Aniztasuna, irauteko

Baionako manifestariek salatu dute Black Rock funtsaren presioa dagoela erretreten erreformaren gibeletik. Mugimenduak 37. eguna beteko du gaur

Manifestazio intersindikala egin zuten atzo Baionan erretreten erreformaren kontra. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Intersindikalak urteko lehen mobilizazio masiborako ordua emana zuen atzo. Baionan, 4.500 pertsona bildu ziren erretreten erreformaren aurkako protestan, eta Maulen dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin zuten. Frantziako Gobernuak ez du gibel egiteko asmorik, eta, erantzun gisa, trenbideetako langileek hilabete pasa daramate greban. Atzo, sektore batzuk gehitu ziren grebara; hala nola abokatuak, aireportuetako langileak eta irakasleak. Abenduaren 5ean hasi zen greba mugimendua, eta datozen egunetarako orduak finkatu dituzte. Horietako lehena, bihar10:00etan manifestazioa egingo dute, Baionan.

Atzo, goizean goizetik atera ziren karrikara grebalariak, eta, 05:00etatik, Chronoplus autobus biltegiko sartzea oztopatu zuten. Garraio zerbitzua partez geldirik egon zen Baionan, Angelun eta Miarritzen. Enpresa horretan bertan, hamabost bat langilek egin zuten greba, abenduaren 5az geroztik izan den grebalari kopururik handiena. Sindikatuek «bihurgune» bat hartzeko tenorea zela azpimarratu zuten, eta,beraz, greba hedatzen ahalegindu ziren azken egunotan.

Manifestazioak Baiona hirigunea zeharkatu zuen, eta orain arte ikusi gabeko irudiak eman zituen. Lehen aldiz, Jaka Hori eta militante antikapitalistak manifestazio hastapenean txertatu ziren. Sektore zenbaitetan batasun intersindikala lortu zuten, hala nola hezkuntza arloan. Arño Aizagerre lehen mailako irakaslea da Donapaleun (Nafarroa Beherea) eta LAB kidea: «Gure sektorean lehen aldiz lortu dugu sindikatu guztien batasuna eta elkarrekin borrokatzeko nahikeria ageri da. Ohartu behar dugu sekulako indarra ukan dezakeela gure sektorean mobilizatzeak, eta mugimendua hedatzen eta sendotzen segitu behar dugula». Manifestazioaren ondotik batzar orokorrean parte hartu zuten irakasleek, mugimenduaren segida antolatzeko.

Hegazkinetako langileak ere bertaratu ziren, uniformea soinean. Chloe Brunet Air Franceko sindikatuko kideak azaldu zuen enpresako langile asko protestan ari direla. «Erreforma hori ez dugu onartzen; gure sistema propioa daukagu, lan baldintza dorpeak ditugulako». Airearen presioak eta erradiazio arriskuak minbizi asko eragiten dizkie beren lan sektorean. Gaur egun, 55 urtetan erretreta hartzeko aukera dute, baina erreformarekin 64 urtera arte lan egin beharko lukete. Brunetek uste du mobilizazioak «bihurgune bat hartu» behar duela, «gobernuak gibel egin» dezan.

Mugimenduaren hastapenetik ez zen gertatu, baina atzo Baionako Euskal Museoa hetsirik egon zen goiz osoan. Paola Ibañez museoko langileak azaldu zuenez, «lehen aldia da denek greba egiten dugula museoan. Goiz osoan itxita egon da museoa, denak manifestazioan garelako».

Black Rock jomugan

Baionako Herriko Etxera iritsi zen ibilaldia, eta berehala ekintza sinbolikoa egin zuten sindikatukideek banku eta asurantza etxeetan, Black Rock inbertsio funtsa hunkitzeko asmoz. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eta Jean-François Cirelli Black Rock Frantziako zuzendariaren karikatura irudikatzen zuten billete faltsuak kolatu zituzten erakusleihoetan. Macron eta Black Rock galkatzen dira, ekin diezaiogun greba orokorrari irakur zitekeen afixetan. BNP, HSBC, Axa eta Frantziako Bankuaren bulegoetan jarri zituzten, besteak beste.

Izan ere, sindikatuek salatu zuten Black Rock inbertsio funtsaren «gomendioen araberakoa» dela Frantziako Gobernuak plantan ezarri nahi duen erreforma, eta «pentsioen kapitalizazioa» duela helburu. Black Rock da aktibo pribatuak kudeatzen dituen munduko funtsik handiena. Sindikatuen kezka da pentsiodunek erretreta «duinetara» iristeko asurantza pribatuetara jo behar izatea.

Bihar, 10:00etan, manifestazio intersindikala eginen dute Baionako geltokitik abiatuta. Pettan Aizagerre LABeko kideak, bestalde, Orain presoak lelopean iraganen den manifestazioan parte hartzeko dei egin zuen. «Garai hauetan borroka anitz eraman behar dira, eta denetan mobilizatuak egon behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.