ELAk salatu du Bizkaiko metalgintzako patronalarekin bildu zirela beste sindikatuak

Batasun sindikala haustea egotzi dio FVEMi, eta haren erruz ituna ez dela behar adina hobetu. Besteak beste, salatu du ABLEei ez zaiela mugarik jarri
Mikel Bilbao eta Mikel Etxeberria ELAko negoziatzaileak, atzo, Bilbon.
Mikel Bilbao eta Mikel Etxeberria ELAko negoziatzaileak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko abenduak 4
ELAk «atsekabetuta» bukatu du Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren akordioaren negoziazioa. Sindikatu horren ustez, borroka historikoa izan dena «nahikoa ez» den itun batekin amaitu da, eta FVEM patronala «oso ahul» zegoela ez da baliatu baldintza hobeak lortzeko. ELAren arabera, hitzarmena sinatu duten sindikatuek —CCOOk, LABek eta UGTk, ordezkaritzaren %58,42k— «giltzarri» ziren planteamendu batzuei uko egin diete. Hori FVEMen azpilanaren ondorio izan dela uste du, Lan Harremanen Kontseilutik kanpo «negoziatu» duelako sindikatuekin. Horrenbestez, bukatutzat eman du sektoreko hitzarmen hobea lortzeko borroka, eta hitzarmen propioa duten enpresetako baldintzak hobetzean jarriko du arreta aurrerantzean.

«Ez nuke traizio hitza erabiliko», zehaztu zuen atzo Roberto Etxeberria ELAko ordezkariak. Etxeberria eta Mikel Bilbao negoziazio mahaian egon diren sindikatuaren arduradunetako bi dira, eta euren bertsioa eman zuten atzo. Traizioa ez, baina «pena» bai. «Azaroaren 26ko bileran aurreneko aldiz irakurri genuen patronalaren eskaintza berria, eta bertan jabetu ginen aurretik bilduak zirela beste sindikatuekin». ELAren ustez, «negoziazio» horiek erabakigarriak izan ziren sindikatuen arteko batasuna «hausteko», eta orduan hasi ziren eskakizunak murrizten FVEMekin akordioa lortu arte.

ELAren ustez, aukera historiko bat galdu da. Grebek eta langileen borrokak negoziazioak berpiztu zituzten —2011n amaitu zen aurreko hitzarmena—, eta maiatzaren 10ean bultzada handia jaso zuten negoziazio mahaiko lau sindikatuen akordioarekin. Azaroko bilerak erabakigarriak izan dira akordioan, baina, haien aurretik, urriaren 15eko bileran, ELAk hamar eguneko greba deialdia eskaini zien beste sindikatuei —azaroaren 25etik abenduaren 5era—; azkenean, zortzikoa egitea erabaki zuten. Bilera erronda hasi eta iragan astean, lehen greba egunaren bezperan, CCOOk, LABek eta UGTk aurreakordioa adostu zuten FVEMekin. ELAren ustez, lorturiko baldintzak «batasun sindikalean adosturikoak baino okerragoak dira».

Zeintzuk dira, bada, ELAk onartu ez dituen baldintza horiek? Sindikatuko negoziatzaileek hainbat arrazoi eman zituzten. ELArentzat aurrerapena egon da tauletako soldata igoeretan, baina ezinbestekoa ikusten du Bizkaian gutxienekotik gorako soldatak dituzten langileen egoera «argitzea». Soldatekin batera, negoziazio horrek izan duen talka handia zerbitzu kontratuen subrogazioa izan da, eta, ELAren ustez, egin diren hobekuntzak ez dira nahikoa. Kontratu publikoetan eta mantentze lanetako azpikontratetan egongo da bakarrik, eta sei hilabeteko antzinatasuna duten langileentzat. Horrek, «lan bizitzari egonkortasuna emango liokeen eskubiderik gabe» uzten ditu lankiderik «prekarioenak». Besteak beste, telefonista, banatzaile eta biltegietako langileak dira.

Lanaldi murrizketarik ez

ELAren ustez, hitzarmenak duen gabezia handienetako bat da ez diotela mugarik jarri ABLE aldi baterako lan enpresen erabilerari. Sindikatuen lehen eskaintzan, salbuespen egoeran bakarrik erabiltzea proposatu zuten, eta inoiz ez hamar egun baino gehiagorako. Puntu garrantzitsua da, sektorean oso ohikoa baita behin-behineko langileak ABLE bitartez kontratatzea.

Lan hitzarmen berriak, bestalde, ELAren arabera, ez du eduki positibo berririk ez lan osasunean, ezta genero berdintasunaren arloan ere. Lanaldi murrizketarik ere ez du jasotzen. Azkenik, hitzarmenean lan erreformen aurretikoa den ez-aplikazio klausula bat sartu dute, beharrezko arbitrajea ahalbidetuko lukeena, eta enpresa batzuei hitzartutakoa ez ezartzeko aukera eman diezaiekeena. Horrelakoak onartzearen aurka dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna