Gipuzkoako garbitzaileek eskatu dute soldata arrakala ezabatzeko

Emakumezkoak dira eraikin eta lokalen garbiketan dabiltzan langileen %77. Hitzarmenak 5.276 behargini eragiten die. Sindikatuek arazoa gizarteratu nahi dute

Gipuzkoako garbitzaileen ordezkariak, ELAren Donostiako egoitzan egin zuten agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Paulo Ostolaza.
Donostia
2019ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten Gipuzkoako langileek %28 gutxiago irabazten dute kale garbitzaileek baino. Datu horrek erakusten du zein prekarizatuak dauden sektore feminizatuak sektore maskulinizatuen aldean; hala salatu zuten ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek, atzo, Donostian.

Gipuzkoan eraikinak eta lokalak garbitzen dituzten 6.702 langile daude, horietatik 5.155 emakumezkoak (%77); kaleak garbitzen aritzen diren 1.025 langileetatik 845, berriz, gizonezkoak dira (%82,44). Justizia soziala aldarrikatu dute sindikatuek, antzeko lana egin arren «soldata arrakala handia» baita. Aldea ezabatzea dute helburu.

Ohar bat irakurri zuten, eta adierazi arrakalaren arrazoi nagusia dela «sistema heteropatriarkal eta matxistak» gutxietsi egiten duela eraikin eta lokaletako garbiketa. Gainera, azaldu zuten kale garbitzaileek 3.000 euro inguruko gehigarri bat adostuta daukatela hitzarmenean, kalean lan egiteagatik, baina ez dutela kontuan izan gehigarri hori soldata arrakala kalkulatzeko orduan.

Eraikinak eta lokalak garbitzen dabiltzan langileak hamasei hitzarmenen arabera antolatuta daude. 1.442 behargini enpresa hitzarmena aplikatzen zaie: horien artean daude aldundiaren menpeko eraikinen garbiketa; udaletxe batzuen garbiketa—Zarautz, Errenteria, Irun...—; Osakidetzako garbiketa; eta hitzarmena lortzeko bederatzi hilabetez greba mugagabea egin duten epaitegietako eta komisarietako garbitzaileak.

Erakunde publikoetako arduradunen inguruan galdetuta, LAB sindikatuko Haizea Solagurenbeaskoak kritika egin zien: «Martxoak 8arekin eta bestelako aitzakiekin ahoa betetzen zaie, baina bada garaia ekintzak eta bitartekoak jartzeko soldata arrakala amaitzeko».

Garbitzaileen hitzarmena

Eraikin eta lokalen garbiketa hitzarmenak, ordea, ez du aurrerapausorik eman soldata arrakala murrizteko. Hori da sindikatuek gaur salatu eta aurrerantzean landuko dutena. Hitzarmen horrek 5.276 behargini eragiten die.

Garbitzaileena «sektore prekarizatua» dela salatu zuten sindikatuek: «17.537 euroko soldata justua eta lanaldi partzialak dauzkate». Gainera, esan zutenez, «langile askok ez du soldataren %100 eskuratzen», eta lansari horrek «ez du bermatzen bizitza duin bat garatzea».

ELAren Donostiako egoitzan eginiko agerraldian, sindikatuek onartu egin zuten «erabat bakartuta eta atomizatuta dagoen sektore bat kontzientziatu eta mugitzeko lan asko» geratzen zaiela: «Ez da lan erraza bulego txiki eta portaleetara heltzea».

Arazoa gizarteratzea

Azpimarratu zuten orain arazoa gizarteratzeko fasean daudela. ELAko Amaia Pintadok adierazi zuenez, «berdintzea ez da lau urtean gertatuko, baina eztabaida mahai gainean jarri nahi dugu». Denborak eta moduak negoziatzeko prest agertu zen.

Enpresetan, erakundeetan zein gizartean eragin nahi dute. Felix Irizar ESK sindikatuko ordezkariak horixe aipatu zuen: «Garbitzaile edo enpresa bat kontratatzen dugunean, guk ere begiratu behar dugu zer baldintzatan ari den lanean».

Sindikatuek izan dituzte bilerak Madrilen egoitza duen ASPEL patronalarekin. Donostiako mugimendu feministarekin ere batu dira; Emakunderi bilera bat egiteko eskatu diote; Eudelekin ere bildu dira, hura baita Gipuzkoako hainbat udaletako garbitzaileen baldintzen erantzule; eta langileekin batzartu dira Gipuzkoa osoan, besteak beste.

Gogora ekarri dute epaitegietako eta komisarietako garbitzaileek lortu dutela soldata arrakala %70 jaistea greba egin eta gero. Halere, iragarri zuten oraindik ez dituztela deituko mobilizazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.