Hiru ikaslek jasandako abusuen berri izan dute Bilboko jesuitetan

Biktimek ez dute salaketa jarri. Joan den ikasturtean kontatu zioten eskolari jazotakoa, eta hark azaroan jakinarazi zuen. Ikastetxera jotzeko eskatu diete balizko beste biktimei

Jesuitek Bilboko Indautxu auzoan duten Begoñako Andra Mari ikastetxea. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Adingabeen aurkako sexu abusu gehiagoren berri izan dute Euskal Herriko Eliza katolikoaren inguruan. Bilboko Indautxu auzoan jesuitek duten Begoñako Andra Mari ikastetxeak hiru kasuren berri eduki zuen iaz. Azaroan eman zuten horren berri, baina atzo zabaldu zen hedabideetara. Hiru ikasle ohi dira biktimak. Duela 30 urte inguru egin zieten abusu, eta erasoak egotzitako irakaslea hilda dago. Hala azaldu dio BERRIAri zentroko zuzendari Jorge Urrutiak. Ikasle ohiek ez dute salaketarik jarri gura izan, ez Polizian, ez Elizan. Ertzaintzak baieztatu du ez duela salaketarik jaso.

Zuzendariak kontatu duenez, 2017-2018ko ikasturtean abusuak ikertzeari ekin zion ikastetxeak. «Jesusen Lagundiak sexu abusuen aurka martxan ipinitako prozeduraren barruan, ikasle ohi batzuek kontatu ziguten eurei zer gertatu zitzaien duela 30 urte inguru. Ez zuten inork jakiterik nahi nor diren. Beraz, haien intimitatea babesteko, ez dugu abusuen inguruko daturik eman. Erabaki genuen ohar orokorrago baten bidez ematea haien berri». Hala, 2018ko azaroaren 15ean jakinarazi zituzten abusuak, gurasoei bidalitako ohar batean. Egun hartatik ikastetxearen webgunean dago eskegita: sartu eta parez pare ageri da. «Dirudienez, gaur [atzo] kazetariren batek ikusi du oharra, eta horrela sortu da albistea». Zuzendaria bera Madrilen harrapatu zuen berriak, lan bidaia batean.

Adingabeak babesteko konpromisoa du izena agiriak. «Iraganean hezitzaile batek gehiegikeriak egin zizkiela adieraziz jaso diren lekukotzen ondorioz, Begoñako Andra Mari ikastetxeak hasi nahi duen lana partekatu nahi du hezkuntza komunitate osoarekin». Urrutiaren esanetan, ohar horren asmoa izan zen kasu gehiagoren berri jakitea; balizko biktimak eurengana jotzera animatzea. Azaroan argitaratu zutenetik ez dute beste kasurik ezagutu. Uste du orain testuaren edukia hedabideen bitartez zabaltzeak mesede egingo diela: «Ikasle ohi guztiengana iristen lagunduko digu». Abusuen inguruko ikerketak, bada, zabalik segitzen du.

Oharraren arabera, «entzuteko eta harrera egiteko lana» jarri du martxan eskolak, eta martxan dute «zentroan egon daitezkeen balizko jazarpen kasuak prebenitzeko eta tratatzeko» lana ere. Eskolak helbide elektroniko bat sortu du halako salaketak egiteko. «Gure inguruan gehiegikerien biktima izan dela sentitzen duen pertsona orok gure ikastetxean entzuna izateko eta harrera egiteko gune bat izatea nahi dugu».

Ikastetxearen ustez, sexu gehiegikeriak errotik kentzen lagundu dezakete eskolek. «Seguru gaude alor horretan egunero egiten ditugun ahaleginek fruituak ematen dituztela». Urrutiaren esanetan, beste helburu bat ere badu mezuak: «Prebentzio neurri izatea nahi dugu, etorkizunean halakorik ez gertatzeko; norbaitek abusatzeko asmorik balu, jakin dezala ikastetxeak salatuko duela». Erantsi du Jesusen Lagundiak abusuei aurre egiteko protokolo bat duela.

Hiru apaiz identifikatuta

Ez da atzo zabaldutako abusu kasu bakarra. Bilboko Gotzaindegiak 2017an abiatutako barne ikerketa baten ondorioak jakinarazi zituen: hiru apaizek adingabeei egindako ukituen berri izan dute; hirurak hilda daude. Horietako bat Derioko seminarioan jardun zen, eta, 2011n argitaratutako liburu baten arabera, gutxienez bederatzi apaizgairi egin zizkien abusuak 1960ko hamarkadan; aste honetan Argia-k ekarri du gogora auzia. Bilboko Elizbarrutiak «askatasun sexualaren aurkako jokabide oro» gaitzetsi du, eta «gardentasunez» aritzeko konpromisoa hartu du.

Tantaka-tantaka azaleratzen ari dira azken hamarkadetan gertatutako abusuak. Joan den astean, Garesko (Nafarroa) Erreparaziokoen ikastetxean ikasi zuten anaia biren kasua atera zen hedabideetara. Bietako batek kontatu zuen elkarrizketa batean abade batek abusuak egin zizkiola, eta gero jakin zuela anaia ere biktima izan zela: bere buruaz beste egitean idatzita utzi zuen bere lekukotza. Donostiako Elizbarrutiak ere joan den astean aitortu zuen beste lau apaizen kontrako salaketak jaso dituela azken bi urteetan.

Bilbon, berriz, Deustuko salestarren 30 ikasle ohik Jose Miguel San Martin irakasle ohia salatu zuten urtarrilean. Abusuok ezkutatu izana egotzi diote ordenari eta Elizari. Hain zuzen, horrela jarduteagatik zigortu du Frantziako justiziak Philippe Barbarin Lyongo gotzaina: sei hileko espetxe zigorra ezarri diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.