Altzako kiroldegiko obretan legez kanpo ari direla salatu du ikuskariak

Fiskaltzara jo du langileen kontratuak iker ditzala eskatzeko, osasun azterketak faltsutu direla frogatu ondoren. Beharginek jateko eta lo egiteko erabilitako ostatuekin zorretan dira eraikuntza enpresak

Donostiako Altza auzoan egiten ari diren kiroldegiko lanak, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Goizean goiz lanera joan direnean ez diete lantokian sartzen utzi, etaatarian eman dute egun osoa. Dozena bat langile, Donostiako Altza auzoko kiroldegi berria eraikitzeko obretan dabiltzan batzuk. Ez dute lanik egin, lan ikuskariak hala agindu duelako; besteak beste, haien segurtasuna ez dagoelako bermatuta. Egiten dituzten lanetan jarduteko gai diren ala ez frogatuko lukeen azterketa medikoa egin gabe aritu dira abendutik, azpikontrata baterako —Fermin Group Ibericarentzat—; azterketa horiek faltsutu ditu enpresak, lan ikuskariaren arabera. Fiskaltzan jarri du salaketa.

Atzo gertatu zen hori; azken berria da, egunak joan egunak etorri obra publiko horren inguruan ezagutzen ari diren ustezko irregulartasunei buruzko azkena. Asteon jakin da, halaber, azpikontratak horrek 4.700 euroko zorra duela langileek bazkaltzen duten tabernan. Eta 4.000 inguruko beste bat, Loiolako ostatu batean; han egiten zuten lo, kanporatu zituzten arte. Orain, etxe bat alokatu behar izan dute, beharginek beraiek ordainduta. Bat izan ezik, Galiziatik, Leondik eta Madrildik etortzen dira denak. Aste osoa egiten dute, eguzkiz eguzki, 52 ordu astean, hileko 1.000 euroko soldata baten truke.

Abuztuan abiatu zituzten Altzako kiroldegiko azken faseko obrak —eraikina altxatzekoa—, eta dagoeneko lan bera egiteko —kofratzeak— beste hiru kuadrilla aritu dira aurretik. Oraingo langileek jakin dutenez, zegokien dirua jaso gabe joan ziren.

Altzan gertatzen ari denari gertutik erreparatu dio ELA sindikatuko Igor San Josek. Horretan aritu da jakin zuenetik herrialdeko beste eraikuntza publiko garrantzitsu batzuetan —besteak beste, Anoetako estadioan eta abiadura handiko trenean— antzera aritu den azpikontrata bera zegoela. «Izena aldatzen dute. Altzan, esaterako, Colaper izenarekin aritu da abendura arte, eta, ondoren, Fermin Group izenarekin, baina jabea bera da, eta praktikak ere bai».

Urtarrilaren 22an salatu zuen kasua, eta lan ikuskaritzak herenegun berretsi zuen egoera horretan beharginek ezin dutela lanik egin. Kontratu faltsutuez gain, ELAko kideak mahai gainean jarri du behargin horiek Gipuzkoako eraikuntza hitzarmenaren araberako kontratua izan behar dutela; horrek euren soldatetan eragina izateaz gain, besteak beste, kotizazio oinarrietan ere badu, %30-40 txikiagoak baitira.

Dietei buruzkoa da beste salaketa. Horrek eragin du obraren arduradun diren Altuna y Uria eta Acciona enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartea (ABEE) mugitzen hastea. Egunotan hainbat bilera egin dituzte azpikontratarekin, zorrak nor ordaindu zehazteko, eta atzo enpresa horien ordezkari bat aipatutako tabernan eta ostatuan izan zen, fakturak prestatzeko eskatzeko, haiekin duten zorra kitatutako dutela hitzemateko. «Gauza bat da esatea eta beste bat egitea. Guk ostiralera arteko epea eman diegu. Zor hori, langileekin dutena, eta beste irregulartasun guztiak konpontzeko; ez badute egiten, mobilizazioak abiatuko ditugu», adierazi du San Josek.

Atzerapena eta gainkostua

Donostiako Udala da auzi honetan inplikatutako beste partea: bezeroa. Kazeta honi azaldu dio komunikabideen bitartez jaso duela gertakarien berri, informazioa biltzen ari dela, eta harremanetan jarri dela ABEEarekin, egoera konpontzeko eskatzeko. Horren arabera, jokatuko du. EH Bilduren udal taldeak jakinarazi duenez, datorren asteleheneko udalbatzarrean galdetuko dio Eneko Goia alkateari gaiari buruz.

Lehen irregulartasunen berri eman zen egun berean, astelehenean, jakinarazi zuen udalak kiroldegiaren irekiera beste behin atzeratuko duela, 2021eko udaberrira arte, baina ez zuen salaketei buruzko baloraziorik egin. 2016an abiatu zituzten lanak, baina hasi eta berehala eten behar izan zituzten lurrean amiantoa aurkitu zutelako. 14 milioi eurotan esleitu zuten obra, baina, ELAren arabera, 17 milioi euro ingurukoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.