Metalgintzan diharduten Bizkaiko enpresen %41ek galerak izan zituzten 2020an

Jabeen ustez, urtebete baino gehiago beharko da pandemia aurreko egoerara itzultzeko. Iaz 1.739 langilek galdu zuten enplegua, eta aurten 500 izan daitezke

Sidenorreko langile bat jardun betean. Bizkaiko metalgintza enpresetan 50.000 langile baino gehiago daude. PEDRO PUENTE HOYOS /EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
«2021a urte gogorra izango da, baina 2020ko azken lau hilabeteetan izan diren hobekuntza zantzuek bere horretan irautea espero dugu». Tamara Yague FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioko presidentearena da iragarpena. Hobekuntza, dena den, ez dago garesti, pandemiak bete-betean jo duelako Bizkaiko metalgintza, eta langa oso behean jarri du: enpresek, batez beste, 2019an baino %18 gutxiago fakturatu zuten iaz, eta %41ek galerak izan zituzten. Horiek horrela, FVEMen ustez, urtebete baino gehiago beharko da aurreko egoerara itzultzeko.

Euskal Herrian langile eta enpresa gehien biltzen duen sektore elkartea da FVEM, eta urtero inkesta zabal bat egiten du federazioko kide diren enpresen artean. Atzo aurkeztu zuten, eta bertan egin zuen analisia Yaguek. Pandemiak goitik behera baldintzatu ditu 2020ko emaitzak. Halere, urtea, azkenean, ez da izan espero bezain txarra. Iazko ekainean eginiko inkesta txikiago batean enpresen %51ek esan zuten merkatua atzeraldian sartuta zegoela; urte amaieran, berriz, kopuru hori %37ra murriztu da. Hurrengo sei hilabetekoari begira, eta iragarpenetan oinarrituta, batezbesteko hori %27koa da. Aurreikuspen horietan oinarritzen du FVEMek balizko hobekuntza.

Joerak, iragarpenak... Ez hain ezkorrak izateko modukoak dira, baina 2020k sektorean utzi duen marka sakona eta iluna izan da. Enpleguari dagokionez, Bizkaiko metalgintzako lanpostuen %3,3 desagertu dira. 2020ko urtarrilean 53.621 langilek ziharduten FVEMeko enpresetan; egun, berriz, 51.837 dira, 1.739 gutxiago. 2021era begira, enpresen %71ek ez dute uste langilerik kaleratuko dutenik hurrengo sei hilabeteetan; enpresen %14k, berriz, ezinbestekotzat jotzen dute. Estatistikaren arabera, %15ek lantaldea handitzeko itxaropena dute, baina, hala ere, enplegu balantzea negatiboa izango da. Izan ere, eta elkartearen kalkuluen arabera, 500 kaleratze gehiago egon daitezke 2021ean.

Inkesta osoa aztertuz gero, ez dago 2020arekin harremana duen zenbaki on bakar bat ere, eta, kaleratzeekin batera, lazgarrienak emaitza ekonomikoak dira: enpresen %40,8k galerak izan zituzten. 2019an %15,2 izan ziren zenbaki gorriak izan zituzten enpresak, eta aurten antzeko kopuruetara itzultzea espero du FVEMek. Galerak izandakoak ia irabaziak izan zituztenen adina dira: %44,8. Tartean dauden %14k parra egin zuten.

Galerek eragin zuzena zuten fakturazio jaitsierarekin, enpresen hiru laurdenek 2019an baino gutxiago saldu baitzuten. Fakturazio jaitsiera %18koa izan zen batez beste. Gehien jaitsi ziren enpresak autogintzarekin harremana dutenak dira (%24). Inkestan salmenta horien helmugari buruz galdetu diete enpresei, eta%42,8k diote esportazioak jaitsi egin zirela, eta ia beste hainbestek, %43,4k hain zuzen, mantendu egin zirela.

Eta aurten, zer?

FVEMek igarle lanetan ere jarri ditu enpresariak, eta %38,6k uste dute aurtengo lehen hiruhilekoan ohiko jardunaren %75etik gora ariko direla. Kasu honetan autogintzako harremana dutenak baikorragoak dira, %54k uste baitute erritmo horretan ariko direla. Nabarmentzekoa da enpresa handiek txikiek baino erantzun baikorragoak eman dituztela ia galdera guztietan.

Baikortasunari ateak ireki nahian, enpresen %20,6 dagoeneko itzuli dira pandemia aurreko erritmora, eta %22,4k espero dute sei hilabetean itzultzea. %23,7k urtebete beharko dela iritzi diote, eta %25,4k, urtebete baino gehiago beharko dela. Suspertze horretan, enpresariek bi aldagairen garrantzia nabarmendu dute: pandemiaren eta txertoaren bilakaera, eta Europako Next Generation funtsa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.