Hegaluzeak erreskata ditzake

Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek jada gainditu dute hegaluzearen kuotaren %70. Oso ondo arrantzatzen ari dira, eta, halere, iazko prezioei eutsi diete, kontserba enpresen eskariari esker

Arrantzaleak hegaluzea deskargatzen, Getarian (Gipuzkoa), aurtengo arrantzaldiaren hasieran. GORKA RUBIO / FOKU.
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Hegaluze asko harrapatzen ari dira. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, antxoaren arrantzaldia amaitu, kanaberak hartu, eta berehala ekin zioten hegaluzea arrantzatzeari, eta asmatu zuten gainera, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren arabera: «Atera eta berehala topatu zuten arraina». Ez zen ona izan aurtengo antxoaren kanpaina, eta, nolabait, hegaluzea ari da konpontzen antxoak eta COVID-19ak eragindako kaltea. Ez da arrantzaldi bikain-bikaina izaten ari, baina normal doa gutxienez, eta, urtea nola doan ikusita, ez da gutxi.

Hegaluzeak ur beroagoen bila alde egin baino lehen amaituko da kostera aurten ere: arrantzaleek jada gainditu dute harrapa dezaketen kuotaren %70, eta inork ez daki zer gertatuko den itsasoan, baina baliteke abuztuaren erdialderako amaitzea arrantzaldia, iaz baino lehentxeago —abuztuaren 27an amaitu zuten orduan—. Itsasontziak oso ondo arrantzatzen ari dira kanpaina hasi zenetik, nahiz eta azken astean gehiago kosta zaien arraina aurkitzea eta iparraldera eta mendebaldera jo behar izan duten hegaluzearen bila.

Orain arte, kostatik gertu arrantzatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasontziek, Bizkaiko golkoaren barruan. Arrantza azkarra eta oparoa izateak prezioak jaistea eragin ohi du normalean, baina aurten iazko antzeko prezioetan dabil hegaluzea, zertxobait garestiago. Azkueren arabera, epe motzean zenbat arrain sartu den ikusita, ez dira salneurri txarrak.

Hein batean, kontserba enpresen eskariari esker eutsi ahal izan diete prezioei. Antxoaren kasuan, aurten arrantzatu duten arrainaren tamaina txikiak zaildu du kontserbatarako saldu ahal izatea, baina hegaluzearekin ez da horrelako konturik: nagusiki, ertaina (6-7 kilo) eta handia (10-12 kilo) arrantzatzen ari dira baporeak, eta Azkuek azaldu du hori primerako arraina dela, kontserban erabiltzeko arazorik ematen ez duena. Ertainaren prezioa kiloko 3,40 euro inguru da, eta handiarena, 3,50-4 euro.

Miren Garmendia Gipuzkoako Arrantzale Kofradien Elkarteko idazkariaren arabera, «errazagoa» da hegaluzea: planifikatzeko aukera gehiago ematen du, antxoa baino errentagarriagoa da, eta ur hotzean eta hozkailuetan ere hobeto kontserbatzen da. Arazoa, ordea, Madrilen dagoela dio: «Kuotaren kontuarekin kezkatu samar dabiltza arrantzaleak».

Arrantza olinpikoa

Azken urteetan, hegaluzea geroz eta azkarrago ari da sartzen Bizkaiko golkoan, uraren tenperatura igo izanak eta antxoa suspertu izanak erakarrita; ez dira urte asko igaro hegaluzearen kanpainak urrira arte irauten zuenetik.

Aurten, ekaineko bigarren astean hasi zen hegaluzearen kanpaina, iaz baino astebete lehenago, eta antxoaren kostera txarra izan zen horren arrazoietako bat: Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek 4.600 antxoa tona soilik harrapatu dituzte aurten, iaz baino 3.900 gutxiago. Azkuek honela azaldu du: «Arrantzaleak ez zeuden gustura antxoaren prezioarekin, arrainak huts egin zuen pare bat egunetan, eta azkar entzun zituzten lehen hegaluze hotsak; eta, halere, astebete lehenago soilik hasi ziren hegaluzearekin».

Garmendiak azpimarratu du kuotaren kontuak ere eragina izan duela hegaluzearen arrantzaldia aurreratzean: «Legedia dagoen bezala egonda, ontzi batek arrantzatzen ez badu, beste batek arrantzatuko du, eta arrantza olinpikoa ez da ona inorentzat». Euskal arrantzaleek kuota erkidegoka banatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari azken urteetan. Hark du horretarako eskumena, eta beste arrain batzuekin egina du hori jada: berdelarekin, txitxarroarekin eta atungorriarekin, esate baterako.

Planifikazio egokiak egiteko, gaiari azkar heldu behar zaiola uste du Garmendiak: «Arrantzaleek ahalik eta ordu gehien egiten dute lan, ahal duten guztia arrantzatzen dute, kuota amaitu eta arrantzatu ezinik geratzeko beldurra dutelako».

Europako Batasunak Espainiari emandako 15.000 tonak ez daude kofradiaka edo ontzika banatuta, eta konpetentzia ez da Hego Euskal Herriko itsasontzien artekoa soilik: kuota bakarra da, eta, besteak beste, Kanaria uharteetako ontziekin partekatzen dute hori euskal arrantzaleek. Hara lehenago iristen da hegaluzea. Haien eskaerek, baina, ez dute arrakastarik izan oraingoz, eta, aurten behintzat, kuota betetzearekin batera amaituko dute arrantzaldia Bizkaian eta Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.