Rohingyak, ezin itzulita

Hiru urte dira Myanmarrek rohingyen aurkako sarraskia egin zuela, baina auzia ez da konpondu. Exodoa eragin zuen horrek, eta 730.000 lagunek baino gehiagok Bangladeshera egin zuten ihes

Rohingyak Bangladeshko errefuxiatuen kanpalekuan, Cox's Bazarren. MONIRUL ALAM / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Urteurren iluna izan zen atzokoa rohingyentzat: hiru urte bete ziren Myanmarrek haien aurkako sarraskia egin zuenetik. 2017an, ARSA Arakango Rohingya Askapenerako Armadak segurtasun indarren hainbat egoitzei eraso zien, eta hamabi militar hil zituen. Eraso horrek, ordea, ondorio askoz ere odoltsuagoa izan zuen: armada eta milizia budistak 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre eta 400 rohingya hil zituen. MSF Mugarik Gabeko Medikuek etnia musulmanaren aurka egindako jazarpenari buruz zabaldutako datuen arabera, Myanmarko armadak gutxienez 6.700 rohingya hil zituen hilabetean —abuztuaren 25etik irailaren 24ra—; haietatik 730, haurrak.

Gertakari horrek exodoa eragin zuen, eta, hiru urteren ostean, oraindik ez da konpondu auzia. Myanmarrera itzuli nahi dute Bangladeshera ihes egin zuten rohingyek, baina oraingoz ez dute nahikoa berme itzulera seguru bat izateko. Bangladeshek eta Myanmarrek negoziazioak abiatu zituzten errefuxiatuak aberriratzeko, baina orain arte egindako saiakerek huts egin dute. Arrazoi esanguratsu bat dago horren atzean: rohingyak ez dira itzultzeko seguru sentitzen, eta ezarritako baldintzak ez dira «aproposenak». Horregatik, ezezkoa eman zuten. Orain, gainera, negoziazioak etenda geratu dira pandemiaren ondorioz, eta ez dirudi, epe laburrean behintzat, nahikoa oinarri dituen akordioren bat gauzatuko dutenik.

Rakhine estatuan, herrialdearen mendebaldeko kostaldean, rohingyak dira populazioaren herena, baina horietako 730.000 baino gehiagok muga igaro behar izan zuten, torturen, bortxaketen eta jazarpenaren artean. Gaur egun oraindik dituzten baldintza kaskarrak salatu dituzte hainbat erakundek.

Myanmar hego-mendebaldekoa da rohingya etnia, eta, musulmanak izanik, baztertuta daude gehiengo budistaren aldean. Hala, duela hainbat hamarkadaz geroztik, mota guztietako bereizketak eta diskriminazioak jasan dituzte. Bi komunitate erlijiosoen arteko gatazkak II. Mundu Gerran du jatorria, eta gerraren ondotik areagotu egin zen zatiketa.

Hiru urte pasatu dira jada haien aurkako operazio militarra gauzatu zenetik. NBE Nazio Batuen erakundeak eta nazioarteko beste hainbatek «garbiketa etnikoa» egitea egotzi zieten armadako soldaduei, eta «genozidio» zantzuak ikusi zituztela ere esan zuten. Urtarrilean, Nazioarteko Justizia Auzitegiak rohingyak babesteko neurriak hartzera behartu zuen Myanmar. Eragotzi beharreko ekintzen artean sartu zituen, besteak beste, hilketak, rohingyen jaiotzak oztopatzeko neurriak eta emakumeen nahiz haurren aurkako sexu indarkeria. Egun, baina, haien aurkako jazarpenak jarraitzen du.

AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak atzo salatu zuen Myanmarko agintariak Rakhine estatuan etnia hori babesteko Hagak emandako agindua urratzen ari direla. Batetik bestera ibiltzeko murrizketak dituzte eremuan, blokeatuta dute Interneterako sarbidea —2Ga kenduta—, herritartasuna ukatzen diete, baita beste hainbat eskubide urratzen ere. AIren arabera, herrialdeko agintariek rohingyen lurrak okupatzen segitzen dute. 600.000 rohingya inguru bizi diraegun Myanmarren.

Komunikatu baten bidez, Human Rights Watchek erantzun bat emateko exijitu zion atzo Myanmarri, eta rohingyen itzulera «segurua eta borondatezkoa» ahalbidetzeko. Era berean, Rakhinen bizi direnek errepresioa eta indarkeria jasaten jarraitzen dutela salatu zuen.

Errefuxiatuak ere larri

Bazterketa eta diskriminazioa pairatzen dituzte rohingyek Myanmarren. Ordea, Bangladeshen dauden errefuxiatuen egoera ere ez da oso egokia. Gehienak Cox's Bazar eskualdeko kanpalekuetan daude, eta hango baldintzak kaskarrak dira. Joan den urtetik, gainera, Interneterako sarbiderik gabe daude. Hain zuzen, haien aurkako genozidioa gogoratzeko eguneko protesta jendetsuen ondoren ezarri zuten neurri hori. Aurten ez dute mobilizaziorik antolatu, koronabirusa dela eta.

Pandemiak okertu egin du errefuxiatuen egoera, eta Bangladeshko agintariek zerbitzu humanitarioak murriztu dituzte. Esate baterako, bertan behera utzi dute genero indarkeria pairatu dutenen arreta.

Rohingyek kanpalekuetan dituzten bizi baldintzak salatu dituzte hainbat erakundek: «Duela hiru urte, Bangladeshek errefuxiatu rohingyak hartu zituen, baina badirudi orain gobernuak bizitza jasanezina egin nahi diela, alde egin behar izan dezaten, nahiz eta ez duten joateko leku segururik», adierazi zuen Human Rights Watchen Asiako zuzendari Brad Adamsek.

Bestalde, Save the Children erakundeak atzo emandako datuen arabera, 100.000 haur baino gehiago jaio dira azken urteetan desplazatu eta errefuxiatu rohingyen kanpalekuetan. Erakundeak salatu zuenez, horiek «pilatuta bizi dira, mugitzeko askatasunik gabe, eta edateko ura, mediku arreta edota hezkuntza eskuratzeko aukera mugatua dute». Horiek horrela, Onno van Manen Save the Childreneko Bangladeshko zuzendariak adierazi zuen rohingya familiek Myanmarren duten etxera itzultzeko aukera izan behar dutela, modu «duin eta seguru batean». «Ezin dugu onartu urteak igarotzen jarraitzea eta konfinamendua bakarrik ezagutzen duten haurrak egotea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.