Abuztuak areagotu egin du auto matrikulazioen gainbehera handia

Urteko lehen zortzi hilabeteetan %14,3 egin du behera auto berrien salmentak Hego Euskal Herrian. RDE egiazko zirkulazio egoeretan egiten hasi den test berriari egotzi dio patronalak jaitsiera
Bezero bat auto kontzesionario batean.
Bezero bat auto kontzesionario batean. BERRIA

Xabier Martin -

2019ko irailak 3
Auto saltzaileek egina zuten abisua: abuztuan jarduna oso motel zegoen kontzesionarioetan, eta azken datuek kopuru zehatzak jarri dituzte mahai gainean. Hego Euskal Herrian %24,8 jaitsi dira auto matrikulazioak iazko abuztuaren aldean. Aurreko urtean 4.269 auto matrikulatu zituzten, eta aurten, berriz, 3.418. Iazko abuztua oso berezia izan zen kutsadurari eragiten zion araudi aldaketarengatik, eta salmentek oso gora egin zuten; baina aurten antzeko zerbait gertatu den arren RDE egiazko zirkulazio egoeretarako test berriarekin, ez da gauza bera gertatu. Horrenbestez, 2019ko lehen seihilekoan islatutako gainbeherak (-%7,4) abiadura azkartu du urteko lehen zortzi hilabeteen salmentak kontuan hartuz gero, eta jada %14,3ra iritsi da aldea 2018arekiko. Izan ere, abuztura arte 34.577 auto matrikulatu dituzte aurten, eta 40.310 matrikulatu zituzten iaz.

Javier Bagues Gorla Auto Groupeko kudeatzaileak aurreratu zuen egunkari honetan salmenta apalagoak izango zirela aurtengo abuztuan, neurri handi batean RDE proben gaiak «oihartzun gutxi» eduki duelako: «Aurreko urtean asko hitz egin zen prezioen beherakadaren inguruan; aurten ez». Ondorioz, uste du «erakartze efekturik» ez dela egon; komunikabideetan gaia gutxiago atera denez, «askoz bezero gutxiago joan dira erakusketetara».

Hala, sei urtez gora egin ondotik, beheranzko bide garbia hartu du autoen merkatuak, eta Atzeraldi Handiaren lehen urteetan islatu ziren kopuru apalen antza hartzen hasi dira auto berrien salmenten zenbakiak, nahiz eta urrun dauden krisiaren urte okerrenetatik. Hala eta guztiz ere, urteko lehen zortzi hilabeteek islatzen duten jaitsiera are handiagoa izango zatekeen baldin eta Eusko Jaurlaritzak ez balu indarrean ezarri auto berriak erosteko Renove laguntza programa.

Renove plana indarrean jarri zutenean, auto saltzaile batzuek ziurtatu zuten jarritako dirua motz geratuko zela eta ez zuela eragin erabakigarririk izango. Zenbakiek erakusten dute eragina mugatua izan dela: urteko lehen lauhilekoan modu batera edo bestera eutsi dio merkatuak erritmoari, baina bigarren lauhilekorako garbi geratu da zein den joera. Dena den, guztira 2.411 autok baliatu zuten Jaurlaritzaren 2.000 eta 3.000 euro arteko laguntza: urte osoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan saldutako autoen %7 da ia. Badira diru publikoz lagundutako autorik saldu ez duten kontzesionarioak ere, beren ibilgailuak ez baitziren agertzen Jaurlaritzaren zerrendan.

Dieselaren krisian sartuta

Merkatuaren erorialdia oso-osorik lotuta dago dieselaren amiltzearekin. Urtarrilaren 1etik irailaren 1era gasolioa erretzen duten 8.088 auto saldu dituzte, iragan urtean baino %36 gutxiago. Dieselaren kuota %34tik %23,3ra jaitsi da urtebetean. Beste mende batekoa dirudi lau autotik hiru diesel ziren garaia, baina 2010ean izan zen, eta 2017ra arte merkatuaren erditik gorakoa izan zen haren kuota.

Orain gasolinarena da nagusitasuna dieselaren NOx partikulen kutsaduraren aurkako kanpaina handiaren ostean. Hego Euskal Herrian 22.839 auto saldu dira abuztura arte gasolina motorrarekin; guztira, matrikulatutako 34.577 autoen %66, alegia.

Alternatiboen artean, hibridoak dira nagusi, hau da, motor elektriko batekin batera gasolioa eta gasolina erretzen duen beste bat dutenak. Auto elektriko hutsak, oraindik, salmenten zati txiki bat dira. Hego Euskal Herriko daturik ez dago oraindik, baina Espainian, aurten salmentak asko handitu diren arren, %0,7 inguru baizik ez dira. Eusko Jaurlaritzaren Renove planak, esate baterako, soilik lau auto elektrikoren salmenta lagundu du, harentzat izan arren laguntzarik handienak, 3.000 eurorenak. Kontua da aldi berean jarri dela martxan Espainiako Gobernuaren Moves plana, 6.500 euro arteko diru laguntzarekin, eta hara jo dute auto elektrikoetan interesa zeukatenek.

Horiek horrela, industriarentzat eta, beraz, oro har ekonomiarentzat habe nagusietako bat den sektorea gero eta ahulago dago. Autogintzarentzat ezinbestekoa da salmentak suspertzea, baina joera kontrakoa da. Faconauto Espainiako patronaleko bozeramaile Raul Moralesek dio «espero» zituztela abuztuko datu txarrak; izan ere, Hego Euskal Herrian %25eko jaitsiera egon da urte artekoan, baina Espainian %30era iritsi da eroriko hori. «Aurreko urteko abuztua ez zen normala izan. WLTPk baldintzatu zuen, eta oso ona izan zen, sektoreak ibilgailu asko matrikulatu behar izan zituelako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna