Tiro hotsak, isiltzekotan

Lau hilabeteko erasoaldiak amaitu, eta Ekialde Hurbileko zenbait hedabidek jakinarazi dute urtebeteko su-etena hitzartu dutela Israelek eta Hamasek Gazan

Kamioiak, muga irekitzeko zain Kerem Shalomen, atzo, Gazaren eta Israelen arteko mugan. MOHAMED IBRAHIM /EFE.
2018ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Berretsi ez badute ere, eta aldi baterako bada ere, isildu dira tiro hotsak Gazan. Israelen eta Hamasen arteko su-etena iragarri dute Ekialde Hurbileko zenbait hedabidek. Israelek oraindik ez du berria baieztatu, baina, hango hedabideek jakinarazi dutenez, Israelek eta Hamasek su-etena negoziatu dute Kairon, Egipto eta NBE Nazio Batuen Erakundea bitartekari zirela, martxoan hasitako etenik gabeko erasoaldiei amaiera emateko. 2014ko erasoaldietatik, hilabete odoltsuenak izan dira azken laurak. Israelgo hedabideek nabarmendu dute «akordio zabalak» ari direla egiten, ez soilik su-etenaren inguruko baldintzak hitzartzeko, Gazako lurraldea berreraikitzeko ere balioko du hitzarmenak. «Bakea bakearen truke», horixe da Kairoko akordioen funtsa. Akordioa berretsiko balitz, azken hamarkadako erabakirik garrantzitsuena izango litzateke Gazarentzat, 2014tik hitzarmenen baten eske ari baitzen Gazako talde islamista.

Haaretz Israelgo egunkariak esan du abuztuaren 12an onartu zutela su-etena. Al Mayadeen Libanoko hedabideak ziurtatu du herenegun ireki zuten Kerem Shalom Gazara merkantzia garraiatzeko Israelen eta Gazaren mugako pasabide bakarra akordioetan zehaztutako lehen baldintza dela. Avigdor Lieberman Israelgo Defentsa ministroak esan du «azken aldiko barealdiaren ondorio» dela bidea berriz ireki izana. 700 kamioik zeharkatu zuten muga herenegun. Israelek eta Egiptok ezarritako blokeoak itota daukan Gazako ekonomia suspertzeko oinarrizko materiala da garraiatu den lehen merkantzia: eraikuntzako materiala, animalien janaria, oihalak, erregaia... Uztailaren 9tik itxita zegoen pasabidea, Hamasek mugako Israelgo indarrei eraso egin zienetik.

Lurreko pasabideaz gain, itsasoko pasabidea ere zabaldu dute. Orain arte, itsasoko muga hiru itsas miliatan zegoen zehaztuta, baina, akordioen ondorioz, bederatzi miliataraino zabaldu dute. Itsasbide bat ere zabalduko dute Gazaren eta Zipreren artean. Hala eginez gero, blokeoaren gaineko berrikuntza handia litzateke. Hala ere, joan-etorriak Israelek gainbegiratuko ditu. Datozen asteetan, laguntza humanitarioa jaso ahal izango du ostera Gazak, eta osasun zerbitzuak indartuko dituzte. Azpiegitura nagusiak ere berreraikiko dituzte, hala nola espero da ospitaleak eta eskolak eraikitzea. Urteetan eztabaidagai izan duten presoen herriratzea ere adostu dute. 2014tik Gazan dituen Israelgo bi soldaduren gorpuak itzuliko dizkio Hamasek Israeli, eta trukean, Israelek hainbat preso emango dizkio Hamasi.

Gainontzeko guztia betetzean, aireportuen eta itsas portuen egoerak aztertzeko batzartuko dira Hamas eta Israelgo agintariak. Egun, Israelek kontrolatzen ditu Gazako itsas portuak. Aireportua, berriz, 2001ean suntsitu zuen Israelek.

Su-etenaren sustraiak Itzuleraren Martxan daude errotuta. Martxoaren 30etik, astero manifestazioak egin dituzte Gazako biztanleek Israelgo mugan, 1967an ihes egin edo kanporatuak izan ziren palestinarren itzultzeko eskubidea aldarrikatzeko. Gutxienez, 160 palestinar hil, eta 17.000 zauritu dituzte Israelek manifestarien aurka eginiko erasoetan.

Gazako blokeoaren indarra

Hamasek Gazako agintea hartu zuenetik, lurraldearen ekonomiak okerrera egin du blokeoaren eraginez. Bi milioi palestinarren bizilekua da Gaza, baina biztanleen bi heren laguntza humanitarioari esker bizi dira. Langabezia ia %45ekoa da, eta etxe askotan ez dute elektrizitaterik, ez ur edangarri nahikorik. NBEren aurreikuspenen arabera, 2020rako ez da bertan bizitzeko egokia izango lurraldea, egoera aldatu ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.