«Dekretua onartzeko modua» badauka PSOEk, eskuineko bidean

«Azken unera arte» negoziatuko du Sanchezek, baina erreforma ohiko bazkideak alde batera utzita lotua duela aditzera eman du alderdiak. Erreforma lantokietan salatzera deitu dute ELAk eta LABek

Kongresuko PSOEko bozeramaile Hector Gomez kazetariei azaltzen «bermaturik» dagoela dekretua aurrera aterako dela. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
xabier martin
2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Lan erreformaren dekretua Espainiako Kongresuan negoziagarria ote den zalantzak uxatu ditu honezkero PSOEk. Ez da; idatzia ez du negoziatuko Pedro Sanchezen gobernuak, CEOE patronalak akordio hori izenpetzeak balio handiagoa duelako Sanchezentzat, Moncloara eraman zuten bazkideekiko aliantzak baino. CEOEren onespena ez da negoziagarria PSOErentzat, eta horrek eraman du erreforma baliozkotzeko eskuineko bidean aurrera egitera; eta gobernuak bermaturik ikusten du ganberaren oniritzia. «Dekretua onartzeko modua badago. Talde parlamentario guztiekin hitz egin dugu, eta baikorrak gara». Hector Gomez bozeramaile sozialistak argi erakutsi du gobernuaren formula zein izango den: Ciudadanosen eta UPNren botoei etekina ateratzea.

Biharko bozketaren emaitza jakiteko kristalezko bola bat beharko litzateke, baina Sanchezen gobernuak aurreikusitako zenbaketan baiezko nahikoak ageri dira: PSOE, Unidas Podemos, Ciudadanos, PDeCAT, Mas Pais, UPN, Compromis, Teruel Existe, PRC, CC, eta NC alderdienak. Ezezkoak lirateke beste guztiak: PP, Vox, ERC, EAJ, EH Bildu, Junts, CUP, BNG, Foro Asturias eta PPren zerbitzura jarritako Ciudadanoseko diputatu transfuga bat. Ezezkoak 173 lirateke bozketa horrela egingo balitz, baiezkoak baino gutxiago. Baina ariketa horretan UPNren baietza berretsi behar da, eta PDeCATena ere bai. Alderdi asko sartzen dira ariketan, eta horietako askok alda dezakete bozketaren norabidea.

Edonola ere, PSOEk egin du bere hautua, eta Pedro Sanchezek berak esan du ez duela uste «legegintzaldiaren egonkortasuna» ezbaian jarriko duenik bere ohiko bazkideek dekretuaren aurka bozkatzeak. Alegia, legegintzaldiko lege izarrean parlamentuko bazkideak baztertzeak eragin ditzakeen arriskuei aurre egiteko prest dagoela esan du lerro artean, CEOEk duela lehentasuna orain. Unidas Podemos, berriz, oso deseroso dago egoerak hartu duen norabidearekin. Erreformaren ustezko ezkertiartasunak sinesgarritasun gehiago galduko luke eskuineko alderdien babesa jasota. Horregatik, Yolanda Diaz Lan ministroa negoziazioetan ari da oraindik gobernuari arnasa eman ohi dioten alderdiekin. ERCk, EAJk eta EH Bilduk ipini dituzte beren marra gorriak, ordea, eta, erkidegoetako lan itunak estatukoen mende uzten baditu dekretuak (orain jasoa dagoen moduan), ezezkora joko dute. Are, EH Bilduren ezezkoa segurua da kaleratzeen araudia ere aldatzen ez bada.

EAJko presidente Andoni Ortuzarrek herenegun esan zuen «oraindik» denbora dagoela hitzarmenen lehentasunak aldatzeko, eta «lorgarria» dela helburu hori; baina PSOEk argi utzi duezetz, dekretua koma bat ukitu gabe aurrera ateratzeko beste bide bat aurkitu duela, alegia. Eskuineko bide horrek, gainera, Unidas Podemoseko Diaz ministroaren meritu politikoak nabarmen apalduko lituzke ezkerreko hautesleei begira, ageriago geratuko bailitzateke egindako erreformaren urritasuna.

Batera edo bestera, esan daiteke grafikoki bete duela Sanchez presidenteak CEOE «bere lekuan» jartzeko Ortuzarren eskaera, patronaleko presidente Antonio Garamendi ondoan izan baitu adierazi duenean ohiko bazkideen ezetzak ez duela legegintzaldiaren egonkortasuna baldintzatuko. Arabiar Emirerri Batuetara eraman dituen hegazkinean zihoazen biak.

Protestak hiriburuetan

Euskal Herrian, berriz, lan erreforma onartu bezperan ere aterako dira kalera dekretuaren aurka diren sindikatuak. ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk lantokietan eta herrietan biltzera deitu dute gaur goizerako. Igandean, milaka lagun batu zituzten Hego Euskal Herriko hiriburuetan, erreforma oso motz geratzen dela salatzeko, eta euskal alderdiei dei egiteko ez ditzaten babestu erreforma beren botoekin.

2010eko eta 2012ko lan erreformek ezarritako desorekak lehengoratu egin behar direla azaldu zieten atzo EAJko arduradunei, aurreko ostiralean EH Bildukoei esplikatu zieten moduan. Euskal esparruari eustea bakarrik ez, kaleratze errazen eta merkeen araudia zuzentzea ere «oinarrizkoa» dela esan zioten EAJri. Bi gaiak moldatu ahal izateko proposamen tekniko batzuk egin dituzte, gainera: batetik, «patronalak kaleratze objektiboak egiteko dituen erraztasunei mugak jartzeko», eta, bestetik, «euskal negoziazio kolektiboa errespetatua izateko, kanpo injerentziarik gabe».

Bada, Lan erreforma honi ez lelopean biltzeko deia egin diete herritarrei, dela lantokietan, dela herrietan sindikatuek. Hiriburuetan ere batuko dira: 11:30ean Bilboko Moyua plazan, Donostiako Alderdi Ederren eta Iruñeko Udaletxe plazan, eta 12:00etan Gasteizko Posta plazan.

CCOOko idazkari nagusi Loli Garciak, berriz, gutxietsi egin ditu ELAren eta LABen kritikak: «Elkarrizketa sozialetik ateratzen den edozein akordioren aurka jartzen dira». Behin-behinekotasuna amaitzeko «erreforma erradikala» dela uste du, eta ukatu egin du euskal itunek ez dutela lehentasuna izango, haien berme juridikoetan sartu gabe: «Nagusituko dira, bai noski».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.