Kosovoko eta Serbiako gobernuak mugak aldatzea ari dira aztertzen

Kosovo iparraldea Serbiaren menpera pasatzea, eta Serbian gehiengo albaniarra duten udalerriak Kosovon sartzea proposatu dute. Kosovoko presidenteak «mugaren zuzenketa bat» lortu nahi du

Kosovoko eta Serbiako gobernuak mugak aldatzea ari dira aztertzen.
mikel rodriguez
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Marra gorri bat zeharkatu edo ez, hori ari dira aztertzen Kosovoko eta Serbiako gobernuak. Bi herrialdeetako agintariek azken egunotan jendaurrean adierazi dute bi herrialdeen arteko mugak aldatzeko aukera eztabaidatzen ari direla. Hedabide batzuek argitaratutakoaren arabera, Kosovoko iparraldearen zati bat, biztanle gehienak serbiarrak dituena, Serbiaren kontrolpera pasatzea litzateke aukeretako bat, eta Hashim Thaci Kosovoko presidenteak errandakoaren arabera, Serbiako Presevo haraneko hiru udalerriak Kosovon sartzea litzateke bertze aldaketa —biztanle gehienak albaniarrak dira hor—. «Ez da Kosovoren partizio bat, serbiarrekin lurraldea trukatzea edo autonomia ematea; mugaren zuzenketa bat da, eta Kosovo nazioarteko mekanismo guztietan onartzea», idatzi zuen Thacik Facebook sare sozialean duela astebete.

Helburua hori dela are argiago utzi zuen herenegun bertan, Presevo haraneko hiru udalerrietako «liderrei eta herritarrei» Facebooken idatzi zien bertze mezu batean Kosovorekin «bat egiteko helburu komunaren alde» egoteagatik. Presevo, Bujanovac eta Medvedja dira hiru udalerri horiek —85.000 biztanle inguru guztiek batera—. 1999ko ekainean, hain justu Kosovoko gerra bukatu eta berehala, UCPMB Presevo, Medvedja eta Bujanovac Askatzeko Armada izeneko talde armatua sortu zen, harana Kosovora batzeko helburuarekin. Gatazka armatua 2001ean bukatu zen, statu quo-an inongo aldaketarik eragin gabe.

Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak ez du Presevo haranari buruzko deus aipatu, baina joan den astean jendaurrean adierazi zuen mugak negoziatzen ari direla. «Horren alde nago, eta hori da nire politika. Tratu ezberdina duen lurralde bat edukitzea, ideia argi bat eduki gabe zer den zeinena, beti izan ohi da gatazka iturri bat», adierazi zuen Kosovorekiko harremanak zertan diren azaltzeko Belgraden eman zuen prentsaurreko batean.

Bi agintariak, Vucic eta Thaci, elkarrizketa prozesu batean daude EB Europako Batasunaren bitartekaritzarekin. «Harreman normalak» ezartzea exijitzen die EBk, batasuneko kide izan nahi badute. Uztailean egin zuten azken bilera, eta bi aldeek adierazi zuten emaitzarik gabe bukatu zutela. Heldu den hilean berriz elkartzekoak dira.

Bi agintariek mugak aldatzeko aukera aipatu izanak ekaitz politiko bat eragin lezake. Ramush Haradinaj Kosovoko lehen ministroak berriki erran du mugak «gerrak marraztu» zituela, eta «soilik gerra bidez» aldatu litezkeela. Oposizioko alderdi nagusiaren ustez —LDK Kosovoko Liga Demokratikoa—, Thacik Presevo haraneko albaniarren «sentimenduak, emozioak eta eskubideak manipulatu ditu».

Merkelen ezezko borobila

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrari herenegun galdetu zioten gaiari buruz: «Mendebaldeko Balkanetako estatuen lurralde batasuna ezarrita dago, eta ezin da urratu. Behin eta berriz erran behar da hori, behin eta berriz ikusten ditugulako ahaleginak mugen inguruan solas egiteko, eta hori ezin dugu egin». Hori erran zuen Denis Zvizdic Bosnia eta Herzegovinako lehen ministroarekin batera Berlinen eman zuen prentsaurrekoan. Izan ere, Kosovon eta Serbian mugak aldatzeak eragin zuzena izan lezake Bosnian, federazioa batasun ahul batean oinarritzen baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.