Diru publiko-pribatua, «enpresa traktoreak» hauspotzeko erregai

Jaurlaritzak funts bat sortu du, 250 milioi euroraino irits daitekeena, enpresa gihartsuei laguntzeko. Beste funts publiko batek 100 milioi izango ditu, euskal konpainia handien errotzea ziurtatzeko

Ezkerretik eskumara, Azpiazu eta Tapia sailburuak, Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, atzo, Gasteizen. A. RUIZ DE HIERRO./ EFE.
Jon Fernandez.
2018ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Gurpil oparoaren teoria aldarrikatu du, beste behin, Eusko Jaurlaritzak. Industriako enpresa osasuntsuak diru publikoz laguntzen baldin badira, ehun ekonomikoa sendotzen da, euskal enpresa handiak berton sustraitzen dira, tokiko enplegua bermatzen dute, aberastasuna sortzen da, eta, funtsean, ongizate estatua ziurtatzen da. Gurpil oparoa ez da berez mugitzen, eta hura elikatzeko eta mugiarazteko bi tresna finantzario berri aurkeztu zituen atzo Iñigo Urkullu lehendakariak, ekonomiaren esparruko Arantxa Tapia eta Pedro Azpiazu sailburuen laguntzarekin: batetik, arrisku kapitaleko funts publiko-pribatu berri bat sortuko dute, 2019an 250 milioi euroraino ailegatu daitekeena, ahalmen teknologikoa eta nazioartekotze ahalmena daukaten euskal enpresetan inbertitzeko; eta, bestetik, Socade funts publikoa berrantolatuko dute, euskal enpresa handien akzioak erosteko, haien erabakietan eragina izateko eta herrialdean errotuta jarraituko dutela ziurtatzeko.

Gurpilak bi norabideetan funtzionatu behar lukeela ohartarazi du Urkulluk: «Finantza politika berri honen bitartez, euskal gizartearen babesa ari gara adierazten enpresa munduari. Baina, aldi berean, gizarteak enpresa munduari eskatzen dio eutsi diezaiola jarduerari, eta, batez ere, enpleguari, noiz eta, aldi berean, hazkunde ekonomikoa eta ziurgabetasuna bizi dugun une honetan».

Bi tresna finantzario berriak enpresa osasuntsuenei laguntzeko diseinatuta daude. Tapiak aitortu du egoera zailean dauden konpainiak badaudela eta haiei ere lagundu behar zaiela, baina gaineratu du osasuntsuen daudenak hauspotuta traktore lana egin dezaketela, inguruko enpresa txikiak ere indartuz.

Hain justu, «enpresa traktoreetan» inbertitzeko erabiliko dute arrisku kapitaleko funtsa. Egitasmo publiko-pribatua da, nagusiki pribatua. Ziurtatuta dago 125 milioi euro izango dituela, baina Jaurlaritzak uste du datorren urtean, bete-betean martxan hasten denean, 250 milioi euroraino igo daitekeela kopurua.

Lankidetzan sortu dute funts berria, eta auzolanaren ereduarekin lotu du Urkulluk: «Euskadiren etorkizuna lankidetzaren bidetik joango da». Jaurlaritzarekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek parte hartuko dute funtsean, baita Kutxabankek, Bankoak, Mondragon taldeak, Lagun Arok eta Itzarrik ere.

Baina funtsaren bihotza ez dute bakarrik horiek osatuko, funtsean sartzeko azken erabakia berrestear daude honako erakundeok ere: Sabadell, Santander, BBVA, Nafarroako Rural Kutxa eta Caixabank bankuak, eta Elkarkidetza eta Geroa BGAE borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak.

Instituzio bakoitzak funtsera egingo duen ekarpena bi eta hamar milioi euro bitartekoa izango da, eta funtseko inbertsioen onuradunak 50 eta 250 milioi euro bitartean fakturatzen duten enpresak izango dira, eta 10 milioi eurotik gorako Ebitda daukatenak. Funtsak enpresa bakoitzean inbertitutakoa ez da izango haren %10ekoa baino handiagoa. Inbertsioa hiru eratan gauzatu daiteke: kapital gisa, zor bihurgarri gisa edo mailegu parte-hartzaileen bidez.

CAFekin hasitako bidean

Beste finantzaketa tresna nagusia Socade da, eta funts erabat publikoa izango da. Funts horretarako, Jaurlaritzak 100 milioi euro jarriko ditu, eta diru hori erabiliko du euskal konpainia handietako akzioak erosteko. Behin jabetzaren zati bat bereganatuta, enpresa horietan «irauteko bokazioa» daukala argitu du Tapiak. Izan ere, Socaderen azken helburua da Jaurlaritzak haien garapenean eragin ahal izatea eta Euskal Herrian sustraituta jarrai dezaten bultzatzea. Gasteizko gobernuan kezka handia eragin du urteotan Guascor, Gamesa eta ITP enpresa handiak atzerriko taldeen menpe geratu izanak, eta erabakiguneen ihes hori saihestu nahi du.

Edonola ere, Socade funtsaren filosofia ez da berria. Jaurlaritzak joan den urtarrilean eman zuen lehen pausoa norabide horretan, Beasaingo CAF trengilearen akzioen %1,24 erosita.

Bi finantza tresna berriez gain, enpresentzako finantzaketa politika berrantolatu du Lakuak. Besteak beste, leihatila bakarraren sistema ezarriko du: enpresek errazago eta azkarrago eskuratuko dituzte laguntzak, eta Jaurlaritzak automatikoki izango du enpresetan dauzkan arriskuen ikuspegi orokorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.