Dena edo ezer ere ez

Theresa May bere ministro guztiak 'brexit'-erako estrategia bateratu baten alde jartzen saiatuko da gaur, jakinda onartutakoa EBrekin hitzartu beharko dela gero

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa, artxiboko irudi batean, Downing Streeteko egoitzaren sarreran. ANDY RAIN / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Apustu doble bat. Ziur aski, Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko prozesuan kontrola ez galtzeko geratzen zaion azkena. Theresa Mayk brexit-a gidatzeko formula adostu beharko du, gaur, erdibituta dagoen kabinete batekin. Eta hori gutxi balitz bezala, proposamen hori saldu beharko die gero beste 27 estatu kideei. Atakan, Mayren ibilbide politiko bera dago.

Bi urte igaro dira Erresuma Batuko biztanle gehienek —zehatzago, Ingalaterrakoek eta Galeskoek— irteeraren alde bozkatu zutenetik. Blokea uzteko egun ofiziala ere jarrita dago: 2019. urteko martxoaren 29a. Espero zitekeen honezkero prozeduraren eta etorkizuneko harremanaren oinarriak ezarrita egongo zirela, baina bistakoa da atzerapena. Ezinezkoa izan da. Mayren alderdi kontserbadorea ez da gai izan adosteko zer lortu nahi duen negoziazioen bidez. Tory-en barruko botere gatazkak ernegatuakditu batasuneko beste herrialdeak, negoziazio erabakigarriei heltzeko unearen esperoan.

Egutegia estutzen hasi da, eta zirt edo zart egiteko eguna iritsi zaio Mayri. Lehen ministroak bere udako bizilekua, Chequers,aukeratu du gaur bere gobernua biltzeko. Batzar horretan, brexit-a zuzentzeko liburu zuria onartzea eta horren alde egitea eskatuko zaie ministro guztiei. Orain arte posible izan ez dena egingarria den edo ez ikusteko eguna da.

Ez da erraza izango. Kabinetea, praktikan, erdibituta dago. EBrekin izan beharreko loturari buruzko iritzi ezberdinek zatitu dute. Batasunetik ateratzea ahalik eta garbiena izatea defendatzen dute erreferendumean irteeraren aldeko kanpaina bultzatu zuten ministro nagusiek: Boris Johnsonek, Michael Govek eta David Davisek. Aurrez aurre dituzte brexit-aren forma leunena babesten dutenak. Horien buru, Phillip Hammond Ogasun ministroa.

Non kokatzen da Theresa May? Teorian, gobernuak hasieratik idatzi zituen marra gorriei eusten die lehen ministroak. Hala berretsi zuen joan den astelehenean. «Brexit-ak brexit-a esan nahi du» esaldiarekin laburbiltzen da jarrera hori. Alegia, Erresuma Batua aterako da merkatu bakarretik eta aduana batasunetik, ez da EBko Justizia Auzitegi Nagusiaren jurisdikzioaren parte izango, eta blokeko herritarren mugimendu askea amaituko da. Tesi argia da, baina arazo bat du: ez da posible. Ez, behintzat, prozesua abiatzerakoan adostu zen beste marra gorri bat urratu nahi ez bada: Irlanda berriro bitan banatuko zukeen muga fisikoa berriro indarrean jartzea.

Zer egin Irlandarekin

Kontu teknikoa dirudi, baina aduanekin zer egin bihurtu da Mayren buruhausterik handiena. Funtsean, merkatu bakarra izatetik aparte, aduana bateratu bat da Europako Batasuna. Hau da, kanpotik iristen zaizkion produktuak kontrolatu behar ditu mugetan, eta, hala badagokio, inportazio tasak kobratu. Ondoren, ondasun horiek blokearen barruan aske mugitzen dira.

Aduana batek esan nahi du leku batean edo bestean muga bat egon behar dela. Muga fisiko bat. Irlandako arazoa sortzen da hor. Erresuma Batua —Ipar Irlanda barne— aduana batasunetik ateratzen bada, nola kontrolatuko dira ondasunak Irlandako irlan dauden bi jurisdikzioetan muga bat jarri gabe?

Gaiak merkataritza harremana gainditzen du. Mugarik gabeko Irlanda bat Ostiral Santuko bake akordioen zutabeetako bat da. Hori dela eta, EB salbuespen bat egiteko prest agertu da. Muga berriro eraiki ez dadin, Ipar Irlanda aduana batasunean segitzea proposatu du. Bruselako negoziatzaileen formula gogokoena litzateke muga hori Britainia Handira lekualdatzea. Hots, aduana kontrolak soilik Britainia Handia uhartera sartzeko jartzea, Ipar Irlanda kanpoan utzita.

Mayk erabat errefusatu du aukera hori. Uste du herrialdeko batasun konstituzionala hautsiko lukeela. Presioa ez zaio falta fronte horretan: tory-ek Westminsterren duten gehiengo ahula DUP alderdi unionista nagusiak sostengatzen du, eta nekez onartuko du halako irtenbide bat.

Horiek horrela, Bruselak bueltan jaurti zion pilota lehen ministroari. Aduana batasunetik aterako bada, Erresuma Batuari dagokio korapiloa askatuko duen formula egingarri bat aurkeztea. Hori da gaur Chequerseko bileran eztabaidatuko den gai nagusia. Hori da batasuneko liderrak itxaroten ari direna.

Aduana elkarte berri bat

Gobernuak heldu den astean argitaratuko du liburu zuria. Haatik, astearen joanean filtrazio ugari atera dira, Mayk aurkeztuko dituen ideiei buruz. Aduanari dagokionez, lehen ministroak aduana elkarte berri bat sortzea proposatuko du. Horretan, EBra doazen baina Erresuma Batutik igarotzen diren produktuen tasak kobratuko lituzke, eta ondoren ordaindu. Gainera, Erresuma Batuko produktuei sarbidea errazteko, batasunean onartutako arauak eta estandarrak bere egingo lituzke. Azken hori bermatzeko, EBko Justizia Auzitegiari jurisdikzioa onartuko litzaioke, azken erabakia merkataritza li- breko akordioetan egoten direnen pareko auzitegi bati ematea planteatuko badu ere. Praktikan, aduana batasunaren barruan jarraituko luke Erresuma Batu osoak, baina ofizialki barruan gabe.

Hari fin baten gainean zabuka ari da May. Proposamen horrek brexit gordinaren aldekoak asaldatuko lituzke, EBren arau eta erabaki asko orpoz orpo segitzea esan nahi duelako. Europan ere bekain asko altxaraziko ditu. Londresek segitu nahi du blokearekin ondasunak libreki salerosten, baina, oraingoz, EBk esana du estatus berezi hori soilik Ipar Irlandari onartuko diola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.