Albistea entzun

Urtarrilaren 30ean izango da «pentsioak eta bizitza duina» defendatzeko greba orokorra

«Mobilizazioetan jauzi kualitatibo» bat emateko garaia dela uste du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak. Lehen lanuzte orokorra izango da 2013az geroztik
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kideak, atzo, Bilbon. Hizketan, pentsiodunen mugimenduko Arantxa Corrales eta Txomin Lorca.
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kideak, atzo, Bilbon. Hizketan, pentsiodunen mugimenduko Arantxa Corrales eta Txomin Lorca. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko azaroak 27 - Bilbo

Greba orokorra urtarrilaren 30ean izango da. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak atzo jarri zion eguna lanuzteari. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren eskutik, mobilizazioetan «jauzi kualitatibo» bat emateko garaia dela uste du, «pentsio publikoen, enpleguaren eta bizitza duinaren alde». Mobilizazioetara deitu dute Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleetan.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak urrian egin zuen publiko greba deialdia egiteko asmoa. Hartaz geroztik, erakunde askorekin bilerak egin ditu proposamenak entzun eta atxikimenduak biltzeko. Azken bilera atzo bertan egin zuten, Bilbon, Bolsa eraikinean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, eta elkarteko horretako kideek jakinarazi zuten greba eguna.

«Aberastasunaren bidezko banaketa, pentsioen sistema publikoaren defentsa eta eskubide sozialen aitortza ez dira promesekin lortuko; ekintzak beharrezkoak dira pentsioen, eskubide sozialen eta soldaten bitartez bizi baldintza duinak bermatzea nahi badugu». Arantxa Corral pentsiodunen mugimenduko kideak egin zuen mobilizazioaren aldarria, eta zortzi eskaera egin zizkien «Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei eta patronalari». Horietako batzuk oso zehatzak dira: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata; 40 urtez kotizatuz gero, kenkaririk gabeko erretiroa; eta lan erreformak eta pentsioen erreformetako neurri murriztaileak ezabatzea.

Greba deialdi ofiziala, dena den, gutuneko kide diren sindikatuek egin dute: ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek, EHNEk eta Hiruk. CNT gehitu zaie, baita Ikasleen sindikatua, Ikasle Ekintza, Ernai eta Eragin ere. Deialdiari «atxikimendu osoa» erakutsi dioten eragile askok egin dute bat grebarekin: Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Euskal Herriko mugimendu feministak, Harro LGTBi plataformak, Etxeko Langileen Elkarteak, PAH Bizkaia-Kaleratzerik ez-ek, Argitan-ek, Berri Otxoak bazterketa sozialaren aurkako elkarteak... Atxikimendu bilketa oraindik irekita dago eta zerrenda luzatzea espero dute.

Pentsiodunen efemeridea

Urtarrilaren 30 efemeride borobila da pentsiodunen mugimenduarentzat, 2018ko egun horretan egin baitzuten «pentsio duinen» aldeko lehen mobilizazio handia Bilbon. Hartaz geroztik astelehenero egin dituzte kontzentrazioak, eta baita manifestazio handiak ere ziklikoki, azkenekoa iragan hilaren 16an. Bada, urtarrilaren 30en berriz ere «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kaleak betetzera» deitu zuen Corralek. Ez zuten mobilizaziorik iragarri Ipar Euskal Herrirako.

Urtarrilekoa azken sei urteetan Euskal Herrian egingo den lehen greba orokorra da. Azkenekoa 2013ko maiatzaren 30ean izan zen. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CNT sindikatuek deitu zuten, eredu sozial eta ekonomiko propioa eskatuz. Greba orokor askoko aroa izan zen hura, zazpi deitu baitzituzten aurreko lau urteetan, horietako hiru 2012an —martxoaren 29an, irailaren 26an eta azaroaren 14an—. Hartaz geroztik egindako lanuzte handiena aurtengo martxoaren 8koa izan da, mugimendu feministak deiturikoa.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Whatsapp mezuak, lan harremanen erdigunean
 ©BERRIA

AURPEGIRIK GABEKO UGAZABA

Imanol Magro Eizmendi

Langileen datuekin elikaturiko algoritmoak eta adimen artifiziala bete-betean sartu dira lan harremanetan. Zein langile hartu, zein kaleratu eta halako erabakiak programa informatiko baten ondorioen menpe egon daitezke. Ikerlariek diote haien ustezko objektibotasuna ez dela erreala.
Langile bat eskuak aurpegian dituela, atsekabe keinua egiten, ordenagailuaren aurrean. ©CCO

Ostikada digitalaz kaleratuak

Iñaut Matauko Rada

Mezularitza tresna berrien bidezko kaleratzeak ugaritzen ari dira azkenaldian, eta sindikatuetako zerbitzu juridikoek nabarmendu dute modu hori ez dela legezkoa.
 ©CCO

Deskonexio digitala, langileen eskubidea

Iñaut Matauko Rada

Mundu hiperkonektatu honetan, gero eta zailagoa da etengabeko interakziotik ihes egitea. Hegoaldean, 2018ko eskubide digitalen lege organikoak dio langileek eskubidea dutela lanetik kanpoko deiei eta mezuei ez erantzuteko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.