan. Haren arabera, urtebetean landunen kopurua 19.300 lagun handitu da Hego Euskal Herrian, eta jada 1.215.400 okupatu daude. Azken hiruhilekoan ere handitu da okupatuen kopurua (+10.100). Gainera, okupatu berri guztiak emakumeak dira (+19.300), lana duten gizonezkoen kopurua ez baita aldatu.

Prekaritatearen handitzea salatzen dutenei aldeko eta kontrako datuak eman dizkie INEren inkestak. Batetik, behin-behineko kontratua duten soldatapekoak duela urtebete baino 10.100 gehiago dira, eta kontratu mugagabeak dituztenak, berriz, 7.000 gehiago. Ondorioz, aldi baterako kontratua dutenen portzentajea %25,4tik 26ra igo da 2017tik 2018ra.

Jaitsi egin da, berriz, lanaldi partziala zutenen kopurua: %17,3 ziren 2017ko azken hiruhilekoan, eta %16,4 orain. Hori bai, duela hamar urte %13,6 baizik ez ziren. ordu gutxi batzuetako lana zutenak. Lanaldi partziala askoz gehiago eragiten die emakumeei (%26,8) gizonei baino (%9,3).

Prekaritatea zabaltzen ari dela nabarmendu dute sindikatu guztiek, eta enplegu politika aldatzeko eskatu dute. Nafarroako Gobernuak, berriz, «zuzenketa estatistiko» bati egotzi dio lurraldean langabeziak gora igo egin izana: «2017an, zegoena baino langabezia txikiagoa eman zuen inkestak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.