Astean 30 ordu lan egitea proposatu du LABek, eta 60 urterekin erretiratzea

Bi lege egitasmo aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean, Lan Kode eta Gizarte Segurantza sistema propioa sortzeko. Madrilgo negoziazioetan presioa egiteko eskatu die euskal alderdi politikoei

LABeko Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia eta idazkari nagusi Garbiñe Aranburu, atzo. LAB.
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
LABek lan harremanetarako eta gizarte babeserako euskal esparrua sortzea galdegin du. Besteak beste, proposatu du astean 30 ordu lan egitea, 60 urterekin erretiroa hartzea, eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 euroan ezartzea. Sindikatuak Euskal Herrira ekarri nahi ditu lanaren eta Gizarte Segurantzaren eztabaidak; «herri eztabaida» bat piztu nahi du gai horien inguruan. Uste du ahots propioarekin erantzun behar zaiola Madrilen eta Parisen negoziatzen ari diren erreformei, eta helburu horretara bildu nahi ditu euskal alderdi politikoak ere. Horretarako, Eusko Legebiltzarrean bi lege egitasmo erregistratu ditu, eta adierazi du Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeetara ere eramango dituela eskaera horiek.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak azaldu duenez, Madril estutu behar da azken urteetako lan eta pentsio erreformak indargabetzeko eta, horrekin batera, negoziatzen ari diren neurriek ekar ditzaketen «murrizketa berriei» ateak ixteko. Bide horretan lanean ari dira sindikatu abertzaleak aspalditik, eta negoziatzen ari dira Hego Euskal Herrian greba orokorrera deitzeko. Espainiako Gobernuaren eta hango sindikatu eta patronal nagusien arteko elkarrizketen emaitzen araberakoa izango da erantzuna. Zenbait komunikabidek, baina, elkarrizketak blokeatuta daudela zabaldu dute azken egunetan, ustez PPn jarrera kontrajarriak daudelako lan erreforma indargabetzeari buruz. Gobernuak azaroaren erdi alderako itxi nahi du testua, eta ondoren Bruselara igorri.

Horrez gain, LABek uste du Euskal Herrian ere urratsak egin behar direla bi alor horietan, «araudi propioak» izateko, nahiz eta jakitun dagoen egungo eredu autonomikoaren mugak gainditu behar direla horretarako. Hala, «burujabetzaren bidean aurrera egiteko proposamen» gisa aurkeztu ditu bere eskaerak. «Euskal Herri bateratu baterako trantsizio horretan, eremu bakoitzak Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantzaren lege propioa bermatu behar ditu», azaldu du Aranburuk.

Pobrezia, zergak eta zaintza

LABek Eusko Legebiltzarrean erregistratu dituen bi lege egitasmoak gaur-gaurkoz ez dira egingarriak, alor horietako eskumenak Espainiako Gobernuarenak baitira. Dena den, uste du hainbat neurri bultza daitezkeela «egungo eskumenetatik abiatuta». Horretarako, «gobernuan ez dauden alderdiei» mintzatu zaie bereziki, eta eskatu die bultza ditzatela euskal erakundeetan LABek aipatutako proposamenak jasotzen dituztenegitasmo instituzionalak.

Besteak beste, sindikatuak, bere eskaeretan, zerbitzu publikoak indartu behar direla nabarmendu du, aurrekontuetan inbertsio handiagoak eginez. Era berean, pentsioen osagarriak bultzatu behar direla dio, gutxienez 1.080 eurokoak izan daitezen. Laneko osasuna bermatzeko neurriak hartzea ere galdegin du, baita pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako herri ekinaldi legegilean jasotako neurriak onartzea eta erreforma fiskalak bultzatzea ere, «kapital errentak eta enpresa irabaziak gehiago zergapetzeko».

Bestalde, uste du «gobernuko alderdiek» lanbide arteko akordio bat bultzatu dezaketela patronalekin batera, horren bitartez 1.400 euroko gutxieneko soldata bermatzeko, bost egun eta 30 orduko lan astea ezartzeko, eta langileak kaleratzerako egun dauden «erraztasunak» eta behin-behinekotasuna mugatzeko. Halaber, negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatzeko eskatu die.

Neurri horietako batzuk jasota daude Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioak sortzeko lege egitasmoetan. Aranburuk azaldu duenez, proposamen horien oinarrian dagoen ideia da «zaintza, enplegua eta ondasuna banatzea». 30 orduko lan astearekin batera, hauek azaltzen dira, besteak beste: 60 urterekin erretiroa hartzea —aurreneko bi urteetan %40ko eta %20ko lanaldiak izanik—, kaleratze librea indargabetzea, eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.400 euroan ezartzea.

Pentsioen kasuan, berriz, sindikatuak proposatu du 1.080 eurotik beherakoak 1.400 euroraino osatzea. Zaintzarako funts publiko bat sortzea ere aurreikusten du, enplegatu eta enpresa guztien ekarpenekin finantzatuta, haurdun dauden emakumeentzako laguntza ekonomikoak soldata errealaren %100 izan daitezen, besteak beste; eta gurasotasun baimen berriak ere jasotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.